Live

Abeltzainak, neguaren mehatxupean

Azken hamarkadan lehen aldiz, Lehortearen Mahaia bildu du aste honetan Nafarroako Gobernuak euri faltak eragin duen egoera aztertzeko. Nafarroako EHNE sindikatuko Patxiku Irisarrik ohartarazi du Gobernuak iragarri dituen laguntzak berandu iritsi litezkeela.

Audio_placeholder

Abeltzainak, neguaren mehatxupean

Loading player...
Lehortearen eragina oso agerikoa da Esako urtegian.
Lehortearen eragina oso agerikoa da Esako urtegian. (Jagoba MANTEROLA FOKU)

Nafarroako Gobernuak sei milioi euroko laguntzak iragarri ditu lehorteak nagusiki abeltzainen artean eragin dituen kalteei aurre egiteko. Nafarroako EHNE sindikatuko idazkari nagusiak, Patxiku Irisarrik, NAIZ Irratian azaldu du laguntzak negu osterako iragarri izanak kezkatu egin dituela, bereziki neguan egin beharko diotelako aurre egoerari nekazariek. «Egoerak larria izaten jarraitzen du», baieztatu du, zehaztuz abereen elikadura dela une honetan elementu kezkagarriena.

Lehortea maiatzean hasi zela gogoratu du, oso luze doala eta ondorioz neguan animaliak elikatzeko bildu ohi duten bazka ohi baino askoz murritzagoa izan dela, «sekulako zuloa daukagu baserrietan belarrari begira». Lehortea aldaketa klimatikoaren ondorio dela argi du Irisarrik eta uste du halako egoera klimatikoak gero eta ohikoagoak izango direla. Larreak lehor, belarrik gabe, eta ur iturriak ere lehortuta, abereak mendietatik baserrietara jaitsi behar izan dituzte eta negurako prestatutako bazka «apurrarekin» ari dira elikatzen.

Ondorioz neguan oso garesti dagoen pentsua erosi beharko dute. «Bakoitza ahal duen moduan ari da, batzuk uda hasieran erosi zuten bazka, beste batzuk diote ez dutela diru nahikoa eta ikusiko dutela zer egin neguan».

«Espekulatzaileak lanean»

Animalien elikagaiak iaz hasi ziren garestitzen Irisarriren esanetan, beraz, igoera Ukrainako gerraren ondorio denik ez du uste, «gerra aitzakia bat izan da». Gerra batek «ezinegona» sortzen duenez «espekulatzaileak lanean» hasten direla ohartarazi du. Azaldu duenez, Chicagoko Burtsan espekulatzen da batez ere lehengai hauekin, «munduko elikagai gehienak lau multinazionalek kontrolatzen dituzte, itsasontzien jabe ere badira eta itsasoan egoten dira prezio onena lortzerakoan batera edo bestera joateko». «Espekulatzaileak gure eskuetatik kanpo» daudenez, irtenbidea bertako ekoizpenaren eskutik iritsiko dela uste du.

Euri faltaren ondorioz Esako urtegiaren %16 bakarrik dagoela beteta ere ohartarazi du Irisarrik. Egoera hobetu ezean ur mozketak egon litezkeela iritzi du eta horrek Erriberako negutegietan «sekulako triskantza» eragingo lukeela. «Orain abeltzainak pairatzen ari garena Erribera aldeko nekazariei» iritsi ahal zaie bere esanetan.

Lehorteari eta elikagaien espekulazioari energiaren garestitzea gehitu behar zaio. «Lehengoan aipatu ziguten datu bat: txerriak gizentzen dituzten baserri batean lehen argindarrarengatik 4.000 euro ordaintzen zituzten hilabetean eta orain 15.000».

Jaurlaritza Logoa