Live

Oinatz Aizpuru

«Ordu luzeak» eta «ezintasuna», sugarrek piztutako sentimendu nagusienak

Sugarrak gertu izan dituzte Lezaun, Artazu eta Garesen. Herritarrengana jo dugu asteburua eta azken orduak nola bizitu dituzten jakiteko. Mikel Etxebeste Lezaungo alkatea, Garesko Jon Ziriza eta Lur Albizu artazuarra.

Audio_placeholder

«Ordu luzeak» eta «ezintasuna», sugarrek piztutako sentimendu nagusienak

Loading player...
Tierras calcinadas en Erreniega.
Tierras calcinadas en Erreniega. (Eduardo SANZ | EUROPA PRESS)

Artazura itzuli berri erantzun dio gure deiari Lur Albizuk. Igande honetan atera zituzten etxetik, sutea herrira gerturatzen ari zelako. «Beldurra baino, ezintasuna» aipatu du Albizuk. «Ez genekien zer gertatuko zen, nola egingo zuen aurrera suak», nabarmendu du.

Hala, Albizuk herritar eta nekazarien lana goraipatu du. Artazuko bizilagunek suhiltzaileei argibideak eman zizkieten eta beste herri batzuetatik hornikuntza ekarri zuten. Sutea pasata, herria garbitu eta bildu dute, eta ura bota sua oraindik berpiztu zitekeen lekuetan.

Mikel Etxebeste Lezaungo alkateari alertagatik deitu zioten eta herritarrak antolatzen aritu ziren suteari aurre egiteko. Alabaina, suak norabidez aldatu eta Gesaltzako alkateak laguntza eskatu zion Etxebesteri. Bailarara hartara jo zuten laguntzera eta ordu luzez aritu ziren makinariarekin eta eskuz lanean.

«Inguruko guardekin batera basobide bat garbitu genuen. Bat-batean sua gerturatu zen eta suhiltzaileek iritsi ziren, beraz bolondresek alde egin behar izan zuten», azaldu du Lezaungo alkateak.

«Herritarren artean, ezintasuna, une batetik bestera dena galtzeko arriskua. Gu gazteok zeozer egin dezakegu. Motozerrarekin ibili nintzen ni, baina helduen artean, inpotentzia. Sentsazio oso txarra, jende ezaguna suari begira baina burua auskalo non», gaineratu du Lezaungo alkateak.

Garesko Jon Zirizak etxetik ikusten zituen sugarrak. «Gauez ez dira distantziak ondo bereizten, eta bazirudien sua etxetik oso hurbil zegoela. Beldurra pasatu dugu, lo egin ezinik egon gara eta adi telefonoari. Dena kiskalita dago eta pena handia ematen digu», azpimarratu du Zirizak.

Hala ere, ez zen Murueta, Legarda eta Obanos eskualdeko herrien pareko irudirik ikusi Garesen. «Hemen barruti batzuk hustu zituzten, baina herri horietan okerrago pasatu zuten», azaldu du Zirizak.

Jaurlaritza Logoa