Live

NAIZ Irratia
Interview
Roberto Sanchez, Osakidetzako filtrazioak salatu zituen anestesista

«Osakidetzako zuzendaritzak osasun erakundea patrimonializatu nahi du»

Osakidetzako EPEn filtrazioak salatu zituen bigarren anestesista batek bere kargua utzi duela eman du jakitera ESK sindikatuak. Orain hilabete batzuk atzera hartu zuen erabaki bera Roberto Sanchezek ere. Berarekin hitz egin dugu aferaz.

Audio_placeholder

«Osakidetzako zuzendaritzak osasun erakundea patrimonializatu nahi du»

Loading player...
Egoera salatzeko Debagoieneko ospitalearen aurrean ESK-k egindako kontzentrazioa.
Egoera salatzeko Debagoieneko ospitalearen aurrean ESK-k egindako kontzentrazioa. (@ESKsindikatua)

ESK sindikatuak jakinarazi du Osakidetzako EPEan filtrazioa salatu zuen bigarren anestesista batek, Manoel Martinezek, bere lanpostua utzi duela Debagoieneko Ospitalean «jazarpen eta tratu txar instituzionalengatik», maiatzean Roberto Sanchez kideak egin zuen bezala. 

Sanchezekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta aurreratu digu ez duela sorpresaz hartu Martinezen erabakia; dio eurak kontrolpean izateko zuzendaritza aldatu zutela bere garaian, eta bere funtzioa betetzen ari dela. Modu askotara egin diete presio, horien artean, lan txandak baliatuta. Egoera salatzera iritsi zela kontatu du, baina zehaztu du abiatu zuten ikerketa ez zela izan «zuzendaritzaren jazarpena aztertzeko, langileen jarduna baizik».

Testuinguru honen aurrean, Gotzone Sagardui sailburuak adierazi du Osakidetzak berdin eta errespetuz tratatzen dituela bere langileak. Errealitatea bestelakoa dela aipatu du Sanchezek; Osakidetzako zuzendaritzak «osasun erakundea patrimonializatu» duela salatu du.

Zergatik hartu zenuen lanpostua uzteko erabakia?

Jendeak sistema oso barneratuta zuen. Mehatxuak jaso genituen. Dena baretu zen, baina Osakidetzako zuzendaritzako dimisioak eman ostean, gure ospitaleko zuzendaria berritu zuten. Gure ospital txikira Basurtoko ospitaletik zetorren pertsona bat jarri zuten, eta honen helburuetako bat gu kontrolpean izatea zela ikusi zen hasieratik.

Anestesiako zerbitzuburua kentzea lortu zuen bera jartzeko, anestesista ez den arren. Guardiak berak jartzen zituen, eta nire kasuan jartzen zizkidan min handien ematen zidanean; nik familia daukat eta agintzen zidan ostiraletik iganderako guardia, espediente bat zabaltzeko mehatxupean. Egin izan dut lan sei aste jarraian jai egunik izan gabe. Gure eguneroko lanean sartzen zen, eta pazientearentzat arriskutsuak diren praktikak gomendatzen zituen produktibitatea igotzeko.

Guk akosoa salatu genuen, baina Osakidetzaren erantzuna izan zen ikerketa bat irekitzea, baina horren helburua gure kontrako zerbait bilatzea zen. Jazarpena ontzat ematen zutela ikusi nuenean erabaki nuen dimisioa aurkeztea.

Sagarduik esan du Osakidetzak errespetuz tratatzen dituela bere langileak, eta ukatu egin ditu zuen salaketak.

ESK sindikatuarekin batera joan ginen Luisa Larraulirekin, Osakidetzako giza baliabidetako zuzendariarekin, hitz egitera. Azaldu nion jazarpen hau ezin nuela gehiago jasan eta nire bizitzan lehen aldiz baja bat hartu behar izan nuela; erantzun zidan ‘ez bazaude gustura, agian alde egin beharko zenuke’. Bestalde, esango dizuet beti bigilatuta izan gaituztela.

Darponek hau bazekien, mediku bezala egin duelako lan; ez bazekien, tontoa da, eta bazekien, maltzurra da. Hau gertatzea ahalbidetu zuen.

Osakidetzako auzia atera zenean barne ikerketa bat egin zen. Bertako grabaketa batzuk argitaratu zituen kazetari batek eta jende askok esaten zuen iruzurra egon zela, baina ikerketaren ondorioa izan zen ez zela iruzurrik egon. Osakidetzak ostrukak bezala egin zuen, ezkutatu. Osakidetzako zuzendaritzaz ari gara; beti esan dugu langileen maila izugarri altua dela. Zuzendaritzakoek denbora asko daramate hor. Nire ustez airea sartu behar da eta argi utzi behar da zerbait publikoa dela eta ez kudeatzen dutenena.

Anestesista izan aurretik Lehen Arretan aritu zinen, ez zenuen planteatu horra itzultzea?

Ez. Osakidetzaren kudeaketarekin oso gogaituta nago, eta gainera badakit nola dagoen Lehen Arreta. Gasteizko Alde Zaharretik oso gertu bizi nahiz eta niri dagokidan osasun zentroan badakit hiru postu kubritu gabe daudela. Hau da, bihar bertan joango banintz seguraski postu bat emango lidakete. Baina badakit ere zein egoeratan dauden zentro horietan. Beste egunean lankide batekin topo egin eta galdetu nion zer moduz. Negarrez hasi zen esanez goizeko txandan zegoen arren, egunero arratsaldeko 17.00etan edo 19.00etan ari zela etxera bueltatzen, ezin zituelako bere pazienteak utzi. Eta hori ez du inork eskertzen. Kontraz, Sagarduik ahal duen guztietan biktimizatzen ari garela esaten du. Populazioa zahartzen ari da eta ez da hobekuntzarik egin. Zerbait egin behar da.

Jaurlaritza Logoa