Live
Aspaldian zuten ideia buruan bueltaka eta azkenean lortu dute errealitate bilakatzea. «Errepresioa eta bazterketa egoeran bizi diren pertsonak» dira Gure Haizeak ileapaindegi komunitarioan lan egiten dutenak, Maialen Mangasek azaldu duenez. Egoera hori iraultzeko jarri zuten martxan ileapaindegia, joan den irailean, euren baldintza legal eta sozialengatik «beste leku batzuetan lan egin ezin duten pertsonek lan egiteko aukera» izan, eta, aldi berean, «espazio seguru bat» sortzeko eurentzat, «kidetasuna sortzeko, harremanak egiteko».
Autogestionatua den proiektua da ileapaindegi komunitario hau, komunitatea duena ardatz. Elkarte bat dira eta harremanetan daude auzoko beste elkarteekin. Bide ederra eta emankorra egiten ari dira eskuz esku. Crowdfounding kanpaina bat abiatu dute oraintsu sosak lortzeko; bertan lortutako guztia ileapaindegian lan egiten duten pertsonei soldatak ordaintzeko izango da. Mugimendu feministak eta Coop57 banka sozialak eman diete diru-laguntza handiena eta gainerakoa auzotarren eta crowdfoundingaren bidez lortu dute.
«Funtsezkoa» da lan bat izatea
Proiektuaren sustatzaile den Zakariak azaldu duenez, gurera iristen diren lagunek «funtsezkoa» dute lan bat izatea, «eguneroko bat eraikitzea», gainerakoan oso zaila delako dituzten helburuak betetzea.
Premisa bat dute proiektu honen sustatzaileek: «Hemen inor ez da ilegala, eta hori apurtzea da ideia. Hemen lan egiten dutenek hiruzpalau urte daramate hemen bizitzen eta oraindik ez dira gai izan euren egoera erregularizatzeko. Ez baduzu paperik, ezin duzu lan egin eta, beraz, ezin duzu bizitza duin eta aske bat aurrera eraman. Gurpil zoro bat da». Horregatik dio Zakariak «Atzerritartasun Legea aldatzea» dela egoera iraultzeko bide bakarra.
«Harrera ona» izan du
Auzoan «harrera ona» izan duen egitasmoa da Gure Haizeak proiektuarena, bultzatzaileek azaldu dutenez. Ileapaindegia zabaldu zutenean ongi hasi ziren lanean. Ondotik, gabonen bueltan, baxuago ibili ziren eta orain martxa berreskuratzen ari dira. Duela hilabete mikrofono ireki bat egin zuten, abeslari eta lagun dexente hurbildu ziren eta bultzada eman zien horrek. «Bezero gehiago behar ditugu eta kanpainak egiten ari gara ea jendea animatzen den».
Gurean antzeko proiekturik ezagutzen duten galdetuta, Artea herrian izen bereko egitasmoa bat ezagutzen dutela aipatu du Mangasek; herri ostatu bat da errefuxiatuek lan egiten dutena.