Live
Manifestazio itxura hartuko du torturaren aurkako aldarriak ekainaren 25ean Iruñean. Baluartetik abiatuko den manifestazioan, pasa de otsailaren 12an aurkeztu zuten Nafarroako Torturatuen Sarearen helburuak jarriko dituzte mahai-gainean.
Miguel Angel Llamas, 'Pitu', sareko kideak azaldu du «tortura izan denaren aitortza eta hori sufritu dutenen errekonozimendua» dela egun horretan aldarrikatuko dutena, baita hori «berriz ere ez gertatzeko bermeak» eskatu ere.
Elkartean pozik daude Estatuko Segurtasun Indarrek torturatuko pertsonen errekonozimenduaren alde, azken urteetan, eta batez ere azken hilabeteetan emandako urratsekin; «harreman oso sendoak» eraiki dituztela dio torturatuen sareko kideak, eta «espektro politiko-ideologiko guztira» heldu direla gaineratu, eman behar diren urratsak «kontsentsu sozial handiarekin» eman behar direla uste dutelako.
Izan ere, egiteko dagoena asko da oraindik: «Eskatzen diogu nafar gobernuari egin dezatela EAEn bezala ikerketa ofizial bat, independentea, oinarri zientifikoekin, jakiteko noraino iritsi den tortura».
Nolanahi ere, pozik dira Torturatuen sareak izan duen harrerarekin. Honen sorrerak ekarri du «etxe askotan lehen aldiz hitz egitea torturaz»; jakin badakite «kutxa mingarri bat zabaltzea» dela, zenbaitek urte asko daramatela hori ireki gabe, eta zentzu horretan, 60ko hamarkadatik hona «tortura sufritu duten guztiengana» iristea dela euren nahia eta asmoa.