Live
«Buruko gaixotasun batekin bakean bizitzen ikastea da zailena»
Nahasmen bipolarra diagnostikatu zioten Nerea Astigarragari 2011. urtean. Ordutik Psikologia ikasketak egin, liburu bat argitaratu eta «autoezagutza eta autolidergotasuna» garatuz bakean bizitzen ikasi duela kontatu du NAIZ Irratiko mikrofonoetan.
«Buruko gaixotasun batekin bakean bizitzen ikastea da zailena»
«Nahasmen bipolarra zer den argitzeko orkidea landarearen metafora erabiltzea gustatzen zait. Landare tropikala da, argitasuna behar du, ura ere bai baina oso neurri justuan. Bipolar desorekarekin antzeko zerbait gertatzen da, euforia, alaitasun erradikala sentitzera bultzatzen zaitu gaixotasunak eta bat-batean, egun berean edo egun batzuetara, tristurak zeharkatzen zaitu. Konplexua da arrazoi logikorik gabe gertatzen direlako umore aldaketak eta delikatua da fase maniako eta depresiboak sor daitezkeelako; hori da kudeatzen ikasi behar dena».
Nerea Astigarragari 2011. urtean diagnostikatu zioten nahasmen bipolarra «ospitale psikiatriko batean denbora bat pasa eta gero». Ez zen lehen aldia, 20 urte ingururekin ingresatu zuten lehen aldiz eta ondoren beste bitan. Buruko gaixotasun bat diagnostikatzeak «bizitzaren haustura bat suposatzen du», adierazi du NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan. Dolu kasuetan bezala, «fase ezberdinak» daudela gaineratu du. «Lehenengoan sekulako shocka sentitzen duzu, gero beste emozio batzuk, amorrua, tristura edo beldurra eta ‘zergatik niri’ galdera egiten diozu behin eta berriro zeure buruari».
Hirugarren fase batean lanketa oso garrantzitsu bat iristen dela azaldu du; hausnarketa unea da, bizipenak aztertuz «kontaketa autobiografiko» bat egitekoa. Azken fasea, «luzeena eta zailena», onarpena da. «Ez da erraza, ez baita sukar soil bat, hau betirako da eta honekin bakean bizitzen ikastea da zailena».
Astigarragak lortu du; «uste dut nik eta nire ingurukoek lortu dugula eta zorionez zauriak itxita geratu direla». Hala, gaur-gaurkoz «ez dut muga handirik sentitzen», dio, baina aitortuz iraganean egoera bestelakoa izan zela; «jendearekin harreman onak mantentzeko zailtasuna izan zen handiena, baina esan dezaket gaur egun kalitatezko harremanak ditudala».
Psikologia ikasketak eta liburu bat
Nahasmen bipolarra diagnostikatu ziotenean Psikologia ikasketak egitea erabaki zuen. «Urte sabatiko bat hartu nuen eta ikusi nuen bi aukera nituela, profesional batekin edo irterbentzio psikosozialeko talde batekin terapia egin edo psikohezkuntza». Bigarren bidea hautatu zuen, «zailagoa eta neketsuagoa», baina pozik dago emaitzarekin. «Autolidergotasuna garatu dut eta bizitza kontzienteagoki bizitzen dut».
Liburu bat ere idatzi du, ‘Cómo descubrí un nuevo estilo de vida tras ser diagnosticada de trastorno bipolar’. Pertsonalki ariketa terapeutikoa izango zelakoan eman zuen pausoa. Lan honetan nahasmen bipolarra kudeatzeko osatu duen «sistema onuragarri» bat aurkeztu du: «niretzat lagungarria dena nahasmena dutenen artean zabaldu nahi nuen». Ekarpen bat da, argi duen arren «norberak baliabide propioak» bilatzen dituela. «Zientifikoki frogatuta dauden tresna batzuen balio onuragarriak azaltzen ditut; adibidez, mindfulnessa, musika terapia edo arte terapia» eta horrekin batera «lehen pertsonan bizitzako gertaera batzuk azaltzen ditut».
Isiltasuna apurtu eta erabakiak hartu
Astigarragaren iritziz, garrantzitsua da publikoki buruko gaixotasunen inguruan hitz egitea; «esango nuke bakardadean, isilpean eramatea sekulako zama dela. Jendearekin partekatzen duzunean berpiztu egiten zara, ‘reseteatu’». Komunikabideetan buruko gaixotasunez gero eta gehiago hitz egiten dela uste du, egoera hau «jende askok sufritzen duelako, gero eta gehiagok», bere hitzetan.
Halako nahasmenak dituztenekiko begirada aldatzea ere eskatu du «erabakiak aktiboki» har ditzaten, esaterako, tratamenduen inguruan. Pilulak hartzeari ez dio ezetz esaten, baina «sistematikoki hartzeak dakartzan albo-ondorioez» ohartarazi du. Erabakiak hartzeko, hori bai, «biktima posiziotik» irten beharra dagoela defendatu du. Baita «tresnak baditugula» gogoratu behar dela ere. «Zuk egin behar duzu lana, zure esku dago».
Era berean, pentsatu nahi du gaixotasun hauekiko estigmatizazioa gutxituz doala gizartean, baina ohartarazi du pertsona psikotikoak «bortitzak» direla erraz pentsatzen dela eta horrek ez duela laguntzen «adibidez, lanpostu bat lortzen».
Mezu baikor batekin itxi nahi izan du solasaldia Astigarragak. «Bide bakarra maitasuna da; nahasmen bipolarra, depresioa edo eskizofrenia duenari lagundu egin behar zaio, entzun eta maitatu, bere berezitasunekin. ‘Toke’ berezi bat dugu, zer egingo diogu?», gaineratu dut irribarretsu.