Live
«Sorpresa» izango da Tolosako inauterien txupinaren jaurtitzailea
Orduak besterik ez dira falta Tolosako inauteriak hasteko. Ostegun Gizenarekin pregoia zein txupinak inauterien hasieraren berri emango dute. Kabi Alai elkartea eta bertako bazkide den Patxi Amiano arduratuko dira inauteriei hasiera emateaz.
«Sorpresa» izango da Tolosako inauterien txupinaren jaurtitzailea
Errekor denboran antolatu dira 2022ko Tolosako inauteriak. Aurten burutuko diren ekitaldiek albo batean utziko dute iazko tristezia. «Sentsazio kontrajarriak» izan ditu Patxi Amianok inauteriak burutu ala ez burutzeko aukeraren aurrean.
Azken erabakia otsailaren 10ean hartu zen. Egun horretako arratsalde-gau partean Udaleko kideak eragileekin bildu ziren, alarma egoera erori ostean, zer egin erabakitzeko. Patxi ez zen bileran egon baina mugikorraren zaratek baieztatu zioten 2022an inauteriak ospatuko zirela. «Hurrengo egunean izan genuen elkartean lehenengo bilera zehazteko zer egingo genuen».
Ostegun Gizenean, «Udaleko kide» izaten da Patxi Amiano. Bere ardura da pregoia eta parodia. Galdetu arren, ez du ezer aurreratu hitzartzeaz. Beti mantentzen dute sekretupean, «sorpresa izateko».
Nork botako ote du txupinazoa?
Kabi Alairen bereizgarrietako bat da herriko kuttunaren aukeraketa. Aurten, Tolosa eta bertako herritarrak hautatu dituzte. Denbora faltan, ezinezkoa izan da pertsona edo talde bat hautatzea. «Aurkeztu ohi ditugu hautagaiak. Ondoren, erabaki, eta gero beraiekin kontaktuan jarri. Guzti honetarako ez genuen denborarik».
Azkenean, herriak «gaizki pasa» eta urte bat «galdu duenez», Tolosako herriari eman diote kuttun izendapena. Hala ere, erabakiak «sorpresa» dakar. Ohiko inauterietan kuttunak botatzen du txupina. Aurten, azken momentura arte ez da jakingo nork jaurtiko duen.