Live

Garazi Castaño

«Oso polita da Blanchettek hizkuntza ez-hegemoniko batean idatzitako poema bat jasotzea»

Cate Blanchett aktore australiarrak Kirmen Uriberen olerki bat erabili du pertsonai bat lantzeko inspirazio iturri moduan. Hala jaso du The New York Times hedabideak aktoreari egindako elkarrizketa batean. Pozez hartu du berria Uribek; hala azaldu dio NAIZ irratiari.

Audio_placeholder

«Oso polita da Blanchettek hizkuntza ez-hegemoniko batean idatzitako poema bat jasotzea»

Loading player...
Kirmen Uribe. (Jon URBE/FOKU)
Kirmen Uribe. (Jon URBE/FOKU)

Cate Blanchettek ‘Udako gau epela’ olerkian bilatu du inspirazioa pertsonai bat prestatzeko. Olerkia ‘17 segundu’ liburuko pieza bat da, 2019an argitaratua, Susa argitaletxearekin. Une berezian harrapatu du berriak ondarrutarra. Izan ere, duela astebete jakin genuen bere Bilbao-New York-Bilbao liburuaren ingelesezko edizioa merkatu estatubatuarrean aurkeztuko dela.

Ingelesezko bertsioa, New Yorkeko Elizabeth Macklin idazleak itzulia, Britaina Handian publikatu zen lehenik 2014ean, Saren Books argitaletxearen eskutik. Eta orain, Amerikako Estatu Batuetara iritsi da Coffe House Press-i esker.

Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberriarekin batera, nazioartean oihartzun handiena duen nobela da Bilbao-NY-Bilbao. 2009an Espainiako Estatuko Narratibako saria jaso zuen. Coffe House Press argitaletxe independenteak Spatial Species seriean gehitu du eleberria. Serie horretako lanetako tramek toki berezietan leku hartzen dute.

Uriberen kasuan, Bilbo eta NY-en arteko hegaldi batean. Laster ekingo dio aurkezpen-birari ondarrutarrak, Amerikako Estatu Batuetan edizio berria promozionatzeko. Idazleak ez du bere burua euskal kulturaren enbaxadoretzat, baina bere obraren bitartez euskal kulturari duintasuna eta ikusgarritasuna ematea espero du.

Jaurlaritza Logoa