Live

Patxi Uranga
Interview
Jon Ugarte
Harrera elkartea

«Preso askok ez dute kotizatu eta erretiro eskasa geratuko zaie, kezkatuta gaude»

Ehunka preso eta iheslari ohiri lagundu die Harrera elkarteak azken hamarkadan. Jon Ugarte bozeramaleak nahikoa kotizatu ez eta erretiro duin bat izango ez dutenekiko kezka azaldu du; premiazkoa da bazkide kopurua igotzea, bere esanetan, «ez da esfortzu handia, 5 euro hilabetean, bi kaña».

 

Audio_placeholder

«Preso askok ez dute kotizatu eta erretiro eskasa geratuko zaie, kezkatuta gaude»

Loading player...
Frantziako espetxe bateko atea
Frantziako espetxe bateko atea (Pixinoo | Getty Images)

Pasa den apirilean egin zuen Harrera Elkarteak 10. urteurreneko biltzarra. Sorreratik 500 preso baino gehiagori eskaini die laguntza. Aurrera begirako erronken artean bi behintzat bai, nabarmenak: preso ohiei jubilazio duin bat bermatzea eta espetxean gradu garapena izateko enplegu aukeraren baldintza bermatzea. Etxerako Kunda saioan azaldu ditu Harrerako Jon Ugartek elkartearen helburuak.

Kotxe gidabaimena, ogasun kontuak,  dentista... baina zuen lana  askoz harago doa.
Aipatu dituzun horiek dira etorri berriei, lehen hilabeteetan, eskaintzen dieguna: tramite administratiboak eta osasun arazoak, batez ere.  Saiatzen gara hasieran gainean egoten,  poliki-poliki errealitate berrira egokitu daitezen. Kontuan eduki behar da, espetxean nork bere burua zaintzeko ardura oso mugatuta dagoela. Espetxeak berak asetzen dizkizu beharrak: arroparen zaintza, bazkariak, afariak eta gosariak, ohea...gero kalean norberak egin behar ditu gauza horiek eta hor gertatzen dira desorekak. Gu urte eta erdiz saiatzen gara harremana mantentzen ikusteko nola dioan eta zertan ari den.

«Prozesua urte eta erdiko edo bi urteko berregokitzapena izaten da. Elkartearen xedea inor atzean ez uztea da»

Denetariko egoerak egongo dira….
Bai. Egia da izaten direla egoera oso zailak, baina onartu behar da prozesua urte eta erdiko edo bi urteko berregokitzapena izaten dela. Bidean ere batzuk gelditzen dira, baina elkartearen xedea hori da, inor atzean ez uztea.

2012ko ekainean sortu zen Harrera Elkartea, eta apirilean egin zenuten batzarra. Zein balorazio egin duzue orain artekoaz?
Harrera sortu genuenean ez zegoen inolako aurrekaririk lantzen dugun esparru hau lantzeko. Herri honek historikoki adierazi du elkartasuna errepresaliatuekin, herritar eta erakunde ezberdinak zeuden etorrera horiek egiteko, baina 2009an, Loiolako prozesuaren amaieran, preso ohiek hausnarketa bat egin genuen eta ohartu ginen babes hori ez zegoela behar bezala banatuta. Alegia, hainbat herritan egoera larrian zeuden etorri berriak, eta hori guztia egituratu nahi genuen eta denei baliabide berdinak eskaini. Geroztik orain arte ia 500 bat preso atera dira. 2011an 750 preso zeuden, eta gaur egun 186 daude espetxean. Jende asko atera da, baina gure eskaintza ez da unibertsala, ez diegu denei harrera eskaintzen, soilik behar dutenei.

Instituzioek egin beharko luketen zerbait egiten ari zarete….
Bai, hala izan beharko luke. Denek onartzen dugu gatazka politiko honek ondorioak dituela denentzako. Beste aldekoei baliabide guztiak eskaini zaizkie, eta guk ez dugu hori. Harrera elkartetik hori ere baloratu dugu azken 10 urte hauetan. Egonkortu egin gara, erraztasunak ditugu administrazioarekin harremantzeko, neurri batean edo bestean irtenbideak bideratzeko, baina eskaintza administratiboa ez da egoten, tira, egoten da edozein presori eskaintzen zaiona. Eta guk hortik harago joan nahi dugu. Ezin gara preso ohientzako laguntza ekonomikora mugatu, ezin dituzu 400 euro inguru eman lehen urtean eta gero pertsona hor utzi...

Eta administrazioekin zein harreman izan duzue?
Ateak jo ditugu eta gehiengo batek adierazi digu ulertzen duela arazoa, eta baietz, berregokitzeko prozesua aurrera atera behar dela. Baina, gero eskaintzerako orduan ez daude eskaintza asko.  Eskaintzen dizkiguten lanak profil oso baxua dute: eraikuntza, garbiketa....Lortu ditugu konpromiso batzuk baina nahiko zaila da, eta are zailagoa kaleratzen diren profilekin. Hainbat jende 58-60 urte gorakoak dira, eta horiek lan munduan ezin dira txertatu. Ez dute prestakuntzarik, eta fisikoki eta psikikoki oso ukituak ateratzen dira.

«2010etik 564 preso atera dira, eta horiei gehitu behar zaizkie itzulitakoak, 100-120 bat dira. Denak ez dira gurera hurbildu, askok laguntza euren inguru naturalean dutelako. Bazterketa arriskuan daudenak dira, gehien bat, gure lan esparrua»

Orain arte zenbat pertsona lagundu dituzue?
2010etik  564 preso atera dira, eta horiei gehitu behar zaizkie itzulitakoak, 100-120 bat dira. Noski, denak ez dira gurera hurbildu. Askok laguntza jaso dute bere inguru naturalean, familia eta lagunak. Beste batzuek oso ahula dute inguru hori eta bazterketa arriskuan daude, gehien bat, horiek dira gure lan esparrua.

Etxebizitza topatzen laguntzen duzue ere.
Administrazioan lanketa batzuk egin ditugu, eta erraztu egin ditugu prozedurak, pertsona arruntei egiten zaien erara. Saiatu izan gara gure aldetik alokairu bat ordaintzeko laguntza  ere  ematen, eta horrelako gauzak egiten ari gara.

«Urduri ateratzen badira, gero dena gainera etortzen da eta berregokitzapen  prozesua luzea da. Beraz, har dezatela patxadaz gurekin kontatzen ahal dutela jakinda»

Eta etorkizunera begira zeintzuk dira erronkak?
Bi erronka nagusi ditugu, bat epe motzekoa:  graduaren  arabera, ateratzeko aukera duten horiei laguntza zuzena ematen ari gara. Asistentzia eskaintzen diegu eta horrek fondo bat eskatzen du.  Bigarren erronka kezka batetik dator. Oso jende gutxi dago kotizatu duena, erretiro eskasa geratuko zaie. 15 urte kotizatuta 400 eurora ez zara iristen, eta horrek ez du ematen bizitza duin baterako. Mahai gainean dugu gaia.

Zer esango zenieke irteera gertu duten presoei?
Gomendatuko nieke  lasai ateratzea. Badakit zaila dela, nik neuk pasatutako prozesu bat da. Gauzak tramitatzeko beti dago denbora, irten eta arnasa hartzea da garrantzitsuena,  antsietate puntu hori lasaitzea.  Familia eta lagun artean lehendabizi, eta gero gurekin harremanetan jartzeko, poliki-poliki.

Gure bulegora hurbildu dena beti atera da beste patxada batekin. Ez dago arazorik irtenbiderik ez duenik. Beraz, lasai irten, poliki-poliki, familian eta lagun artean lehendabizi eta gero, egunak aurrera egin ahala, jar daitezela harremanetan gurekin.

«3000 bazkide gara, eta etorkizunera begira bikoiztu egin beharko genuke kopuru hori»

Zertan behar duzue laguntza?
Denok dakigu, poliki-poliki, graduen kontuarekin aukerak daudela kalera ateratzeko. Baina graduak eskatzen duen baldintzetako bat da kontratu bat, eta hori guri dagokigu elkartasun hori adieraztea. Ez dadila hori izan eragozpena kalera ez ateratzeko.  Jendea bazkide egitera animatu nahi dugu ere, 3000 bazkide gara, eta etorkizunera begira bikoiztu egin beharko genuke kopuru hori. Jendea patxadaz bizi da kalean, baina ez gaude inor atzean uzteko asmoarekin. Harrera elkarteko webgunean aukera dago bazkide egiteko, kuota 5 euro dira hilabetean, bi kaña.

Jaurlaritza Logoa