Live
Zaila izan da Baionako Hezkuntza Ikuskaritzaren bulegoan sartzea. Polizia frantsesaren oldarraldiek ez dituzte bertaratuak kikildu, eta lehen saiakera baten ostean bulego barnean sartzea lortu dute ikasle, guraso eta irakasleek. Gaua bertan igarotzeko helburuarekin, «ageriko da nola erreakzionatuko duten autoritateek, ea polizia hurbiltzen den edo. Guk hemen gaua pasako dugu eta hondoko egunetan hor egoteko prest gaude», adierazi du Elorri Faltxak gunea okupatu berritan.
Azterketak Euskaraz kolektiboaren helburuetako bat, Pap Ndiaye, Frantziako Hezkuntza Ministro berriarekin biltzea da. «Hitz egiteko nahia dugu. Azken hilabeteetan Bordeleko errektoretzarekin bildu gara eta ezezkoa ukan dugu beti. Beraz, zuzenki Parisekin hitz egin nahi dugu, gure egoeraren berri eman eta erantzun baikor bat lortzeko». Seaskako ikasleak aurten ere baxoa frantsesez idaztera behartuak daudela salatu dute, eta heltzear den brebetarentzat «ez dugu amorerik emango» aldarrikatu du euskarazko hezkuntzaren aldeko kolektiboak.