Live

Naiz Irratia

Minbiziari aurre egiteko balizko botiken iragarpena, itxaropenerako iturri zientzia adituentzat

Oncomatryx enpresak edo Bartzelonako Biomedikuntza Institutuak egin dituzten berriek esperantzarako tartea ireki dute gaixotasun onkologikoa dutenengan. Hala ere, bide luzea falta da horiek egia bihurtzeko eta zuhurtziaz hartu beharrekoak dira. Pandemiari begirakoekin borobildu dugu zientzia tartea.

Audio_placeholder

Minbiziari aurre egiteko balizko botiken iragarpena, itxaropenerako iturri zientzia adituentzat

Loading player...
Pankrea, birika eta bularreko minbizi erasokorreta begira da Oncomatryx enpresak landu duen balizko sendagaia
Pankrea, birika eta bularreko minbizi erasokorreta begira da Oncomatryx enpresak landu duen balizko sendagaia (GETTY IMAGES)

Oncomatryx enpresak iragarri du oraintsu pankrea, birika eta bularreko minbizi metastasikoetako tumoreen aurka ekiteko botika bat garatu dutela; OMTX705 du izena, eta ez dagoenez gaixotasun horietarako gaur gaurkoz sendagairik, espektatiba handiak sortu dira honen inguruan. Momentuz entsegu klinikoekin abiatuko dira ekainean, NAIZek argitaratutako elkarrizketa honetan Pedro Esnaola Oncomatrix-eko kontseilariak azaldu zuenez.  

«Baikorrak» izateko motiboak daudela esaten zuen elkarrizketa horretan Esnaolak, baina «zuhurtzia» ere eskatzen zuen, eta hala egin dute gure zientzia adituek ere: Koldo Gartziak dio urte asko ematen dituztela halako ikerketek, eta zaila izaten dela entsegu klinikoetan gizakietan probatzeko langa gainditzea. Baina, Izortze Santinekin batera, aurkikuntza «garrantzitsua» dela nabarmendu dute, «berritzailea», ez baitu tumorea bere horretan erasotzen, tumorearen ingurunea baizik. 

Pandemia: Neurri proaktiboen beharra

Covid 19aren pandemiari dagokionez, azken astean EAEn izandako hildakoen kopuruan egin dute azpimarra; egunean 5-6 hildako uzten ditu koronabirusak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, horrek ematen du egoeraren neurria biek diotenez. 

Beharrezkoa da, esan dutenez, horri aurre egiteko «neurri proaktiboak hartzea». Zenbaitek «demagogia» egitea leporatu izan dietela diote, eta zentzu horretan argitu nahi izan dute ez dutela proposatzen garai bateko neurri murriztaileetara itzultzea, baizik eta, adibidez, airearen kalitatea hobetu dezaketen neurriak hartzea. 

Santinek, halaber, etxera iritsitakoan kaletik dakartzagun zapatak kentzearen garrantziaz ohartarazi du; kaletik ibili ostean, 420.000 bakterio izan ditzakete zapatek, eta ez hori bakarrik: baita toxikoak izan daitezkeen beste hainbat partikula ere. Ohartarazi du, ordea, garbitasunari oreka bilatzea ere garrantzitsua dela, ez delako osasungarria erabat garbi eta esterilizatuta dagoen gunea. 

Jaurlaritza Logoa