Live
2013an bikote bezala soinu akustikoak joz sortutako taldea da Occhi Di Farfalla eta gaur egun lau kidek osatzen dute. Lan luze berria argitaratu du, ‘Iraun’ eta norabide ezberdinetan galtzen den rock musika jorratzen dutela kontatu du taldeak, kaleratutako disko berri honetan antzeman dezakegun moduan.
Diskotik diskora izan dituzten taldekide aldaketek azken lan honetan eragina izan duela azaldu digu Miren Aranguren taldeko abeslariak: «Zalantzarik gabe momentuan dauden musikariek sortzen dute diskoa eta gero bakoitzaren ibilbideak eta pertsona bakoitza garenak ere garrantzia du sortzerako orduan, adibidez, nire abesteko teknika asko aldatu da urtez urte, eta, lehen esan bezala, taldekide berriak batu zaizkigu oraingoan, taldearen musika estiloaren bidearen noranzkoa apur bat aldatuz».
Horrez gainera, taldearen soinuaren eboluzioaren inguruan ere hitz egiten egon gara, estilo akustikoago batetik, gaur egun jorratzen duten rock estilora nola biratu duten jakin asmoz. «Gure estilo finkoa zein den ez nuke esaten jakingo, Occhi di Farfallaren estiloa poliki-poliki lantzen aritu garelako, akustiko formatuan hasi arren, talde bat osatzea erabaki genuen eta taldearekin elektrikoak grabatzea pentsatu genuen. Gauzak suertatu ahala joan gara gure bidea egiten, baina, azken-aurreko diskoan, bide hori gehiago lantzeko intentzioa izan genuen, soinu elektrikorako eta zarata puntu hori lortzeko tartea eskaini genion. Behin lan hori kalean, buruan genuen ideia lortu ez genuenez, lan berri hau sortzerako orduan denbora izan dugu eta soinu horren bueltan lantzen jarraitu dugu, etxean grabatzeko materiala jarriz eta horrek aurre-produkzioan lagundu digu. Bitarte horretan, zer nahi genuen, nola nahi genuen eta nolako soinu mota lortu nahi genuen zehazten joan gara».
Taldearen influentzien inguruan hitz egiterakoan, 90.hamarkadako musika estiloen influentziak dituztela azaldu digu taldeko abeslariak: «90.hamarkadako musika asko entzun dugu eta nire ustez gure musikan nabaritzen da, gu garai hartakoak izateak ere garrantzia du, nolabait esateko 80.hamarkadan jaioak eta nerabezaroan momentuko musika entzuten genuen. Nik metal estiloa askorik ez dut entzun, agian Hodeiek gehiago eta hori ere agerikoa dela esan dezakegu».
Bonbereneako teilatupera
Estudioko lanari buruz hitz egiterakoan, taldekide guztiek batera jotako grabazio bat izan den arren, zati batzuk bakarka grabatu dituztela ere kontatu du Arangurenek, geruza bat baino gehiagoko abestiak osatu dituztelarik: «Alde batetik, instrumentazioa denok batera grabatu genuen, soinu naturalago bat lortzeko intentzioarekin, eta, bestetik, ahotsa bakarrik grabatu genuen, grabatutako instrumentazioaren gainetik, beste kapa batzuetan hainbat koro sartuz. Horrez gainera, gitarraren zati batzuk ere grabatu ditugu gainetik baina gehiegi sakondu gabe».
Bonberenea Ekintzak zigilura batu da talde zarauztarra eta horren inguruan ere hitz egin dugu: «Guretzako opari bat izan zen Bonbereneak gure proiektua lagundu nahi izatea eta komunitate baten parte izate hori oso polita iruditzen zaigu, faltan botatzen dugun zerbait izan da eta bere bidea egiten ari den taldearen bakardade puntu hori alde batera utzi dugu. Aukera hori eskaini ziguten eta gu pozik, gainera talde ugari gara zigiluarekin diskoak argitaratzen ari garenak eta saiakera bat egiten ari dira komunitate hau indartzeko, elkar laguntzeko, elkarrekin jotzeko eta, batek daki, elkarrekin gauza berriak sortzeko».
Diskoaren aurrerapen kantua izan zen ‘Sanatorium’ abestiaren inguruan ere aritu gara hizketan: «Hasiera baten erabaki estetiko bat izan zen, ez genuen euskarazko adierarik aurkitzen hitz horrentzao eta abesterako orduan beste hitz baten ordez aldatzea pentsatzen ari ginenean, baina, azkenean, ordezko hoberik ez eta hitz horrekin geratzea erabaki genuen». Behin eta berriz «nire sanatorium» aipatzen du abestiak eta zein ote da Miren Arangurenen ‘sanatorium-a’? «Eusten nauten beso eta begirada horiek dira, bereziki lagunenak. Mugimendu feminista bezalako komunitateetan eta musikaren bueltan sortutako komunitateetan jartzen dut fokua».
Kritika gordina
‘Denok zimelduko gara’ abestiari buruz, gaur egungo gizartean sare-sozialei ematen diegun erabilerari egindako kritika bat dela azaldu digu: «Nire ustez, gaur egun pertsona guztiek dugun gaixotasun bat sortu digute sare-sozialek, gure zati bat bakarrik erakusten dugula eta benetakoa ez dena gainera. Gure buruarekin lasaiago edo erosoago sentitzeko egiten dugula uste dut, bakardadetik aldentzeko helburuarekin, baina azken finean ezer ere lortu gabe. Gaiak arduratu egiten nau, bai sareetan eta bai itxurakeriaren munduan sortzen ari garena ikusita, ez diogulako tarte handirik eskaintzen gure beste alde batzuei, adibidez, oso konpartituak diren gure miseriei. Azkenean denok hilko gara antzekotasun askorekin eta abesti honetan, zergatik ez ditugun beste oinarri batzuk sortzen aldarrikatzen dugu».
‘Desamodioaren gizakiak’ kantuak badu soinu berezi bat eta nola dagoen grabatuta eta kantaren sortze prozesua nolakoa izan den jakin nahi izan dugu. «Abesti hau estudioan sortu genuen, lehenagotik prestatu gabeko kanta zen. Egun batzuk Garate estudioan pasa genituenez, bertan sortu genuen gitarraren oinarria eta ahotsaren melodia. Oso inprobisatua den abestia dela esan dezakegu eta horrela grabatzea erabaki genuen, inprobisazio puntu horrekin. Mikrofono batekin grabatuta dago abestia eta entzuten den oinarri erritmikoa mugikor batekin sortu eta bertako entzungailutik jarri genuen, baliabide gutxirekin sortutako abestia da. Mezuari erreparatzen badiogu, bizitza baloratzen ez duen jende asko dugula inguruan uste dut, eta horrek gure bizitza guztia baldintzatzen du», azaldu digu Arangurenek.
‘Oihu bat’ ahalduntze abestia bezala ulertu dezakegu, baina Miren Arangurenek beste bide bati heldu zion hitzak idazterakoan: «Mugetan egunero bizi diren pertsonengan pentsatu nuen hau idaztean. Azken urteotan Senegaletik Zarautz aldera datozen pertsona ugari izan dira eta haiekin hitz egiteko aukera izan dugu momentu batzuetan, modu lasaian eta beste mota batetako harremanak egiteko balio izan digu. Hala, kontatu dizkiguten bizipenen inguruan sortutako kanta bat da ‘Oihu bat’. Somaliako poeta batek esaten du, inork ez zituzkeela bere seme-alabak uretan jarriko lurra baino arriskutsuagoa izango balitz, eta hautu hori bertako pertsona askok hartzen dutela ikusi dugu». Errealitate gordina, zinez.
Kontzertuekin ere hasi dira dagoeneko Occhi di Farfallakoak, baina pausoz-pauso doaz bide horretan ere: «Dena berriz aktibatzen dagoela ikusten ari gara eta alde horretatik oso pozik gaude, asteburuetan toki txiki eta autogestionatuetan ekintza ugari izaten direla ikusten ari gara. Horrez gainera, guk ere kontzertu batzuk baditugu eskaintzeko, hilabete bukaeran Madrilera joango gara, apirilean, momentuz, lau kontzertu ditugu eta maiatzean ere badugu emanaldirik. Mugimendu hori ikustean oso pozik jartzen gara». Baita gu ere.