Live
«Onditzek 22 urte ditu eta oraindik Martuteneko amen moduluaz ari gara hitz egiten»
Amen modulua irekiko dute aste gutxitan Martutenen. Honen aldeko kanpaina indartsua izan zen 1999an Maitane Sagastume presoaren semea jaiotzear zela. Porrotx izan zen sustatzaileetako bat eta bi hamarkada geroago espetxeen baldintzek haurrei nola eragiten dieten izan du hizpide Etxerako Kundan.
«Onditzek 22 urte ditu eta oraindik Martuteneko amen moduluaz ari gara hitz egiten»
Ekainaren bigarren hamabostaldian irekiko dute Martuteneko espetxeko amen modulua. Aspaldiko aldarrikapena da. 1999an Maitane Sagastume euskal presoaren Onditz semea jaiotzear zela mobilizazio indartsua izan zen. Haurren eskubideen defentsan egin zuten orduan, Onditz ez zedin ‘motxiladun umea’ bilakatu.
‘Onditz Euskal Irrira’ mugimendua sortu zuten eta kaleak bete eta instituzioen ateak jotzeko balio izan zuen. Joxemari Agirretxe 'Porrotx' izan zen sustatzaileetako bat eta Etxerako Kundan izan da ordukoak gogoratzen.
Azken bost-sei urte hauetan ikusi dugu motxiladun haurren kontzeptua eta auzia jendarteratu dela oso modu indartsuan, gainera. Baina motxiladun haurren egoera aurretik dator.
Bai, gogoan dut. Orain dela 22 urte Onditz jaiotzear zela bere ama Maitane Sagastume Martuteneko espetxean zegoen eta mugimendu bat sortu genuen, ‘Onditz Euskal Irrira’. Haur horrek ez zuen Euskal Herrian bizitzeko eskubidea bermatua izango. Erditu aurretik Euskal Herritik ehunka kilometrora mugitu behar baitzuten Maitane Sagastume. Euskal Herriko hamaika antzerkilari, pailazo, musikari, titiritero... elkartu ginen egoera horren aurrean gure iritzia eman eta aldarrikatzeko Onditzek Euskal Herrian jaiotzeko eta bizitzeko eskubidea zuela. Berak bezala, bere amak eta aitak, eta noski euskal preso politiko guztiek ere.
«Erditu aurretik Euskal Herritik ehunka kilometrora mugitu behar zuten Maitane Sagastume. Hamaika antzerkilari, pailazo, musikari, titiritero... elkartu ginen Onditzek Euskal Herrian jaiotzeko eta bizitzeko eskubidea zuela aldarrikatzeko»
Eta nola oroitzen duzu?
Ba ekimena oso ederra izan zen. Bertan bildu ginen denetariko lagunak. Denbora luzez aritu ginen lanean, haurra jaio aurretik bildu ginen eta manifestu bat sortu genuen, baita abesti bat ere. Manolo Urbietaren laguntza izan genuen horretarako. Oso polita izan zen dena eta lau haizetara zabaldu genuen aldarrikapena. Gogoan dut kalejira erraldoi bat egin genuela Donostiako Antigua auzotik Bulebarrera. Oso koloretsua, pailazo eta titiriteroek hartu genuen parte eta denbora luzez eutsi genion aldarrikapenari.
Onditz Euskal Irrira kanpainako kantua
Gabonak iritsi zirenean, Martutenera joan eta gurekin batera eraman genuen Olentzero, asto eta guzti, aldarrikatzeko euskal presoen haurrek, eta baita presoek ere, eskubidea zutela Olentzerorekin gozatzeko. Uda iritsi zenean igerileku bat eraman genuen bertara, eta urez bete, palmondo batzuk ere eraman genituen eta aldarrikatu genuen Onditzek eta besteek ere Kantauri itsasoaz eta txorien kantuaz gozatzeko eskubidea bazutela.
Gogoan dut, beste batean, nola joan ginen amen modulua aldarrikatzera, eta ‘Onditz Eraikuntzak’ deitu genion enpresa eraman genuen bertara. Adreilu, porlan eta guzti joan ginen. Buzoak jantzita hurbildu ginen Martutenera eta eraikuntza txiki bat egin genuen esanez «hau guk egin badezakegu, zergatik ez instituzioek?». Ekimen ugari egin genituen, betiere aldarrikatuz Onditzek, eta Onditzek bezala Euskal Herriko beste haurrek, eskubidea zutela eta badutela Euskal Herrian hazteko eta hezteko, amets egiteko eta haien familia eta lagunarteaz gozatzeko eta bizitzeko.
Berriki jakin dugu ekaina erdialdera zabalduko dutela Martuteneko amatasun modulua.
Gogoan dut Onditzek urtebete egin zuenean, uste dut Valladoliden zegoela, Villanublan. Donostiako Udaletxera joan ginen, sukalde handi bat eraman genuen eta Patatari Jauna sukaldaria. Ez dakit sekula halakorik egin genuen baina tarta bat erregistratu genuen, eta tartarekin batera, eskutitz bat.
Han bertan ondu egin genuen tarta, eta ederra izan zen. Odon Elorza zegoen alkate eta tartarekin batera udaletxera sartutako eskutitzean esaten genion bazegoela donostiar bat urte bat betetzen zuena ehunka kilometrora, ziega batean. Alkateari esan genion jango zuen tarta mokadu bakoitzean pentsatzeko bere ardurapean zegoen haur horrekin. Tira, eskutitz horrek ez zuen inoiz erantzunik izan eta ez genuen ezer lortu.
Horregatik bururatu zitzaigun Jaurlaritzara joatea, eta han Giza Eskubideen Batzordean hartu genuen parte, orduan EAren esku zegoen. Bertan harrera ona egin ziguten eta esan ziguten beraiek ere bat egiten zutela gure aldarrikapenekin eta prest zeudela beharrezkoa zena egiteko Martutenen amen modulu bat jartzeko. Baina esan ziguten konpetentzia Madrilek zuela eta eskuak lotuta zituztela. Guk erantzun genien iruditzen zitzaigula eskubide hori bete beharra zegoela eta esan genien lehenbailehen eskuratzeko konpetentzia eta ardura horiek.
Pentsa, gaur egun, Onditzek 22 urte ditu eta kontu beraz ari gara hitz egiten. Orain ematen du egingo dutela modulu hori. Iruditzen zait porrota izan dela euskal instituzioena. Askotan zoru etikoaz hitz egiten da, eta argi geratzen da batzuena soilik dela zoru etiko hori. Batzuentzako bidegabeki alde batera utzi dira oinarrizkoak diren eskubideak.
«Nik beti esaten dut Estatu baten demokrazia kartzelekin neurtzen dela. Kartzelak zerbitzu publikoak dira, herritarrak artatzen dituen erakundea da, ospitaleek bezala beharko lukete izan»
Borondatea izan bai, baina 22 urte beranduago egin dute.
Bai. Harreman hori egin genuenetik bilerak egin genituen eta tira, ez zuten fruiturik eman. Pentsa, gerora bi espetxe egin dira Euskal Herrian, Zaballakoa eta Iruñekoa eta ez da amentzako modulurik egin. Nik beti esaten dut Estatu baten demokrazia kartzelekin neurtzen dela. Kartzelak zerbitzu publikoak dira, herritarrak artatzen dituen erakundea da, ospitaleak bezala beharko lukete izan. Eta zenbat aldiz joan gara Puertoko kartzelara, Herrerara... eta bisitara joaten ginenok ikusi zenbat zikinkeria zegoen. Zerbitzu publiko batek ezin ditu instalakuntzak horrelako baldintzetan eduki. Zikinkeria horrek asko esaten du Estatuaren demokraziaz. Euskaldunok ondo dakigu giza eskubideak batzuentzako soilik izan direla, eta ezer gutxi espero dezakegu bai Frantziatik baita Espainiatik ere. Euskal Haurren Irripublika aspaldi ari gara aldarrikatzen eta horren esperoan gaude.
Zikinkeria eta iluntasun horretan baina, argi pixka bat ikusitakoak gara. Picassent espetxeko moduluan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen mural polita zegoen, eta han preso guztien umeek ikusi eta dantzatzen zituzten Pirritx eta Porrotxen kantak.
Patxi, zuk ederki dakizu hori, han zinelako ere. Itxaron gelak aipatu ditugu, baina kartzelaren beste aldera bagoaz, barrura... bertan ere haur jaio berriek eta haien gurasoek zer baldintzak pairatu dituzten! Haurren elikadura dela, aisialdia...
Gu pailazoak izanik beti gabiltza saioak eskaintzen herriz herri, eta kontziente gara badaudela ume batzuk ez dutela etortzeko aukerarik. Asteburuetan zenbat haurrekin egin behar izan dituzte ehunka kilometro baldintza kaxkarretan haien senide kuttunak bisitatu ahal izateko? Gu plaza batean ginen bitartean haiek autobus batean zeuden. Onartezina den salbuespen egoera bat izan da hori, jasanezina. Haurrena beti egon da hor, baina lotsa ematen du haurrak taulara ateratzea.
Babestu nahi izan ditugu eta esposizio publiko horretatik aldendu. Izan da gai bat apenas nabarmendu dena. Garaian ‘Irritxoen Eguna’ egiten genuen, senideekin elkartzen ginen elkar gozatzeko, ikus zezaten ez zeudela bakarrik. Gu beti egon gara hor, disko, DVD eta kamiseta eta ipuinekin paketeak egiten kartzeletan sartzeko, euskal presoen umeek eta gainontzekoek ere gozatu dezaten.
«Ametsen eta askatasunaren alde ari denak guzti horren alde ederrarekin geratuko da. Eta ederretan ederrenak gure umeak dira. Haientzat eta haiekin egiten ari gara Euskal Herria, gaurkoa eta etorkizunekoa»
Orain zuk esan bezala modulu berri bat egingo da Martutenen, Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzen ari dira presoak, urratsak ematen ari dira poliki-poliki. Gure aldetik ikusten ari garena da inplikazioa behar duela prozesu honek, instituzioetatik lan egin eta baita kaleko aktibazioa ere. Gure Euskal Herri Haur Irripublika eder hori lortze aldera denon indarra behar dugu.
Eta behin Irripublika lortuta?
Azpimarratu nahiko nuke frantziar eta espainiar estatuetan zenbat torturatu eta zenbat epaiketa faltsutu eta zenbat injustizia eman diren. Ematen du Espainiarentzat dena dela libre, Iraken ehunka milaka pertsona hiltzea edota torturatzea, inkomunikazio sistemak ezartzea eta abar luze batzuk. Zenbat erailketa daude oraindik sekretu ofizialen batzordepean?
Herri txikia gara eta ametsak ditugu. Gure egunerokotasuna borrokatzen dugu eta horrek badakar berarekin, izokinen moduan, korrontearen kontra borrokatu behar izatea eta nekeza da hori. Askotan krudela eta injustua. Txikiak, ertzekoak, batzuentzat bazterrekoak diren kausak gureak egitea bizimodu bat da eta horrek eder egiten du gure bizitza. Ametsen eta askatasunaren alde ari dena guzti horren alde ederrarekin geratuko da. Eta ederretan ederrenak gure umeak dira. Haientzat eta haiekin egiten ari gara Euskal Herria, gaurkoa eta etorkizunekoa. Denok elkarrekin jarraitu dugu! Bobby Sandsek zioen bezala, irlandarren mendekua izanen da umeen irria. Irlanda bide horretan doa, eta Bobby Sandsen helburuak erdietsiko dira. Hemen ere izaten ari da eta izango da. Iritsiko da txikien eguna.
Esperantza ez da galdu behar.
Esperantza baino, niri gehiago gustatzen zait konfiantza hitza. Esperantzak eta itxaropenak itxaronaldi bat daukate. Beraz, konfiantza dugu gure ametsetan, gure sudur gorrietan. Denen artean lortuko dugu.
‘Etxerako Kunda´saioa entzuten dutenei zer esan?
Egunero esnatzen gara, eta lokartu. Amesten dugu lo eta esna. Eta gure ametsetan zaudete zuek, eta gure egunerokotasunean bazaudete. Poliki-poliki, tipi-tapa, iritsiko da plazan elkartuko garen eguna. Bihotza, burua, eskua. Sentitu pentsatu, eta ekin! Beti elkarrekin! Hor jarraituko dugu, bizikidetza, konponbidea eta bakearen alde. Gure herriaren askatasunaren alde eta munduko herri guztien askatasunaren alde.