Live

Ion T. Barrena
Urruña
Interview
Jean-François Lefort
Mediabaskeko zuzendaria

«Migrazio mugimendua hiru hizkuntzetan eta herri ikuspegitik landu asmo dugu»

NAIZ Irratia eta Mediabask 'Bideak' egitasmoa ari dira lantzen. Migrazio mugimendua modu berezian lantzea da helburua, ohikoan baino sakonago eta euskara, frantsesa eta gaztelera baliatuz. Herritarrek boto bidez lagun dezakete finantzatzen.

Audio_placeholder

«Migrazio mugimendua hiru hizkuntzetan eta herri ikuspegitik landu asmo dugu»

Loading player...
Jean-François Lefort, Urruñako erredakzio atarian.
Jean-François Lefort, Urruñako erredakzio atarian. (I.T. | NAIZ)

NAIZ Irratiak eta Mediabaskek migrazioaren fenomenoari begiratzeko proiektu berezi bat jarri asmo dute abian, 'Bideak' izenburupean. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak elkarlanean sustatutako 'Ideiak 2022' programara aurkeztu dute eta orain herritarrek euren botoarekin aukeratu behar dute proiektu ezberdinen artean (HEMEN BOZKATU DAITEKE).

NAIZek eta Mediabaskek Urruñan elkarbanatzen duten erredakzioan eman dugu hitzordua Jean-François Lefort Mediabaskeko zuzendariarekin, proiektu honen xehetasunak ezagutzeko.

Azalduiguzu zein den 'BIDEAK' izeneko elkarlan honen oinarria.

Bada gai bat biziki afektatzen gaituena Euskal Herrian eta gehien bat Gipuzkoa eta Lapurdi hunkitzen dituena: migrazioa. Gai hori gure komunikabide ezberdinetan maiz tratatzen dugu, bai modu sakonean eta baita gertakari larriak gertatzen direnean ere. Eta hor sentitu dugu beharra Euskal Herri osoko ikuspegitik migrazio mugimendu hori aztertzeko mugaren bi aldetan.

Hori izan da gure hastapeneko gogoeta eta Pirinio Atlantikoen Departamendutik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik diru laguntza bat antolatu dute hainbat proiektu diruztatzeko eta pentsatu dugu bertara aurkeztea gure proiektua diru-laguntza horrekin gauzatu ahal izateko.

«Gertakarietatik harago joan behar dugu, zer ondorio dituen biztanleengan, zein diren harrera sareen funtzioak, baliabideak eta zer eginak, zeintzuk diren instituzioek antolatzen dituzten politikak... hori guztia aztertzeko»

Zergatik pentsatu duzue migrazioaren gaiari heltzea modu horretan?

Gertakarietatik harago joan behar dugu aztertzeko zer ondorio dituen biztanleengan, zein diren harrera sareen funtzioak, baliabideak eta zer eginak, zeintzuk diren instituzioek antolatzen dituzten politikak. Gure ideia hori guztia aztertzea da eta elementu garrantzitsu bat hartuta oinarrian: alde humanoa. Pertsonez ari gara, gizon-emazteez, gazteez... ikusi dugu Bidasoa zeharkatzerakoan zer arazo eta istripu dauden, eta hor ikusten dugu maiz inmigrazioa zenbakietan aipatzen dela; guk pertsonak lehen lerroan emanez aipatu nahiko genuke: migranteak eurak lehenik, baina baita elkartasun dinamikak ere, bereziki azkarra dena Euskal Herrian.

Zuzeneko protagonisten ahotsak dira gidalerroa, beraz...

Nahiko genuke denen ahotsa entzun, lehen lerroan migranteak dira eta baita harrera sareak eta instituzioak ere.

NAIZ, NAIZ Irratia eta Mediabask aipatu ditugunez, pentsatzekoa da hizkuntza eta formatu ezberdinak landuko direla...

Bai, bideogintza landuko da, irratia, erreportajeak prentsa idatzian... eta hiru hizkuntzetan egingo da hori dena. Gure taldearen berezitasuna da Euskal Herri osoan kokatua dela eta Euskal Herrian gehien hitz egiten diren hiru hizkuntzak baliatzen ditugula. Euskal herritar denentzat gai hori jarraitzea eta hiru hizkuntzetan egitea aukera izazen da. Agian hori da gure berezitasuna edo ekarpena.

«Logika izan da migrazioa tratatzeko momentuan zinez gure plus horren ekartzea, hots Euskal Herri osoko ikusmolde baten izaitea, ez da izanen ikuspegi partzial bat»

Lehendik ere harreman estua dute hedabide hauek...

Aspaldiko harremana da, talde bereko proiektuak gira, ildo editorial orokor bat partekatzen dugu, ikusmolde bat Euskal Herriari buruz, eta hori da gehien batzen gaituena. Hor logika izan da gai hori tratatzeko momentuan zinez gure plus horren ekartzea, hots Euskal Herri osoko ikusmolde baten izaitea, ez da izanen ikuspegi partzial bat, alde batetik soilik ikusia: hor aztertuko dugu bai Gipuzkoan bai Lapurdin zer gertatzen ari den eta zer zubi dauden migranteei harrera egiterako garaian.

Erredakzioen elkarlanak entzule, irakurle edo erabiltzaileen arteko harremana ere eragiten du?

Dudarik gabe, are gehiago gai garelarik horrelako gaiak lantzeko eta Euskal Herrian gehien baliatuak diren hiru hizkuntzetan egiteko.

Ipar Euskal Herrian bada zentralizaziorako joera, baina ez guk nahi dugun zentrotik, Bordele edo Paristik baizik. Euskal Herria mailako azterketak, datuak eta gertakarien segimenduak eskaini behar ditugu guk.

Urruñan ari gara egiten elkarrizketa hau; Mediabask, NAIZek eta GARAk elkarbanatzen dugun erredakzio honetan. Lanerako puntu komun bat izatez gain, elkarlana sortzeaz gain, gogoeta gune bat ere bada hau, aztertzeko nola lantzen dugun gertatzen dena Euskal Herriko ikuspegitik, ez soilik mugaren alde batetik edo bestetik. Gure prentsa proiektuak Euskal Herriaren lurraldetasuna hartzen du kontuan eta hori da gure prentsa proiektu ezberdinetan adierazten duguna.

Migrazioaren egoera aztertzeko baliabide bereziak emanen ditugu, modu sakonean landuko dugu gaia. Baditugu baliabideak Euskal Herri mailako azterketak egiteko eta komunikabide bakarrenetakoa gara hori bermatzeko gai izateaz gain horretarako borondatea dugunak.

'BIDEAK' PROIEKTUARI BOTOA

Mediabask eta NAIZ Irratiak sustatutako 'BIDEAK' proiektuaz gain beste hainbat aurkeztu dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren deialdira. Sarean ikusi ahal dira proiektu hauek guztiak eta herritarren boto gehien jasotzen dituztenek egingo dute aurrera.

Proiektu guztien artean hiru aukeratu behar dituzte herritarrek eta babes handiena jaso dutenek egingo dute aurrera. 64 departamenduan eta Gipuzkoan bizi diren herritarrek dute botoa emateko aukera eta HEMEN egin daiteke.

Jaurlaritza Logoa