Live

Naiz Irratia

Uste baino lehen heldu den okertzearekin «kezkatuta» zientzialariak

Azken txosten epidemiologikoek utzitako datuen ondotik, «kezkatuta» agertu dira Izortze Santin eta Koldo Garcia. Okertze bat espero zuten, baina ez horren bizkor. Barnealdeetan maskara kentzeko aukera atzeratzearen alde agertu dira, Covid iraunkorraren berri jaso dugun tertulia zientifikoan. 

Audio_placeholder

Uste baino lehen heldu den okertzearekin «kezkatuta» zientzialariak

Loading player...
Keztatuta daude zientzialariak uste baino bizkorrago etorri delako egoeraren okertzea
Keztatuta daude zientzialariak uste baino bizkorrago etorri delako egoeraren okertzea (Gorka RUBIO | FOKU)

Azken txosten epidemiologikoen arabera, asistentzia-presioak behera egin du Hego Euskal Herrian; 219 paziente daude ospitaleetan Covid 19az kutsatuta, 39 zainketa intentsiboetako unitatean. Hala ere, kutsatzeen kopuruak gora egin du, eta EAEn ugalketa-kopurua 1,13koa da; jakina da, gainera, datu errealak ofizialak baino altuagoak izan daitezkeela, kasu guztien jarraipena ez delako egiten egun. 

Argazkia «kezkatzekoa» dela esan du Koldo Garcia zientzialariak; egoeraren okertzea espero zuen berak, baina «beranduago, Aste Santuko oporren bueltan», eta aurreratu izana ez da zantzu ona; «positibotasuna %15ean dago EAEn, kontrolpean izateko %5etik behera egin behar duela esaten dute». Azpimarra egin du azken asteetan «aktibitate» gehien egon den herrietan kasuek gora egin dutela gainera, Tolosa [ihauteriak] edo Astigarraga [sagardotegi denboraldia] kasu. «Birusaren bilakaera gure ohiturekin lotuta dagoela argi dago».

Maskara da egun birusaren aurrean dugun babes neurri bakarra; Ipar Euskal Herrian dagoeneko ez da beharrezkoa barnealdeetako leku gehienetan, Hego Euskal Herrian ere kentzekotan direla dirudi, nahiz eta astebetez atzeratu duten horren inguruko erabakia erkidegoetako osasun arduradunek. Santinek uste du ez litzatekeela «egokia» neurri hori ezabatzea, eta atzeratzearen alde egin du: «Zergatik ez dugu itxaroten udarara arte? Suposatzen da garai horretan egoerak hobea izan behar lukeela».

Covid iraunkorra

Covid-a azkenaldian iraganeko kontua dela dirudi, baina bistan da ez dela horrela. Eta hemen segitzen duenaren seinale da birusak gaixotu egiten duela, eta horren oinazeekin segitzen dutela pertsona askok. Covid iraunkor edo epe luzeko Covid-a duten gaixoez ari gara. Horietako bat da David Fulgueral; 48 urte ditu, eta gaixotasunaren oinazeekin jarraitzen du oraindik ere, nahiz eta lehen olatuan kutsatua izan. Pertsona kirolaria izatetik, «egunaren arabera» neke sentsazio konstante bat izatera igaro da, «lo falta, burukomin handiak…»; horrekin elkarbizi da egunerokoan, «hainbestean». Duela hamar hilabete, gainera, bihotzeko ebakuntza egin behar izan zioten; ez diote ziurtatzen Covid-aren eraginagatik izan denik, nahiz eta zenbaitek baietz esaten dion.

Bere eritasunerako tratamendu zehatzik ez dago; banan-banan tratatzen diote oinaze bakoitza, dagokion espezialistak. Ez dago talde finkorik Covid luzeko gaixoak artatuko dituenik. Garai batean buruko eritasuna edo psikologikoa izan zitekeela iradoki zen; Fulgueralek azaldu du badirela Europako kode batzuk gaixotasuna «errekonozitzen» dutenak, baina kode batzuk besterik ez direla gaineratu du, ez dutela «askorako balio». Berak gaixotasun profesional gisa errekonozitua du, osasun profesionala baita, baina gaineratu du nahiko luketena dela «atentzio egokia izatea, tratamendua egotea eta taldea osatua egotea paziente hauek artatzeko». Gogoratu du asteartean EHBilduk gaia eraman zuela Espainiako Senatura, eta Carolina Darias osasun ministroak emandako erantzunen arabera, «ez dakite nondik hartu, ez dakite zer egin, betiko aitzakia da gaixotasun berria dela eta ikertu egin behar dela, baina bi urte daramatzagu horrela eta garaia da irtenbide egoki bat emateko».

Jaurlaritza Logoa