Live
Sergio Meaurio da Elizabeltz proiektuaren bultzatzaile nagusia, nahiz eta ondoan dituen Jon Garamendi, Jon Mikel García eta Aitor Bengoa. Metala eta satanismoa lotuta egon izan dira askoren begitarako eta hauek erabat uztartzen dituzte bi kontuak ‘Yersinia pestis’ diskoan. Beste Bat saioetan hartu dute parte apirilean eta, diskoa kaleratu berri zutenez, MusikHarian aurkeztera gonbidatu ditugu.
Esan daiteke, dena dela, alkimistak direla Elizabeltz taldekoak. Edo horrela agertzen dira behintzat jendaurrean, Erdi Aroko alkimisten moduan jantzita. Hortik dator ‘Solve et coagula’ kantuaren titulua ere, alkimistek aldaketa baten aurrean erabiltzen zuten formula orokorra hori izaten baitzen.
Horrez gainera, kanpaiak, Luziferren izena edota misantropia presente dituzte beren kantuetan. Shock rock estiloaren baitan kokatu dute lana, eta ez da harritzekoa, lehenengoz entzutean shock egoera txiki bat sortu dezakeelako Elizabeltz taldearen disko honek. Doinu ilunei, gainera, sokak, haizezko instrumentuak eta koro elizkoiak gehitu dizkiote bermeotarrek.
Baina dena kritika sozial moduan ulertu daiteke, eta helburua gizarte toki argiago eta hobeago bati begira jarri eta horretarako aldaketan pentsatzen jartzea da. Izan ere, satanismoa zerbait txartzat hartu izan bada ere, diskoan argi utzi dute desberdin izateagatik markatutako asko egon dela historian eta askotan deabrukeriatzat hartzen ziren gauzak, berez, ez zirela halakorik.
Istorio bitxia Meauriok MusikHaria saioan kontatu diguna eta lasaiago entzun eta hobeto ulertu dezakezue elkarrizketa hasi eta buka entzunda goiko audioan. Beste aukera, edota aukera gehigarria, diskoa entzutea ere bada. Hori bai, hobe egun argiz entzuten baduzue.