Live

‘Loop’, itsas-bazterrean bueltaka entzuteko lana kaleratu du Myotones taldeak

Eguraldi ona, itsasoa… halako kontuak etortzen zaizkigu burura Myotones taldearen ‘Loop’ diskoa entzutean. Asier Ardanza Bartzelonan dago eta Jon De La Fuente Gernikan bizi da egun, baina laster elkartuko dira. Dream pop delakoaren bueltan sortu dute lana eta MusikHaria saioan aurkeztu digute.

Audio_placeholder

‘Loop’, itsas-bazterrean bueltaka entzuteko lana kaleratu du Myotones taldeak

Loading player...
Myotones bikoaren ‘Loop’ diskoak zentzu gehiago hartzen du udan.
Myotones bikoaren ‘Loop’ diskoak zentzu gehiago hartzen du udan. (@oierelo)

Diskoaren irekierarako ‘]’ sinboloa jarri dute abestiaren izenburuan eta diskoa bukatzeko ‘[’. «Behin diskoa nola egituratuko genuen egin genuen brainstorming batean, diskoak bukaerarik ez edukitzearen ideia polita izango zela aipatu genuen. Hala, bukaerako kantuko giltza ireki egiten denez, diskoak ez du bukaerarik. Era berean, lehendabiziko kantua azkenekoaren bukaera da», azaldu digu Jon De La Fuentek.

Diskoari izena eman arren, loop gutxi dituen lana da Myotones bikoarena: «Saiatu gara abesti guztietan intentsitatea mantentzen eta kantuz kantu naturaltasun bat edukitzen, jotzen dugun bitartean aldaketak eta sartuz. Looparen kontua lehendabiziko eta azkeneko kantutik dator, izan ditugun ideia guztiei aurrera egiten ibili garelako».

Olatuen soinua ere loop moduan etortzen da askotan eta soinu hori ea haien errepika gogokoena den ere jakin nahi izan dugu: «Erdi gernikarra, erdi mundakarra naizen aldetik, izan daiteke bai», esan digu De La Fuentek. Kontzeptu errepikakorrena itsasoarena izan baita eta horrek beren musikari kresal usaina eman diela gaineratu dezakegu. «‘Time’ abestiaren doinuak egin eta etxera nindoala, Mundaka parean, emandako paseoa da bertan aipatzen dudana. Balkotik olatuak entzun nituen eta hortik dator kontua, gainera, diskoa Ondarroan grabatu dugu eta kostako ‘vibe’ hori ematen dio diskoari», esan digu De La Fuentek.

Diskoa osoa parentesi bat dela esan digute Myotonesekoak, sortu zen garai «gizarte osoarentzat parentesi bat izan zelako». Kantuak normalean Jon De La Fuenteren ideietatik abiatzen dira eta Asier Ardanzak janzten ditu gero hark hasitakoa, berak egiten omen ditu-eta filtraketa lanak.

‘Nahi genuen dena’ kantua izan zen lan honen aurrerapen kantua, askatasun sentsazioa sortzen duen abestia. «Hutsegitearen hutsunea sentitzea ere gure hutsune denen jatorria ote?», galderari erantzuteko, sekulako bakea ematen duen melodiak gaineratu dizkio bikoteak: «Kanta guztietan gertatzen da eta oso errepikakorrak gara honekin, baina benetan natural irteten zaigun zerbait da. Kanta eta letra oso arin sortu ziren. Letraren kasuan, gainera, zentzua baduen arren, fonetikarekin jolasten sortu zen».

Barrura begira jartzea eskatzen duen lan bat dela ere esan dezakegu Myotonesen ‘Loop’ eta horren adibide garbi samarra da ‘Harribitxi’ kantua. Pertsona bakoitza bat eta bakarra dela, harribitxi bat dela, esaten duen abestia. «Letrak ez ditut nik egiten, konfesatuko dut, baina bai, izan daiteke. Kanta bakoitzeko kontzeptu bat hartzen dugu eta horren gainean eraikitzen dugu guztia», esan digu Ardanzak. «Harribitxi ez dut argi utzi nahi izan norberari buruz edota beste bati buruz ari den kantua den. Baina sare sozialetan dena zeinen eder jartzen dugun dena eta inperfekzioak beste grazia bat duela aldarrikatu nahi izan dugu, perfektua den guztiak nekatzen bukatzen duelako», gaineratu du De La Fuentek.

Ondarroan grabatua

Jon Badirekin grabatu dute diskoa North Wave Studion eta bat gehiago izan dela esan digute Myotonesekoek: «Gauza berriak probatzeko gogoz ginen denok eta probetan akats desberdinak egiten dira eta horiek zer moduz funtzionatuko duten ikustea ere polita da. Norbaitek esango du arrarokeria bat hankasartze bat dela, baina beste batentzako xarma duen zerbait izan daiteke. Aurrera egiteko probak egin behar ditugu, eta gustatzen zaionari, bada eskerrak ematea baino ez».

‘Saints’ kantuan diote eguzkia joaten denean gure bihotzetako sua pizten dela. Udako ilunsentietan entzuteko moduko kantua ezbairik gabe, ilunabarraren magia transmititzen baitu abestiak. «Letrari zentzua egin eta gero hartzen diegu askotan, abstrakziotik abiatzen direlako guztiak. Kantu honetan, esaterako, berrogeialdiko garaia dago islatuta, jairik ez zegoenekoa, eta horregatik santuen ospakizunarena. Eta gaua iristean hasten dela benetako ‘salseoa’ eta poztasuna, hori ere kontatu dugu», bukatu du De La Fuentek.

Jaurlaritza Logoa