Live
Parisko kaleak zeharkatu zituen Korrikak joan den asteburuan. Euskal Herrian martxoaren 31n hasiko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia, baina azken urteetan indartu egin den dinamikaren baitan, munduko txoko ezberdinetan ere egingo da Korrika. Frantziako hiriburuan larunbat honetan izan zen hitzordua, Parisko Euskal Etxeak antolatuta.
Lorea Ibañez izan zen mikrofonoarekin giroa alaitzeko arduraduna. Pozarren mintzatu da Naiz Irratian Parisen egindako Korrikarekin, poliziek nolabaiteko traba jarri zieten arren, ez zieten utzi errepidean korrika egiten. Edonola, euskararen alde «oihuka» aritu ziren 60 bat lagun.
Laugarrenez antolatu du Korrika Parisko Euskal Etxeak, Euskal Herritik kanpo dauden euskaldunek ere euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko, Ibañezen esanetan. Euskaraz aritzeko aukera ematen die, besteak beste, Euskal Etxeak. Bilgunea da Paris inguruko euskaldun askorentzat. Sagardotegiak, kontzertuak, mus txapelketak nahiz bazkariak antolatzen dituzte.