Live
Kapitulu honetan kontatuko dizuegunak mereziko luke film bat. Badu abentura, mendekua, tiroak eta dinamita. Badu David eta Goliatetik pixka bat, zoritik asko. Bidegurutzeak beti dira erabakigarriak, eskuin edo ezker, bat ala beste, zirt edo zart, Urbieta eta Larramendi kaleetako bidegurutzean gertatutakoak baldintzatuko zituen 1936ko uztaileko Estatu kolpeko lehen egunak. Josetxo Otegi historialaria da, eta hura bidelagun, aletzen joango gara uztaileko egun horietan gertatutakoa.
Iruñean ez bezala, militarrek ez zuten Donostia uztailaren 18an hartu. Giro nahasia bizi izan zen altxamendua jazo eta hurrengo orduetan, eta bi egun beranduago saiatu ziren militarrak Donostia hartzen. Nahi eta ezin. Haien ezusterako, anarkistak mobilizatu eta antolatu egin ziren eta barrikada bat prestatu Larramendi kalean. Hainbat orduz luzatu zen aurrez aurreko borrokaldiari ezin eutsi eta atzera egin behar izan zuten militarrek, Loiolara. Ia hilabete beranduago, irailaren 13an erori zen Donostia faxisten esku.
Gaur egun, saltokiz betetako kaleak dira Donostiako Larramendi eta Urbieta. 1936ko uztaila hartan bolbora usaina nagusitu zen, galtzada-harriak erauzi ziren, hareaz betetako zakuekin paretak altxa, dozenaka boluntario bildu, gehienak anarkistak... gertatutakoaren testigu dira auzoko eraikuntzen paretak, metraila zuloak denborak ez ditu higatu.
«Buen tiempo»
Iruñean eta Gasteizen kolpeak arrakasta izan zuen. Aurrez antolatutako militarrak kalera atera ziren matxinatutako zibilekin batera, baina Bilbon eta Donostian ez zen hori gertatu. Horrek ez du esan nahi konspirazioaren sustatzailerik egon ez zenik. Izan ere, ‘Diario Vasco’ egunkariak uztailaren 18an zehaztu zuen: «Hoy hará buen tiempo».
Historialaren arabera, «horrelako matxinada batek antolatuta egon behar zuen», baina Donostian ez zitzaien atera espero bezala. «‘Diario Vasco’-k ez du inoiz ukatu, baina ezinezkoa da argitaratutakoa aurkitzea. Ez dago artxiboetan 1936ko uztailaren 18ko alea. Baina badakigu existitu zela irailaren 14ko alean zioelako ‘como decíamos ayer, con buen tiempo’. Hori uztailaren 18an esaldi-gakoa argitaratu izanaren aitorpen bat da».
Donostia nola salbatu zen
Gerra hastear zegoeneko zurrumurrua hirian zabaldu zen. Uztailaren 21ean miliziano, mikelete, karabinero eta Loiolako militarrak goizeko 10.00etan Antiguan batzeko deia egin zuten (azkenak ez ziren agertu). «500 lagunez osatutako zutabe bat abiatu zen, gehienak milizianoak ziren, arma dendetatik hartutakoarekin. Asmoa zen Eibarrera joatea eta bertan Bilbotik zetorren beste zutabe batekin elkartzea, elkarrekin Gasteiz defendatzera joateko», dio Otegik.
Hiria hutsik geratu zela aprobetxatuz, matxinatuek hiriko eraikin estrategikoetan gotortu ziren: «Maria Cristina hotelean, Alde Zaharrean zegoen udaletxean, Gobernu Militarrean, Nautikoan eta Lasala plazako Itsas Komandantzian, adibidez».
Hori ikusirik, Donostiatik Eibarrera atera zen miliziano-zutabeari hirira itzultzeko eskatu zioten. Loiolako kuartelekoek zein aldera joko ote zuten misterio bat zen donostiarrentzat. Leon Carrasco Amilibia zen Donostiako komandante militarra garai hartan. Koronela zen eta bere ardurapean zegoen Loiolako artilleriako erregimendu astuna.
«Militarrak uztailaren 22an urbieta kaletik sartu nahi izan zuten, baina hiru orduz egon ziren borrokatzen anarkisten kontra. Ezin izan zuten euren erresistentzia apurtu. Fusilak, ametralladorak, morteroak... erabili zituzten barrikaden kontra, eta hala ere ezin izan zuten etxeko medioekin egindako erresistentzia», azaldu du historialariak.
CNTkoek presentzia handia zuten Amaran, eta auzoan tailer eta lantegi txiki ugari zeudelako. Trintxerpen ere presentzia handia izan zuten. CNTn langile konzientziak balio zuen ideologiaren gainetik. Lantegi eta etxeetan armak prestatzen hasi ziren. Errepideak ere altxatu zituzten barrikadak sortzeko, eta bertan izkutatu ziren milizianoak.
Baina erresistentziak iraungitze data zuen. «Muniziorik gabe gelditzen hasi ziren eta Guardia Zibilen kuartel hutsetara joan ziren arma gehiago hartzera, bertara joateko ahal izan zuten bezala ibilgailuak blindatuz», Otegiren arabera.
Eraso egiteko harriak besterik ez zituzten unean bertan, Gasteizera abiatutako tropak iritsi ziren Donostiara. «Lehen bait lehen itzuli behar zirenez, banatu egin ziren. Batzuk kamioietan toki desberdinetatik sartzeko, eta beste batzuk trenean. Azken hauek Morlansetik agertu ziren, militarren atzetik. Militarrek ez zuten halakorik espero eta ezin eutsi Loiolara itzuli ziren kamioi eta armak atzean utziz».
Kamioietan zetozenak Aldapetatik jeitsi ziren Donostiara, ‘Internazionala’ abesten. Modu epiko horrekin salbatu zen Donostia beste behin, irailera arte behintzat.