Live

Ainara Rodriguez - Sara Iriarte
Interview
Iñaki Lekuona
Piarres Larzabal kolegioko zuzendaria

«Jakitun gara Estatua makinaria handi bat dela eta momentuz frantsesa duela lehenesten»

Merezitako udako oporraldia igarota, bueltan dira Ipar Euskal Herriko ikasgeletan. Ikasturte berriari buruzko xehetasunak ezagutzeko izan da Piarres Larzabal kolegioko zuzendaria Iñaki Lekuona NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Jakitun gara Estatua makinaria handi bat dela eta momentuz frantsesa duela lehenesten»

Loading player...
Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan ikasturte berria hasi dute.
Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan ikasturte berria hasi dute. (© Patxi Beltzaiz)

«Aski ongi» hasi dute ikasturte berria Ipar Euskal Herrian. Covid protokoloa alde batera utzi eta «kakotxen artean, normaltasun batean» sartu direla gehitu du Iñaki Lekuona Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak. Iaz nahiko itxaropentsu hasi zuten urtea eta aski bizkor ilundu zitzaien. Beraz, ez dute hain «itxaropentsuak» izan nahi. «Saiatuko gara bizi-eskola egoera normal batean biziarazten gure ikasleei» adierazi du Lekuonak.

Piarres Larzabal kolegioa handituz doa

1998 sortu zen Piarres Larzabal kolegioa, eta «bilakaera nahiko azkarra izan du» bertako zuzendariak azaldu duenez. «Hasi zenean 75 ikasle inguru baziren, gaur egun 332 ditugu. Gehiegitxo dira gure eraikinerako, izan ere, ikastegi hau helduak eta ikasleak kontuan hartuz, 300 pertsonentzako pentsatua izan zen. Kanboko Xalbador Kolegioak ez balitu Sarako eta Senpereko ikasleak hartu, aurtengo ikasturtean hemengo kopurua  lehertzerainokoa izango litzateke; 372 ikasle izango genituzke helduak kontatu gabe. Horregatik, Sehaskak aurreikusi du bosgarren kolegio bat martxan ezartzea datorren ikasturterako». Albiste pozgarria da geroz eta ikasle gehiago izatea, nahiz eta erronka izatea ere suposatzen duen. Adierazi duenez, «guraso, irakasle zein ikasleentzat ez da erraza horrelako baldintzetan lan egitea».

Gurasoen bultzada

Kolegioaren sorreran gurasoek eragin handia izan zuten, eta gaur ere gurasoen partehartze horri mimo bereziarekin begiratzen diote. «Haurren heziketa ez da soilik irakasleen afera, komunitate osoarena baizik. Guk gurasoekin harreman zuzena dugu eta ditugun proiektuak haiekin eta haien laguntzaz eramaten ditugu aurrera». Azpimarratu du, hain zuzen ere, horrela eraikiko dela Senpereko Kolegio berria.

Azterketak euskaraz

Ikastolaren hezkuntza proiektua euskarazko murgiltze ereduan oinarritua da. Hemen bereziki da azpimarratzekoa azterketak euskaraz egin ahal izateko aurrera daramaten borroka eta egiten ari diren esfortzua. Inflexio puntu moduko bat izan zen pasa den ekainean Baionako Hezkuntza ikuskaritzan egindako okupazioa.

Ministeritzako lehen bilkura irailean izango da eta «itxaropentsu» agertu da Lekuona. «Ministro berri bat dugu, horrelako aferetaz hurbil dena, eta badu sentsibilitate bat gutxitutako kulturen inguruan. Pentsatzen dugu hizkuntza gutxituen inguruan ere izan beharko lukeela aipatutako sentsibilitate hori. Hala ere, jakitun gara ministro bat dela eta bere gainean badirela garrantzitsuagoak diren beste ministro batzuk, baita lehendakaria zein Estatua ere». Laburbilduz, «itxaropentsu baina jakitun gara Estatua makinaria handi bat dela eta momentuz frantsesa duela lehenesten. Hala ere, ez diogu borrokatzeari utziko, eta  irakaslegoak eta familiak deteminazioz jarraituko dute azterketak euskaraz egitearen eskubidea defendatzen.

Jaurlaritza Logoa