Live
Kontzertu mordoxka eman ditu Shinova taldeak ‘La buena suerte’ diskoa argitaratu duenetik, nahiz eta ohikoa baino gutxiago izan. Diskoaren urteurrena betetzen den honetan, ordea, zerbait berezia egin nahi izan dute eta Erlantz Prieto taldekidearen eskutik ‘Gigantes’ kantua moldatu eta Idoia abeslari aramaioarrarekin kaleratu dute.
Bideoklip eta guzti dator abestia, «sotila eta dotorea» izatea zen GatoBala ekoiztetxekoen nahia eta pozik geratu direla kontatu digu Daniel del Valle Shinova taldeko gitarra-jotzaile eta teklatu-jotzaileak. Bideoa Markina-Xemeingo musika eskolan dago grabatua eta bertan taldekideez gainera Idoia Asurmendi bera ere ikusi daiteke. «Bere ahotsa gogoko genuen eta zerbait egitea pentsatzen genbiltzala, ‘Gigantes’ pare-parean egokitzen zitzaiola bururatu zitzaigun. Proposatu genion eta baiezkoa eman zigun, eta gu pozik», azaldu digu Del Vallek.
Madrilen elkarrekin oholtzan aurkezteko modua izan zuten otsailaren 6an Circo Price antzokian eman zuten kontzertuan: «Han sortu zena hitzekin deskribatzea zaila da, hunkigarria izan zen bertakoa». Martxoaren 17an Oviedon izan ostean, 18an Pontevedran eta 19an A Coruñan izango dira Shinova taldekoak, atzetik apirilean Xixonen beste kontzertu bat eman eta jaialdi handietan jotzen hasiko dira. Data guztiak beren web orrialdean jarrita dituzte. «Euskal Herrian gehiago jotzeko nahia ere badugu, Ermuan eman genuen kontzertuan gertu sentitu genuen publikoa eta jende asko geratu zen kanpoan, familiako batzuk barne. Ea laster baden aukerarik», bukatu du Berrizko musikariak.