Live

Oinatz Aizpuru
NAIZ Irratia. Haria 2ko gidaria
Interview
Pernando Barrena
EH Bilduko europarlamentaria

«Bidea ez da armak bidaltzea, muineko arazoak politikoki konpontzea baizik»

Errusiak gerrarekin amaitu eta muinean dauden arazoei konponbide politikoak ematearen aldekoa da EH Bildu, «ez gatazka elikatzekoa». Pernando Barrera europarlamentariak munduko potentziek martxan duten «xake jokuan» ezkerrak alternatiba errealistak eskaini behar dituela defendatu du.

Audio_placeholder

«Bidea ez da armak bidaltzea, muineko arazoak politikoki konpontzea baizik»

Loading player...
Pernando Barrena, Europako Legebiltzarrean.
Pernando Barrena, Europako Legebiltzarrean.

EH Bildu Ukrainako inbasioaren eta okupazioaren kontra agertu da. Zentzu horretan Errusiaren berehalako erretiratzea exijitu du Pernando Barrena europarlamentariak. Uste du atzean gatazka politikoa dagoela, urteak daramatzala eta beste batzuek ere erantzukizun politikoak dituztela. «Alabaina, gerraren erantzukizuna Errusiarena da eta ez dago inungo aitzakiarik».

«Horren gainetik, gerrari ez esaten diogunuean pentsatzen dugu izan behar direla beste tresna batzuk gerra lehenbailehen gelditu eta konponbide politiko iraunkorrak lortzeko. Erakunde batzuek gauza asko egin dezakete, Europako Kontseiluak kasu», defendatu du. Ukrainako gatazka aspalditik datorrela, beste arrazoi politiko batzuk daudela eta horiei erreparatu behar zaiela gatazka ulertzeko dio Barrenak.

Europako ezker eraldatzaileak irakurketa ezberdinak ditu, bakoitzak bere Estatuko errealitatetik egiten duelako irakurketa hori. Pasa den astean erresoluzio bat bozkatu zen Parlamentuan eta bakoitzak bere boto askatasuna eduki zuen. EH Bilduk abstentziora jo zuen Ukrainako okupazioaren kontra agertzeko. Aitzitik, erresoluzioan NATOren aldeko apustua, zentsura hobestea eta armak bidaltzea lehenesten zen eta «guk horrekin ez dugu bat egiten», esan du europarlamentariak.

«Bidea ez da armak bidaltzea, elkarrizketa eta deseskalatzea. Armak bidaltzea gatazka gogortzea da eta ez da praktikoa. Ikusi behar da arma horiek nork jasotzen dituen, zalantzak ditugu arriskuak daudelako talde ultraeskuindarrengana ailegatu daitezkeelako», ohartarazi du.

Ukrainan bai, besteetan ez

Koherenteak izatea oso garrantzitsua da Barrenarentzat. Nazioarteko zuzenbidearen aplikazioa bai Ukrainan, baina baita Palestinan, Sirian eta Saharan defendatu du: «gaitzesgarria da Ukrainaren okupazioa baina baita beste lurraldeena ere. Batzutan lotsa ematen du zer nolako jarrera hartzen duten, batzuk lagunen arteko zuzenbidea lehenesten dute, lagunentzat malguagoa eta etsaientzat gogorragoa. Hipokresia hori azaltzearren, errefuxiatuak aipatu behar. Noski ukrainarrak herrialdetik atera behar dutela eta harrera integrala egin behar zaiela, baina errefuxiatu guztiei. Esaterako Poloniak ez du migrazio krisiaren baitan Siriako errefuxiatuak hartzera ukatu da eta orain kontrakoa. Azal txuri eta begi urdinak bai, koloreko eta islamiarrak ez».

Pablo Gonzalezen «mendeku operazioa»

Pablo Gonzalez kazetariaren eskubideak bermatzeko eskaera egin dio EH Bilduk Europako Kontseiluari eta ez dute erantzunik jaso. Barrenak argitu duenez, Poloniako erreferentzia ezberdinen bidez saiatzen ari dira bere egoeraren berri jakiten.

Halaber, Leporatzen diotenaz gain, kezkatuta mintzatu da bere osasunagatik, inkomunikatuta eduki dutelako eta hiru hilabetez espetxeratu dutelako. «Euskal Herrian badakigu zer den inkomunikatuta egon eta kartzeleratzea, torturaren errealitatea ezagutu dugu gertutik eta horretaz ohartarazi behar da», esan du. «Poloniak Gonzalez susmagarritzat jo du bertsio ezberdinak eman dituelako eta ez mendebaldeko autoritateek ontzat jotzen duten bertsioa. Mendeku operazioa dago atzetik, Espainiako Zerbitzu Sekretuak atzetik ibili direla jakin dugu eta ziurrenik atxilotu zutenean gertutik jarraitu dutela. Alarmak piztu zaizkigu eta erantzukizunak Poloniara ez ezik, Madrilera ere eskatu behar ditgu».

Munduko potentzien «xake jokoa».

Edozein akordiotara iritsita ere, honek «aro berri bat» zabalduko duela nazioarteko politikagintzan eta harremanetan uste du Barrenak: «Beste Estatu batzuk gertutik ari dira jaraitzen zer gertatzen den, Txinaren kasua Taiwanekin edota Argelia inoizko maniobra militarrik handienak ari da egiten Marokoren mugan. Munduaren botere banaketa eta jokoa martxan dago».

Datozen hamarkadetako apustuak egiten ari dira Errusia, Txina eta AEBak, EH Bilduko kidearen aburuz. Erabiliko dituzte «gerra proxiak, xake jokoa» botere mundialaren banaketari begira. Gainera, «Europako herritar txuri eta erosook jaso ditugu lehen ondorioak, lehengaien neurrigabeko garestitzeak, egoera zaila irekiko du datozen hilabeteetan. Horri ezkerrak jakin beharko du alternatiba errealistak eskaintzen» amaitu du.

 

Jaurlaritza Logoa