Live

Ion Garate
Interview
Aritz Egea
Mendi korrikalaria

«Argi nuen aurten izaten ari naizen sentsazioekin errekorra egiteko modua baneukala»

Aritz Egeak (Urretxu, 1985) hamar ordu baino gutxiagoan bukatu zuen Goierriko 2 Handiak lasterketa (88 km) pasa den asteburuan: 9 ordu eta 51 minutu behar izan zituen. Errekor berri bat ezarri zuen eta lasterketan zehar «gustora» aritu zela nabarmendu du NAIZ Irratian. 

Audio_placeholder

«Argi nuen aurten izaten ari naizen sentsazioekin errekorra egiteko modua baneukala»

Loading player...
Aritz Egea, Beasaingo helmugan, Goierriko Bi Handiak lasterketan azkarrena izanda.
Aritz Egea, Beasaingo helmugan, Goierriko Bi Handiak lasterketan azkarrena izanda. (@EHUNMILAK)

«Bazen garaia ultra bat horrela amaitzeko!», adierazi zuen Aritz Egeak Goierriko Bi Handiak irabazi berritan. Sekulako konfiantzarekin bukatu zuen, baina NAIZ Irratian onartu du bizkarreko minarekin iritsi zela lasterketara eta, beraz, lehen helburua ondo osatzea dela.

Goierriko Bi Handiak lasterketa irabazita, pozik ezta?

Bai, oso pozik nago irabazteagatik eta, batez ere, sentitutakoagatik: ondo nindoala, dena perfektu, bai tripa, bai hankak,  bai burua. Egia esan lasterketa borobila izan zen.

Errekor berria ere ezarri duzu. Hamar ordutik jaistea zen zure helburua. 9:51tan bete dituzu 88 kilometroak. Are gozoagoa da garaipena horrela, ezta?

Bai. Gainera, nahiko laster geratu nintzen bakarrik. Hogeigarren kilometrorako edo bakarrik geratu nintzen eta, errekorraren kontu horrekin, burua eta gorputza pixka bat estutzeko ere motibo bat zen.

Espero al zenuen errekorra egitea?

Zaila izaten da, batez ere honelako lasterketa luzeetan, aurretik esatea zer gertatuko den. Baina argi nuen egungo gorputzaldiarekin eta aurten izaten ari naizen sentsazioekin egiteko modua baneukala. Baina tripa edo hankak trabatzen bazaizkizu, gero komeriak! Baina dena borobil atera zen eta pentsatzen nuen bezala egiteko gai izan nintzen.

Aipatu dugu ia hamar ordu korrika. Gauza asko pentsatzeko denbora ematen du. Zer pasatzen zaio bati burutik denbora horretan guztian?

Ba, egia esan, harrituta geratu nintzen oso gutxi pentsatu nuelako. Ziurrenetik hamar orduetatik zazpi gauez egin nituelako. Nahikoa lan nuen kontzentratuta joaten, hanka non pausatzen nuen ikusten… Oso-oso kontzentratuta joan nintzen, eta gutxi pentsatuz. Normalean horrelako lasterketetan dezente pentsatzen da, bai.

Zaila izango da hamar orduz kontzentrazioa une oro mantentzea.

Ez, ez! Dezenteko tentsioa eta, nahiz eta ez nabaritu, denbora guztian kontzentratuta joan behar horrek ere nekatzen du. Baina ez dago beste erremediorik. Gainera, askotan gertatzen zaigu, agian terreno errazagoak dauzkagunean, pixka bat despistatu eta edozein tontakeriagatik lurrera! Komeni da oso kontzentratuta joatea.

Eguraldia ere paregabea izan zenuten. Bero gehiegi, akaso, edo giro atsegina izan zenuten korrika egiteko?

Ezin gara kexatu. Beasainera inguratzen nengoenean lainoak ikusten ziren Aralar inguruan, baina gu iristerako ez zegoen batere lainorik. Gau argi-argia, ilargia ere dezente handia zen eta dezente ikusten zen. Oso gau atsegina. Momenturen batean bazen inbertsio termiko sentsazioa. Kuriosoa zen, mendi goietan bero gehiago zegoen bailaran baino, baina ezin gara kexatu. Orain arteko onena ez bada, onentsuena seguru baietz.

Bi urteko etenaren ostean, etxeko lasterketak itzultzen hasi dira. Gogotsu izango zinen etxean, inguruetan, lehiatzeko.

Bai. Gainera, Goierriko Bi Handiak bazen lasterketa bat egin nahi nuena baldin eta ultrak egiten banituen. “X”-a egin diot, asko gozatuta. Bere puntua dauka: lasterketa berean Aralar eta Aizkorri lotzea. Goierri inguruan bizi garenontzat mendi kuttunak dira eta gogo handia nuen. Jendeak sekulako gogoa zuela ere sumatzen nuen giroan.

Zaletuen aldetik giro polita bizi al zen?

Bai. 23.00etan atera ginen eta Larraitzera arte, 01.00ak pasa izango zirela, giro aparta, jende pila batekin... Egia esan, hunkigarria izan zen. Ondoren, orduak ere ez ziren onenak mendian egoteko eta bakarrik samar ibili nintzen. Pena da, Beasainera 09.00ak inguruan iritsi nintzenean jende gutxi zegoen, baina familiakoak han zeuden eta horrekin nahiko.

Epe laburrera zein hitzordu dituzu?

Lehenengo osatu, bai neke honetatik bai fisikoki. Izan ere, ukituta iritsi nintzen probara; bizkarreko minarekin nabil azken urte honetan eta ez zait asko hobetu. Hil bukaeran, printzipioz, maratoi bat egingo dut Gomeran, Kanaria uharteetan, eta, ondoren, urteko zita garrantzitsuena egingo dut: UTMB Chamonixeko Ultra (100 km). Aurten helmugara iristea da helburua. Iaz erretiratu behar izan nuen eta bukatu beharra daukat bueltatu behar hori ez izateko. Berriro bueltatu behar badut, nahi dudalako izan dadila eta ez behar bat.

Jaurlaritza Logoa