Live

Kolorez betetako ‘Krispetak’ lan gozoa kaleratu du Sofa talde zarauztarrak

Heloy Galan, Kepa Izeta eta Jonbe Martinez dira egun Sofa taldea osatzen dutenak, Galanek aurretik zegoen Imanol Sesmari erreleboa hartu dio bateria jotzerako garaian. Sesmak, ordea, taldearekin lotuta jarraitzen du, diskoaren diseinua haren Gatza Factory etxeak egin baitu.

Audio_placeholder

Kolorez betetako ‘Krispetak’ lan gozoa kaleratu du Sofa talde zarauztarrak

Loading player...
Heloy Galan, Kepa Izeta eta Jonbe Martinez dira Sofa taldea osatzen dutenak.
Heloy Galan, Kepa Izeta eta Jonbe Martinez dira Sofa taldea osatzen dutenak. (Bixente MARTINEZ)

2001: Space Oddisey pelikulan kantu epiko samar bat bazen, eta gisa horretara, epikotasun handiz hasten du ‘Krispetak’ diskoa Sofa talde zarauztarrak, ‘Zartaiko parakaidista’ kantuak halako progresio eder eta epikaz betea duelako.

Kepa Izeta izan da MusikHaria saioan bisitari diskoa mamitzeko, 8 kantu dira, baina kantu bakoitzak joan-etorri asko ditu. Orain arte math-rocka egiten zuten, baina kantu progresiboagoetara, poparen aldeari askatasun gehiago eman diotela esan daiteke beren lan berri honetan. «’Zartaiko parakaidistak’ kantuak disko barruan epikotasuna bilatzen du, baina esango nuke alde guztietatik guraizea sartu geniola, sekulako sarraskia egin genuela, hasierako ideiatik bukaerakora iristeko. Lehenengo bertsioan kantu rockeroagoa zen, baina diskoaren barruan ez genuen ikusten. Hala, zerbait epikoagoa eskatzen zigula konturatu ginen eta beste kolore bat hartu zuen», azaldu digu Izetak.

Heloy Galan sartu da azkena taldean, ibilbideari eta ezagutzen dutenek kontatzen dituzten gauzei erreparatuta, fitxaketa bikaina dela esan dezakegu. «Ez da erreza bateria-jotzaile bat bilatzea eta ez da erraza gure taldeko erritmoetara moldatuko den bateria-jotzaile bat bilatzea, ez da gure buruari loreak botatzearren, baina erritmo konplikatu samarrak lantzen ditugu. Indarra duen bateria-jotzaile bat nahi genuen, lana egingo zuena eta Heloy taldekide paregabea da. Duen esperientzia sekulakoa da eta gogotsu dabil, taldekide aldaketa bat ez da erraza izaten, baina zortea izan dugu berarekin», azaldu digu Izetak.

Bi urtez prestaketa lanetan

Disko berriari forma ematea 2020ko udaberrirako ari ziren ikusten Sofa taldekoak. «Disko itxurarik ere ez zuen oraindik akaso, baina ari ginen ikusten EP bat edo halako zerbait. Itxialdian etorri zen diskoaren ideia, sekulako pasara eta egurra eman genielako kantuei, ahotsak ere sartu zirelako…. Hor ikusi genuen modu globalean disko bat bazegoela, ordura arte abestiak edota kanta zatiak genituen arren», kontatu digu baxu-jotzaile zarauztarrak. Epe muga jarri zioten diskoa kaleratzeari, izan ere ez dira konforme geratzen errazak, «taldea ere horrela jarri zen martxan, kontzerturen bat emateko erabakia hartu genuen, bestela lokalean etengabe sortu eta sortu ibiltzen ginelako«.

Disko honetan sintetizadoreak erabili dituzten arren, Jonbe Martinezek beste behin ere pedalen erabilera mardula egin du. «Jonberen sekretuak dira eta ez dakidanez sekretuak diren ala ez, ez naiz hor sartuko, xibarita delako. Baina oktabizadore bat, erreberberazio pedal bat… halakoak entzun daitezke, marka eta halakorik esango ez dudan arren. Looperra ere erabiliko du zuzenekoetan, nola ez, aurretik egiten zuen moduan», aipatu du Izetak. Baina disko honetako berrikuntza nagusiena ahotsak sartu dituztela da, Kepa etxean bere saiakerak egiten hasi eta Jonberen oniritzia jaso zuenean aurrera jarraitu zuen: «Kantuak jarri eta gainetik abesten saiatzen nintzen eta ez zitzaidan batere gustatu. Nire baitan horraino iritsiko zen, saiakerara, baina Jonbek esan zidan oso ondo zegoela eta saiatzeko eta gehiago emateko. Zure taldekideak konfiantza ematen dizunean, aurrera errazago egiten da, oso autokritikoak garelako, gainera. Lan dezente egin behar izan dut, ikasten asko sufritu eta gozatu dut, eta esperientzia polita izan da».

‘Alegrergela’ kantuarekin esan zuten disko berria kaleratuko zutela eta lehen segundoetan bazirudien bestelako bide batetik itzuli zela talde zarauztarra. Baina lehen hamar segundoak pasa eta gero haien esentziara eramaten gaitu abesti horrek. «Beti gustatzen zaigu konplikatzea, erreza ere konplikatu egiten delako, baina beti gustatu izan zaizkigu Delorean erritmo horiek ere. Dantza erritmoak ere eduki behar ditugu, denak ez du aldrebesa eta matematikoa izan beharrik. Bai eta ez», azpimarratu du Izetak.

Armonietan eta erritmoetan asko sakontzen duen taldea izanik, zenbateraino bihurritzen ote duten kantu bat galdetu genion Izetari: «Bada, ez dakit. Akaso erretiratzen garenean jakingo dugu hori erantzuten. Ailegatzen da une bat buelta horiek ematetik atera behar dela. Baina, bestalde, gauzak oso natural ateratzen zaizkigu dagoeneko, ez dugu bilatzen nonbait zerbait gehiago edo gutxiago egitea, naturalki ateratzen zaizkigu gauza horiek, hamar urte beteko baititu aurten Sofak».

Kantuen hitzen inguruan ez du azalpen gehiegi eman nahi izan zarauztarrak, «interpretazio irekiak egitea» nahi dutelako entzuten dutenek. Gainera, biniloa eskuratzen duenak hobeto ulertuko duela guztia ere aipatu digu Sofa taldeko baxu-jotzaileak. ‘Kokodrilua ta bihurgunia kotxia lapurtu ta perretxiko bila duaz’ bezalako kantuak ulertzeko ongi etorriko dena, kantuak duen istorio bitxia baitu izenburutik hasita. Kantu jostaria benetan musikalki ere: «Esango nuke sortu genuen lehen abestia izan zela disko honetan, eboluzio bat izan du baina hasieratik zuen saltari izaera hori, nahiz eta gero jostariago bihurtu den».

Diskoa ongi ekoitzitakoa izatea nahi zuten eta geruza asko izango zituela aurreikusita, banaka grabatu zuten guztia Eñau Gaztañagarekin Zestoako Gaztain estudioetan. «Bikoiztuta daude gauza asko, baina banaka grabatu genuen. Soinuak nahiko finkatuta geneuzkan eta gero guztia editatuz bloke indartsu bat sortu da. Saiatzen gara gero zuzenera eraman ezingo dituzun gauzak ekiditen, diskoa asko apaindu dezakezulako, sinteekin egin dugun bezala, baina nahikoa errealak izan eta zuzenekoari fidelak izate saiatu gara», azaldu digu Izetak. Hala, zuzenekoetan zenbait gauza zuzenean jotzen ari direla ez dirudien arren, pedalen erabilera bikainaren ondorio dira eta entzuten den guztia momentuan sortua da.

Zelatundik Boli Kostara

Hirugarren singlea ‘Zelatun’ izan zen, Hernio mendiaren magalean dagoen toki esanguratsuaren izena daraman abestia. Gainera, uztailaren 10ean bertan emango dute halako kontzertu berezi bat Sofa taldekoek. «Eskertu behar diegu Sharijaiko jendeari hori babestu dutelako. Hizketan hasi ginen eta azkenean badirudi errealitate bihurtuko dela gure nahia. Data hor dago, gauzak ixteko daude, baina espero dezagun eguraldiak laguntzea eta egin ahal izatea, bestela aurrerago izango da», esan digu Kepa Izetak. Zelatunen izango den lehen erromeria-matematikoa izango dela aurreratu dute, eta Kepa Junkeraren ‘Gaztelugatxeko martxa’ abestia etortzen denez burura ‘Zelatun’ kantua entzutean, bada izan daiteke. «Euskal dantzen erritmoekin beti izan dugu halako obsesio txiki bat eta hasieran ‘Dantzari’ deitu genuen kantua, baduelako funtsa hori. Hortik hasi ginen non egiten ziren erromeriarik onena galdezka gure buruari eta barren artean Zelatun atera zen eta horrela geratu da kantuaren izena», esplikatu digu zarauztarrak.

Bideoklip eta guzti aurkeztu dute eta lan pixka bat eman diela aitortu digu Sofa taldeko kideak: «Irudiak bilatzen jardun genuen lehendabizi eta gero zortedunak gara Maneto daukagulako inguruan. Fenomeno bat da, umore kutsua bilatzen dio beti guztiari eta sekulako lana egin du. Irudiak ikusteko zerbait berezia badu eta artista hutsa dela esan dezakegu». Zelatundik Boli Kostara egiten dugu, ordea, Sofa taldekoekin bidaia. ‘Boli Kosta’ deituriko kantuan Afrikako erritmoetara pasatzen baitira zarauztarrak: «Nahikoa kantu beltza dela esan dezakegu erritmikoki, baxuarekin notak ongi markatu behar dira eta badu funky giro hori. Beti nahi izan dugu beltzek jotzeko duten gaitasuna, funky edo soula jotzen ikusten ditugun bakoitzean flipatu egiten dugu. Haien arima eta gaitasuna nahiko genituzke».

Diskoa orokorrean argia eta alaia dela esan dezakegu. «Saiatzen gara musika alaia egiten eta uste dut falta dela rockaren inguruan hori. Tendentzia orokorra soinua eta letra gordin eta ilunagoak egitea izaten da eta Sofa taldekooi barruak eskatzen digu zerbait saltariagoa egitea. Pop soinu batzuk baditu disko honek, erritmo dantzariak ere bai eta horrek alaitasunera eramaten gaitu, baina horrela ateratzen zaigulako, ez baitugu sekula kanturen bat bazterrean utzi iluna delako».

Entzunaldi asko behar dituen diskoa da ‘Krispetak’, eta orokorrean Sofa taldearen musika. Xehetasunez betetako lana da eta riff baten bueltan sekulako jolas pila egiten dituzte. Kepa Izetari zuzenean galdetu diogu ea zenbat aldiz entzun beharko genukeen diskoa ondo mamitzeko: «Nik hutsetik hasita bost aldiz entzun beharko nuke pixka bat nabaritzeko zenbat erritmo eta xehetasun dauden, baina agian norbaitek pare bat aldiz entzunda aski du e? Lehiaketa bat jarri dezakegu hor martxan!».

Heldutasunaren sentsazioa

‘Aizkolari ilustrado’ abestiaren izenburua ez da herri kirolei inolako erreferentzia egiteko sortu. «Kanta oso zorrotza da, gitarraren efektua indartsuena da. Beste diskoan ‘Agorregi’ kantua zena bihurtu da nolabait ere ‘Aizkolari ilustrado’. Jonbek esaten zuen aizkora bat zela kantu hau eta hortik eratorri zen izenburua. Gero bakoitzak jarri dezala bere definizioa. Gitarraren soinuaren efektua oso berezia da, zikindu egiten du kantua, baina haren berezitasuna da maiorrean dauden akordeak soilik jo daitezkeela, bestela ez delako atsegina entzuteko. Jonberentzat ere erronka bat izan da kantua maiorretan eta nota konkretu batzuen inguruan egin behar izatea», kontatu digu Izetak.

Eñaut Gaztañagarekin izan ziren grabaketan aipatu dugunez, eta hark pedal hau martxan jartzean ea zer nolako aurpegia jarri ote zuen jakin nahi izan dugu: «Bera gustura, zer esango zuen bada? Eñautekin oso gustura aritu ginen. Bagenekien oso ondo ulertuko genuela elkar bai grabatzerako garaian baina baita soinuaren bilaketan ere, asko lagundu zezakeela bagenekien. Guztiz ekoizle papera hartu zuen gurekin, bere iritzia mahai gainean jartzen du aldiro. Gero zurea da taldea eta diskoa eta nahi duzuna egingo duzu, baina Eñautek bere esango du beti. Hara joaten bazara, entzun egin behar diozu, bestela oker zabiltza».

Mundu guztia abesten jarriko duen abesti horietako bat da ‘Kokolo’, kantu alai eta jostaria, tartetxo batez bateria elektronikoa ere baduena. «Sofak zerbait baldin badu esperimentazioa da eta hemen proba egin genuen bateria elektronikoa sartzearena eta oso ondo geratu zen. Oraingoz lokalean pad batekin gabiltza entseatzen, baina zuzenera eramateko oso kanta zaila denez, momentuz, zuzenean jotzen ez dugun diskoko kantu bakarra da. Gu bezalako bi pabarotirentzat abestiaren bukaerara arnasarik gabe iristera eramaten gaitu, energia asko duen kantua delako eta abesteko unea zer esanik ez», kontatu digu Izetak.

‘Korrokoi albinua’ ezagutu genuen bere garaian haien eskutik eta orain ’Iñurritzako Moby Dick’ sortu dute: «Inurritzakoak gara eta bertako kanalean korrokoi ugari ibiltzen zen aspaldian. Hor askotan esaten genion ea sekulan ere korrokoi albinorik ikusiko ote genuen. Bada hirugarren diskoa da, heldutasuna badu Sofak eta fabula horri jarraika bada korrokoi albinoa Moby Dicken bihurtu dela esan dezakegu».

Bi zigiluren babesa

Berrikuntza batzuk aipatu ditugu eta horien artean bi zigilu garrantzitsuren babesa lortu dutela da. Bonberenea Ekintzak dago batetik eta B-Core Disc zigilua beste aldetik. «ilusioa eta apustua izan dira zigiluekin hasi dugun elkarlana. Gauzak dauden moduan eta biniloaren prezioa egun zenbatekoa den ikusita, argi geneukan koedizioa egiteak asko lagundu zezakeela guzti honi buelta ematen. B-Corekoekin harremanetan jarri ginen, kantu batzuk luzatu eta nahikoa azkar esan ziguten baietz, guk espero ez arren. Bonberenearekin atera nahi genuela ere oso argi geneukan eta guztia uztartzeko gai izan gara. Orain ea biniloak saltzen dira eta arnasa hartzen joaten garen!», kontatu digu Sofa taldeko kideak. Zigiluak errepidera gehiago eramateko nahia ere badute, Bartzelona edota Madril aldean gehiago joz eta asteburu pasa batzuk eginaz.

Madeleine taldearekin eskaini zuten beren azken kontzertua maiatzaren 6an, Zarauzko Modelo aretoan. Atzetik etorriko dira Soraluze, Urretxu-Zumarraga, Orio, Segura, Tolosa, Gernika, Donostia, EHZ Festibala, Zelatun eta uda osteko Hondarribikoa. «Musika horretarako egiten dugu eta ilusioz eta oso eskertuta gaude jaso dugun erantzunarekin. Bonbereneako kontzertua ere sekulakoa izango da. Baina gehiago etorriko dira, lanean bagabiltza horretarako eta uda ostean kanpora ere jaon nahi genuke», bukatu du Izetak.