Live

«Azalaren koloreak ez gaitu ezberdin egiten eskubideen aldetik»

Mugak Zabalduz Karabanaren 7. edizioa hasiko da ostiral honetan Irunen. Pirineotatik Alpeetaraino eta Bartzelonan hilaren 24ean amaituko den ekimenak migrante eta errefuxiatuen eskubideak aldarrikatuko ditu. Arantxa Gutierrezek salatu du Europar Batasunaren migrazio politikak «hiltzaileak» direla.

Audio_placeholder

«Azalaren koloreak ez gaitu ezberdin egiten eskubideen aldetik»

Loading player...
9 migrante hil dira 2021eko apiriletik Bidasoa ibaia zeharkatu nahian.
9 migrante hil dira 2021eko apiriletik Bidasoa ibaia zeharkatu nahian. (Gari GARAIALDE | BOSTOK PHOTO-FOKU)

Pirineoak-Alpeak Karabanan norbanako eta eragile ezberdinetako ordezkariek hartuko dute parte. Orotara 150 lagun inguru, erdiak euskal herritarrak. Europar Batasunaren «migrazio politikak» salatzea da helburu nagusia, «hiritar askok» defendatzen dituzten «harrera herriak» aldarrikatzearekin batera, edizio guztietan parte hartu duen Arantxa Gutierrezek Naiz Irratian azaldu duenez.

Aurten Pirineoak eta Alpeak dira protagonistak. Ekimenaren aurkezpenean azaldu zuten Europa barneko mugak klandestinoak zirela pasa den mendean «totalitarismoa» jasaten zutenentzat, eta berriro klandestino bihurtu direla Europar Batasunaren migrazio politikak jasaten ari direnentzat. Hala, memoriak gidatuko du aurtengo karabana. Gutierrezen esanetan ez da ahaztu behar «gu ere pertsona errefuxiatu eta migranteak izan garela». Ohartarazi du iraganean «berriro gertatuko ez zela» esan zen arren «pasa den mendean Europan gertatu zena» errepikatzen ari dela eta migrazio politikak aldatu ezean «Europa infernu» bihurtuko dela jende askorentzat.

«Europa barnean mugak desagertu direnean» kanpotik datozenentzat «muga horiek berriro eraikitzen» ari direla salatu du eta «iraganean bezala mugak jendea hiltzen den tokiak» bihurtzen ari direla. «Artifizalak dira eta askotan jendea heriotzara kondenatzen dute», salatu du.

Migranteak atxikitzeko zentroak

Besteak beste, Gurs, Argeles nahiz Rivesalteseko kontzentrazio eremuak bisitatuko ditu Karabanak. Batetik, «nolabaiteko aitortza egiteko eremu horietan egon zirenei», iraganean «erbesteratzea, baldintzak txarrak eta torturak» sufritu zituztenak oroitzea, eta horrekin batera, eremu hauetako batzuk duela gutxira arte zabalik egon direla eta «pertsona migratzaileak sartzeko birziklatu» dituztela salatzea. Zentzu honetan, Turinen migranteak atxikitzeko zentro baten aurrean manifestazioa ere egingo dute aldarrikatzeko «ez dugula nahi Europara iristeko egiten duten bidaia egin eta horrelako eremuetan eta baldintza txarretan amaitzea».

Irun, «muga arrotza»

Irunetik abiatuko da karabana Bidasoa ibaian hil direnak gogoan. «Ez genuen pentsatzen gure Bidasoan pertsonak hilko zirenik, mingarria da, beren ametsak hor apurtu ziren», dio Gutierrezek. Egoera honen aurrean gure herritik barna edo edozein lekutatik Europara joan nahi dutenentzat «bide seguruak» aldarrikatu ditu eta mezua igorri dio Lakuako gobernuari: «ez da nahikoa Bidasoa ez dela segurua dioten kartelak jartzearekin, ibaira botatzen denak ez du beste biderik aurkitu eta benetan hori gertatzea nahi ez bada bide seguruak ireki behar dira». Ukraniako errefuxiatuen harrerak erakutsi du gainera Gutierrezen esanetan, «posible» dela, «posible izatea nahi dugu pertsona guztientzat, azalaren koloreak edo jatorriak ez gaitu ezberdin egiten eskubideen aldetik».

Gutierrezek azaldu du karabana honetan «oso garrantzitsua» izango dela lekuan leku migratzaile eta errefuxiatuen alde lanean ari diren pertsona, erakunde eta elkarteak ezagutzea, «garrantzitsua da, esateko Europan jende asko dagoela beste politika batzuk bultzatzen»

Jaurlaritza Logoa