Live

‘Briofito’, Goroldio taldearen estreinakoa

Xareta, Baztan eta Bidasoa aldetik datorren taldea da Goroldio. Bandaren izenak eta diskoarenak naturaren elementuekin lotura duten arren, hiri industrial zikinetako punk erritmo azkarrak dira nagusi haiengan. MusikHaria saioan izan dira lana aurkezten.

Audio_placeholder

‘Briofito’, Goroldio taldearen estreinakoa

Loading player...
Goroldio talde nafarraren debuteko diskoan energia deskarga izugarria nabari da.
Goroldio talde nafarraren debuteko diskoan energia deskarga izugarria nabari da. (GOROLDIO)

Abiadura handiko kantuak, hori da Goroldio talde nafarrak eskaintzen diguna bere ‘Briofito’ estreinako lanean. Laukoteak, kostaldetik hain gertu ez dagoen arren, surf doinuei ere egiten dio tarterik sortu dituzten dozena bat abestitan.

Aurretik beste proiektuetan, Kaskezur, More edo Tumatxak taldeetan esaterako, ibilitako hainbat musikari elkartu dira hemen: Iñigo Belzunegi ‘Iturria’, Naxara Meoki, Xabier Pumar eta Imanol Zubieta.

Migrazioaren drama gordina, indar hegemonikoei kritika edota Lekarozko aroztegiaren afera aipatu dituzte beren kantuetan. Oro har, gizarte kapitalistak egunerokotasunean sortzen dituen kalteak, alegia.

Berako Atala estudioan grabatu dute Iñigo Irazokirekin eta soinuaren gordintasunean nabaritzen da hori. Oholtzara eraman nahi duten gordintasuna, izan ere Goroldioren kontzertu bakoitza energia hustuketa handi batekin irudika daiteke behin diskoa entzun eta gero.

MusikHaria saioan izan zen Iñigo Belzunegi ‘Iturria’ taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea egindako lanaren nondik norakoak kontatzen eta goiko audioan klikatuz entzun dezakezue patxadaz elkarrizketa. Azkartasuna nahiago baduzue, berriz, behean uzten dizuegu ‘Briofito’ diskoa buruak eta arimak astinduz entzuteko.