Live

Naiz Irratia

«Korsikako gazteek hartu dute euren gain prozesu independentista»

Yvan Colonna preso independentistak jasandako eraso larriak mobilizazio etengabeak sortu ditu Korsikan. Maite Ubiria lankidearekin eta Joritz Larraza Korsikan bizi den euskaldunarekin aztertu dugu egoera.

Audio_placeholder

«Korsikako gazteek hartu dute euren gain prozesu independentista»

Loading player...
Yvan Colonnaren aldeko mobilizazioa, Bastian
Yvan Colonnaren aldeko mobilizazioa, Bastian (Pascal POCHARD-CASABIANCA | AFP)

Frantziako barne ministroak «sutan dagoen» Korsika bisitatuko du asteazken eta ostegun honetan, testuinguru zinez berezian. Izan ere, pasa den martxoaren 2an Yvan Colonna preso independentista koman utzi zuen beste preso batek Arles-ko espetxean egindako eraso batean eta ordutik protestak etengabeak izan dira. Igandean Bastian egindako manifestazioan 15.000 lagunek hartu zuten parte eta istilu larriak izan ziren.

Korsikan bizi den Joritz Larraza euskaldunak Naiz Irratian azaldu du mobilizazioetan hiru direla aldarrikapen nagusiak. Colonnari gertatu zaiona argitzea, preso politikoen hurbilketa eta askatasuna eta Korsikaren autonomia.

Testuinguru honetan elkartuko da Gérald Darmanin estatu frantziarreko Barne ministroa Korsikako ordezkariekin, esan duenez, «aurrekaririk izango ez duen eztabaida ziklo bat zabaltzeko». Gaineratu du Frantziako Gobernuak ulertu dituela «irlaren etorkizun instituzionalari, ekonomikoari, sozialari eta kulturalari buruz Korsikako hautetsien eskaerak, batez ere Gilles Simeoni Kontseilu Exekutiboko presidentearenak».

Maite Ubiria lankideak propaganda politikoa sumatzen du ministroaren hitzetan. Hilabete barru egingo dituzte hauteskunde presidentzialak Frantzian eta egoera honetan ez du uste gobernuak pausu sendorik emango duenik. Joritz Larraza Korsikan bizi den euskaldunak Naiz Irratian azaldu du herritarrek ez dutela esperantza handirik bisita honen aurrean.

Ubiriak gogoratu du 2018tik Frantziako gobernuak ez duela apenas hartu emanik izan Korsikakoarekin. Irlan, ordea, aro aldaketa bat ematen ari dela uste du eta gazteek hartu dutela prozesu indepependentistaren gidaritza. «Korsikan aro aldaketa bat ematen ari da, ikasleek, gazteek hartu euren gain prozesu independentista aurrera eramateko misio historikoa». Larrazak ere gazteen protagonismoa nabarmendu du, historikoa dela baieztatuz. «Gazteek dute bultzatu mobilizazioa, harrigarria da, hemen jendeak ez du inoiz halakorik ikusi». Gaineratu du arrakala bat dagoela gazteen eta indar politiko abertzaleen artean, alderdiek soilik borroka instituzionala egiten dutela uste baitute gazteek.

Jaurlaritza Logoa