Live

Ion Garate
Interview
Pello Larrinaga
Getxo Errugbi Taldeko jokalaria

«Oso onak dira erasoan eta ezin dugu plakaje bat bera ere huts egin»

Pello Larrinaga (Algorta, 1999) errugbi jokalaria da Getxoko taldean. Iaz Ohorezko Mailatik jaitsi ziren getxoztarrak eta aurten berriro ere gorengo mailara itzultzeko borrokan dabiltza. Etxeko jokalarien aldeko apustua egin izana eta igoera fasera sailkatzea «harrotzeko modukoa» iruditzen zaio.

Audio_placeholder

«Oso onak dira erasoan eta ezin dugu plakaje bat bera ere huts egin»

Loading player...
Pello Larrinaga, erdian, fase erregularreko partida batean.
Pello Larrinaga, erdian, fase erregularreko partida batean. (GETXO RUGBY)

Getxo Errugbi Taldea Ohorezko Mailara igotzeko play-offetan buru-belarri dabil. Finalerdietako joaneko partida jokatu zuen joan den astean Faduran eta 20-23 galdu zuen Belenos talde asturiarraren aurka. Igandean 12.30ean jokatuko dute Avilesen itzulerako partida eta Pello Larrinaga jokalariak uste du gai direla irabazteko, «hiru puntuko desabantaila daukagu soilik». Zaleek autobusen bat antolatu dutela eta lagun batzuk ere hurbilduko direla adierazi du, kanpoan ere etxean bezala sentitzeko asmoz.

Zer sentsaziorekin amaitu zenuten joaneko norgehiagoka?

Penaz, amorruz, azken minutuan izan zelako beraien entsegua. Orokorrean egin genuen partidarekin geratu behar gara eta pozik egon behar dugu. Partida osoan zehar agindu genuen; orain ikusi dugu partidako 80 minutuak jokatu behar ditugula. Ezin dugu azken minutuetan besoak jaitsi.

Partidaren amaieran izan zenuten pattalaldia. Nekea edo zer izan zen?

Ez dakit garrantzi handiko partida hauetan esperientzia falta nabaritu zen edo nekea izan zen. Azken 10 minutuetan ez genuen ia baloirik eduki, defendatzen aritu ginen denbora osoan. Azkenean, baloirik gabe ezin dugu punturik egin.

Kontuan hartu behar da liderrak direla beraiek eta joko aldetik partida ona jokatu zenuten.

Bai, hala da. Bi partida jokatu ditugu haien aurka eta asteburu honetan ikusi genuen gai garela aurre egiteko. Soilik hiru puntuko desabantaila daukagu eta asteburu honetan iraultzeko gai garela sinetsi behar dugu.

Zale dezente gerturatu zen Fadurara. Asko eskertu zenuten jendearen hauspoa horrelako aurkari zail baten aurrean, ezta?

Bai, oso polita izan zen Fadura beteta egotea. Sekulako bultzada izan zen, eskertzekoa.

Igande honetan Avilesen jokatuko duzue itzulerako partida (12.30ean). Zer hobetu beharko duzue?

Aurreko partidari begiratu genion bezala begiratu behar diogula uste dut. 80 minutuetan zehar erasoan eta defentsan, ehuneko ehun eman behar dugu. Oldarkortasun maila apur bat handitu behar dugu, zeren eta joanekoan apur bat falta izan zitzaigun, defentsan, batez ere. Badakigu beraiek oso onak direla erasoan eta ezin dugu plakaje bat bera ere huts egin, bestela aurkako puntuan bilakatuko direlako.

Fase erregularrean, beraien aurka jokatutako bi partidak Avilesen jokatu zenituzten, bietan porrota jaso zenuten. Hirugarrenean asmatzen dela esaten da.

Bai (barrez). Ikusita nola jokatu genuen Faduran, ohartu ginen gai garela aurre egiteko, eta oso motibatuta gaude. Finalerdiak dira, hiru puntu besterik ez dira.

Non egon daiteke gakoa?

Nik uste dut izan genezakeen urduritasun puntu hori jada hautsi dugula. Patxada apur batekin eta presio gutxiagorekin hartuko dugu itzulerako norgehiagoka. Entrenamendu hauek oso garrantzitsuak izan dira eta uste dut sekulako partida izango dela.

Taldea ondo ikusten duzu psikologikoki eta fisikoki?

Bai, azken partida hauetan oso nekatuta gaude, denak bezala; beraiek ere bai, suposatzen dut. Partida asko dira, baina motibatuta egonda, sekulako taldea edukita, aurrera jarraitzeko gai garela uste dut.

Fase erregularra 4. postuan bukatu duzue. Nola baloratzen duzu, oro har, egiten ari zareten denboraldia?

Denboraldi osoa kontuan hartzen badugu, hasieran apur bat makal aritu ginen. Aldaketa asko eduki ditugu, bai zuzendaritza taldean bai talde teknikoan. Gainontzean, positibotzat jotzen dut denboraldia. Azken partidan ikusi zen izugarrizko jokaldiak egiten ditugula, baloia alde batetik bestera mugitzen dugula eta pozik eta harro egoteko lana egin dugu denboraldi osoan.

Gainera, fitxaketa gutxi egin dituzue. Jende gaztearekin eta etxeko jokalariekin aritu zarete.

Bai, eta oso harro egoteko modukoa da. Getxok, klub moduan, filosofia hori izan behar du. Gainera, gaur egun ikusten dugu Ohorezko Mailako taldeetan zenbat fitxaketa dauden eta maila honetan egoteak [Ohorezko B Mailan] eta etxeko jokalariekin jokatzeak sekulako harrotasuna ematen dit.