Live

Eli Pagola
Interview
Maite Alonso
GOIENER

«Errotak bazterrean geratu ziren, energia sortzeko zer berreskuratu aztertu nahi dugu»

Euskal Herriak energia hidroelektrikoaren arloan indar egin beharko lukeela uste du Goienerrek eta helburu horrekin abiatu du 'Hidro-Ttipi' proiektua. Gelditu Makinak saioaren 31.ean ezagutu ditugu euren asmoak. 

Audio_placeholder

«Errotak bazterrean geratu ziren, energia sortzeko zer berreskuratu aztertu nahi dugu»

Loading player...
Amezketako zentral hidroelektriko zaharra, artxiboko irudian.
Amezketako zentral hidroelektriko zaharra, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Iturri fidagarri eta berriztagarria izan arren energia hidroelektrikoak bazter utzi dira azken hamarkadetan. Goienerrek «teknologia heldua eta oso eraginkorra» dela dio eta haren errendimendu energetikoa %90tik gorakoa dela, «beste iturri batzuena (eolikoa, fotovoltaikoa...) baino askoaz handiagoa. Hauek berreskuratzeko azterketa jarri du abian Goienerrek 'Hidro-ttipi' proiektuaren bidez, Maite Alonso da arduraduna. 

Zein egoeretan daude Euskal Herriko zentral hidroelektrikoak?
Egoera oso ezberdina da zentral hidroelektriko handiak eta txikiak hartzen baditugu kontuan. Hidro-ttipi proiektuan zentral txikiak aztertzen ari gara eta normalean mendi zonaldeetan eta landa eremuetan erabili dira.

Herri txikiek energia behar zutenean aktibatu ziren, gero zer gertatu zen? Ba petrolioaren energiaren bultzadarekin errota txiki edo mini hidrauliko horiek erabileraz kanpo geratu zirela ezin baitzuten lehiatu sortzen ari zen energia zentralizatuarekin. Gaur egun zer gertatu da? Ba errota abandonatu asko dagoela Euskal Herrian. Esan dezakegu, ehunka daudela.

Presa bat ere izaten dute errota hauek. Egiten duten ekarpena eta biologikoki duten eragina orekatzen al dira?
Energia berriztagarrien inguruan hitz egiten dugunean beti dago ingurumenean inpaktu bat: zentral hidroelektrikoek, eguzkia energia plakek... Eragina gutxitzeko azterketak egin behar dira eta eragin gutxien daukana aurkitu. Baina bideragarria da bi aspektuak kontuan hartzea. Adibidez, Euskal Herrian presa asko dago ibaietan, eta presa hauek konektibitate ekologikoa mugatzen dute. Alegia, izaki bizidunak mugitzeko ibai hauek zabalik egon beharko lukete eta presa hauekin mugimendua mugatuta dute. Badaude kasuak presa hauek uztea bideragarria izan daitekeela. Adibidez, mediterraneo isuri aldera doazen ibaietan kanpoko espezieak sartzeko aukera mugatu dute presek. Azkenean, kasuan kasu egin behar dira ikerketak ikusteko zein den eragin ekologikoa, eta horixe ari gara egiten Hidro- Ttipi proiektuarekin.

Zein da proiektuaren helburua?
Helburua da ikustea dugun ondaretik zer berreskuratu dezakegun energia sortzeko. Herrian eta herriarentzako. Hidro-Ttipiren helburua da komunitate energetikoak sortzea, energia subiranotasuna eta segurtasun energetikoa lortzeko.

Lagin bat hautatu duzue hasteko...
Hau ikerketa proiektu bat da, eta nahi duguna da kalitatea aukeratu kantitatea aukeratu ordez. Aukeratu ditugu egitura onena dutenak gero hauek erraz berriztu ahal izateko. Sozialki ere eragin positiboa izatea bilatu dugu. Horiek dira kontutan hartzen ari garen parametroak. Hiru eskualde eta sei kasu hautatu ditugu, ondoren beste prozesu bat eramango dugu aurrera.

Errota pilotu horiek ibaien egoeraren akuilu izan nahi dute, hori nola da posible?
Ba, Belgikan adibidez, bada kasu bat interesgarria. Komunitate energetiko bat egin zuten, Goiener moduan, Ecopower duena izena eta 60.000 bazkide ditu. Rotselaar errota berrituz hasi zuten proiektua, errota horien inguruan etxebizitzak sortu dira, baina horretaz gain erakutsi diote gizarteari nola energia berriztagarria sortzen ahal den, eta hori izan daitekeen motorra kooperatiba bat sortzeko. Beste aktibitate batzuei bidea eman diete. Rotselaar errota horretan ekintza asko egiten dira orain, aldaketa klimatikoaren inguruan, energia subiranotasunaren inguruan. Gure helburua ere hori da. Horrelako ekintzak bideratzea, erakustea nola energia trantsizio honetan buelta bat ematen ahal zaion energiaren sorkuntzari...

Helburu sozialak ere badituzue beraz?
Badakizu, Goinenerren parte soziala oso garrantzitsua da. Ardatz oso indartsua da eta proiektu denetan hartzen dugu kontuan alde soziala. Hidro -Ttipi proiektuan komunitate energetikoak sortzea da helburua eta eragin sozial positiboa izan ohi dutela badakigu. Komunitatea indartzea, bertan sortzea energia, energia subiranotasuna lortzea, baina baita ere, esan dezakegu, aldaketa klimatikoaren inguruan heziketa eta sentsibilizazioa sortzea... eta horrela gizarte mailan eragin anitz izan ditzake.

Zein etorkizun ikusten diozu horrelako zentralei?
Urte asko daramatzagu energia hidraulikoa erabiltzen eta garatutako teknologia da. Horregatik, uste dut etorkizunean horrelako instalakuntzak erabiltzea garrantzitsua izango dela trantsizio energetikoan. Guztia batzen du: energia iturri ezberdinak erabili behar ditugu trantsizio honetan, eta hidraulikoa onenetarikoa da. Euskal Herrian dugun orografiagatik eta dugun egoera klimatikoagatik ur asko daukagu eta hori erabili behar dugu. Gauza da nola erabili benetan herriarentzako izan dadin eta ez dirua ateratzeko, gutxi batzuk aberasteko. Errota txikiek aukera ona ematen dute gure helburua lortzeko.

Talka bat badago. Goienerrek ez du presa gehiago eraikitzeko asmorik, baina elektrizitate kontsumoa gorantz doa, beraz...nolakoa behar du izan sistemak produzitutakoa eta kontsumitutakoa ez badatoz bat?
Lehenik eta behin esan behar da errota asko ditugula abandonatuta. Beraz, zergatik gehiago eraiki? Guk uste dugu asko berriztu ahal direla eta momentuan ez dela behar gehiago sortzea. Aukeratu behar da ondo non berreraiki, parte ekologikoa kontuan izanda eta energia non behar den kontuan izanda. Bestetik, gure energia kontsumoa murriztea garrantzitsua da. Energia efizientzia ere oso inportantea da, eta hirugarren urratsa da energia sorkuntza nola egin. Hor, Goienerrek energia berriztagarrietan oinarritu du bere merkaturatzea, eta uste dugu hor aukera asko dagoela. Ni hidraulikoei buruz ari naiz baina hor daude eguzki energia, bio energia, energia eolikoa, geotermia... oraindik bidearen hasieran gaude eta sistema resilente bat behar dugu. Azken puntu moduan: Euskal Herrian dependentzia energetiko handia dugu eta oso inportantea da hemen gure energia propioa sortzea. Energia hori berriztagarria bada, askoz hobeto.

Jaurlaritza Logoa