Live

Naiz Irratia

«Nafarroaren eredu instituzionala gaurkotu egin behar da»

40 urte pasa dira Foru Hobekuntza onartu zenetik eta «gauzak asko aldatu direnez» Nafarroaren eredu instituzionala «erreformatu» ez, «gaurkotu» egin behar dela iritzi dio Nafarroa XXI plataformak eta eguneraketa hori herritarren parte hartze zabalarekin egin ehar dela azpimarratu du Sabino Cuadrak.

Audio_placeholder

«Nafarroaren eredu instituzionala gaurkotu egin behar da»

Loading player...
 Nafarroa XXI plataformaren mobilizazioa, Iruñean.
Nafarroa XXI plataformaren mobilizazioa, Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Foru Hobekuntzaren lau hamarkadak aztertzerakoan bi elementu dira garrantzitsuak Nafarroa XXI plataformako Sabino Cuadraren esanetan, sorrerari loturikoa bata, ibilbideari loturikoa bigarrena. Berriki Nafarroako parlamentuko batzorde batean izan dira plataformako ordezkariak eta bertan entzundakoak entzunda Cuadrak uste du hainbatek ez dutela interesik Nafarroaren eredu instituzionalari buruz hitz egiteko, baina auziari heldu behar zaiola aldarrikatu du. Horrekin batera, «demokratikoki eta politikoki», funtsezkotzat jo du eztabaida lurralde osoan eta herritar eta eragileen artean zabaltzea.

Duela lau hamarkada onarturiko legean hiru «defizit demokratiko» garrantzitsu nabarmendu ditu plataformako ordezkariak. Lehena eta «garrantzitsuena», ez zela erreferendumik egin. Bigarrena, «parlamentuko taldeen heren bat baztertuta» gelditu zela legearen onarpen prozesuan, eta hirugarrenik, «negoziazio mahaia ahots bakarrekoa» izan zela. Cuadrak gogoratu du UCD zela gobernu espainiararren buru eta Nafarroan ere, «hauteskunde trukatu» batzuen bidez UCDk zuela gehiengoa. «UCD zegoen bi aldeetan indar nagusi bezala, hori iruzur izugarria izan zen».

Foru Hobekuntzak izan duen ibilbideaz ere balorazioa ezkorra da. Plataformako ordezkariak nabarmendu du Rajoyren legealdian Nafarroako parlamentuak onartu zituen 17 legeren aurkako helegiteak aurkeztu zituela gobernu espainiarreko ordezkariak, eta Auzitegi Konstituzionalak erabat edo partzialki indargabetu zituela Nafarroako herritarrentzat «oso garrantzitsuak» ziren legeak. «Ondorioa da Amejoramendua botere zentralen menpe dagoen autonomia estatutua baino ez dela», dio Cuadrak.

Nafarroako parlamentuak Foru Hobekuntzaren inguruko jardunaldi batzuk egitea eta ondoren ponentzia bat osatzea adostu zuen urte hasieran. Positiboa da hori Nafarroa XXI plataformarentzat baina «eztabaida parlamentutik kanpo» ere bultzatu behar dela aldarrikatu du Cuadrak. «Beharrezkoa da sindiaktuen ahotsak, mugimendu feministarena nahiz migratzaileen elkarteena entzutea jakiteko zein iritzi duten gaurko eredu isntituzionalaz»

Jaurlaritza Logoa