Live

Interview
Karlos Etxeberria eta Itziar Usandizaga
Pentsiodunak

«Adinarekin eskubideak ez dira galtzen»

Adineko pertsonen nazioarteko egunaren bezperan, pentsioez, osasun sistema publikoaz nahiz erresidentziez aritu gara Karlos Etxeberria eta Itziar Usandizaga Galarraga pentsiodunekin.

Audio_placeholder

«Adinarekin eskubideak ez dira galtzen»

Loading player...
Pentsiodunen agerraldia, Donostian.
Pentsiodunen agerraldia, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Pentsiodunen mugimenduan buru belarri mugilduta dabiltza Karlos Etxeberria eta Itziar Usandizaga Galarraga. Adineko pertsonen nazioarteko egunean pentsiodunen aldarrikapen nagusiei begira jarri da eurekin NAIZ Irratia. Gizarteak adinekoak nola hartzen dituen galdetuta, Usandizagak uste du gehienek adinkeria eta aurkakotasuna jasaten dutela komunikabideen nahiz gizartearen aldetik. Adinarekin eskubideak ez direla galtzen aldarrikatuko dute biharko egunez eta adinekoek espazio propioak behar dituztela. Etxeberriak aldaketa nabari du, «lehen aiton amonak errespetu handiagoarekin tratatzen ziren, haien esperientzia oso kontuan izaten zen eta oso maitatuak ziren. Baina gaur egun, gizarte kapitalista honetan, denari etekina atera behar zaion honetan, bazterrean uzten dira adinekoak».

72.000 pertsona pobrezian

Pentsio duinen alde borrokan lau urte pasa daramatzate pentsiodunek. Dinamika indartsua abiarazi zuten eta denborarekin pentsioen inguruan soilik ez, beste hamaika gairen inguruan ere aldarrikapen zehatzak plazaratu dituzte. Edonola, gutxieneko 1.080 euroko pentsioaren aldarriak bere horretan jarraitzen du. Etxeberriak gogoratu du Lakuako Gobernuak berak egindako ikerketa baten arabera EuAEn 72.000 pertsona pobrezia larrian daudela, hilabetean 588 euro baino gutxiago jasoz, baina soilik 12.000 pentsiodunek jasotzen dutela Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta. Lakuari ofizioz jardun dezala eskatu dio eta pertsona horiei izapideak egiten lagun diezaiela. «Erronka gutxieneko pentsioa bermatzea da», dio argi.

«Ziurgabetasuna, krisi ekonomiko eta energetikoa eta elikadura zenbat igo den» kontuan hartuz, pobrezia areagotzen ari dela baieztatu du Usandizagak. Hilabete amaierara iritsi ezinik dagoen pentsiodun asko dagoela ohartarazi du, batez ere emakumeak. Zentzu honetan, Etxeberriak datu bat eskeini du. «Emakumeen pentsioak bataz beste gizonenak baino %77 txikiagoak dira». Baina deitoratu du Hego Euskal Herriko gobernuentzat «gai hauek» ez daudela «lehentasunen artean».

Osasun sistema publikoa

Osasun sistema publikoari begira ere, kezka nagusi. Usandizagak dio egunerokotasunean nabari dituztela murrizketak, aurrez aurre kontsultak izateko arazoak daudela. «Gauza asko ahaztu dira, Osakidetzan eskubide batzuk izan ditugu, baina orain galdutzat jotzen ditugu», ohartarazi du, azalduz, adibidez, azken urteetan 300 botika baino gehiago atera dituztela gizarte segurantzatik, eta egoera larrian dagoenarentzat «beste makilkada bat» dela botikak ordaindu behar izatea. Etxeberriak zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak aldarrikatu ditu, adinekoek are eta gehiago behar dituztenak, bere esanetan. «Izugarrizko murrizketak» izan direla ziurtatu eta HEHko gobernuen jarrera kritikatu du «sindikatu guztiek bat egin» eta egoera salatu duten arren Gobernuak ukatu egiten duelako egoera. «Ez dute ezer egiten, egiten dutena marketina da».

Adinekoen erresidentzietan bizi den egoerarekin ere kritiko dira. Adinekoak «ez daude ondo» erresidentzietan, Usandizagaren esanetan, eta langileek nahiz egoiliarrek esandakoari entzungor egitea egotzi die erakundeei. Etxeberriak baliabideak eskatu ditu «adinekoek bizi duin bat izan dezaten».

«Borrokan jarraitu behar dugu»

Arazoen aurrean mobilizazioaren aldeko hautua egina dute bi pentsiodunek, beste milakak bezala. «Borrokan jarraitu behar dugu, ziurgabetasuna besteekin elkartuz, sareak sortuz gainditzen da», baieztatu du Usandizagak eta balioan jarri herri eta eskualde ezberdinetan talde ezberdinen artean sortzen ari den elkarlana. Etxeberriak borrokaren fruituak nabarmendu ditu, baieztatuz pentsiodunek hainbat murrizketa ekiditea lortu dutela. Berak ere sektore ezberdinen arteko elkarlana defendatu du eta egoera aldatu daitekeela sinetsi beharra dagoela aldarrikatu. «Utopia eduki behar duzu, beste gizarte bat irudikatu behar duzu, justuagoa, beltz ez, guk koloretan ikusten dugu etorkizuna».

Jaurlaritza Logoa