Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Interview
Xabi Aldaz
Kaotiko taldeko bateria-jotzailea

«Musika talde baten helburua eta betebeharra dela uste dut kontzientziatan eragitea»

Aurreko otsailaren 16an, asteazkenarekin, NAIZen kontatu genuen Kaotiko taldeak disko berria aurkeztu zuela, ’Sin filtro’ deiturikoa, Bilboko Bira kultur-gunean. Bi egun beranduago kaleratu zuten diskoa eta MusikHaria saiotik pasa zen Xabi Aldaz ‘Xabi Drummer’ taldeko bateria-jotzailea.

Audio_placeholder

«Musika talde baten helburua eta betebeharra dela uste dut kontzientziatan eragitea»

Loading player...
Bederatzigarren estudioko lana kaleratu du Kaotiko taldeak.
Bederatzigarren estudioko lana kaleratu du Kaotiko taldeak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Disko baten aurkezpenarekin berreskuratuko duzue pandemiak kendutako sentsazio ezta?

Egia esanda bai, azken finean erabat deskolokatuta egon gara, batez ere pandemieren lehen urtean erabat jokoz kanpo ginen. Bakoitza bere etxean, familiarekin galdutako denbora berreskuratzen ibili ginen, beti biran gabiltzalako. Azken urtean diskoa osatzen ibili ostean, emozioz beteta eta gogotsu gaude orain.

Lehen abestitik mezu zuzenekin zatozte. Ez dugu erremediorik? Gizartea lo dago? B planik nahi al dugu sortu?

Nik uste sortu nahi dugula baina zaila dago kontua. Agian pixka bat katastrofista hitz egiten dugu letretan, baina jendea esnatzeko pixka bat horrela izan behar da. Otsoa etxe atarian dugula konturatu arte ez gara askotan konturatzen egoeraz. Gaur egun nik uste dut nahikoa lokartuta gaudela eta jendea garai batean bezala egoteko horrelako letrak egin behar direla uste dut. Gure helburua, musikari bezala, musika egiteaz gainera mezu bat bidaltzea ere bada, ardura hori daukagula sentitzen dut, jendea pentsarazten jartzeko.

Aurreko diskoan Evaristo Paramosen hitzak zituzten zuen abestiek, oraingoan zuek idatzitakoak izan dira edota izan duzue laguntzarik?

Gehienak guk idatziak dira, baina Carlitos eta Ivi Non Servium taldeko kideek abesti bana idatzi dute. Bakoitzak modu batetara idazten du eta haiekin aurretik harremana genuela aprobetxatuz, proposamena luzatu genien eta hor geratu dira haien letrak.

Musikari adikzioa diozuela kontatzen duzue ‘Adicto’ kantuan. Eta normala da, 23 urte daramatzazue dagoeneko Kaotikorekin!

Nabari dugu atzo izan zela, baina begiratzen duzu atzera eta ez genuen esperoko hainbeste denboran hor egoterik. Nik uste dut bizitza guztian egongo naizela musikaren munduan sartuta, baina horrelako talde batean eta hain aktibo eta indartsu jarraitzea, sekulako oparia dela uste dut guretzat ere. Gaur egun oso zaila musikatik bizitzea eta gu zortedunak gara nola hala hortik bizi garelako, oso pribilegiatuak gara zentzu horretan. Rocka eginaz bizitzea eta Euskal Herria bezalako toki txiki batean zaila da, guk zortea daukagu estatu espainiarrean publikoa ere badaukagu, baina hor ere zaila da aurrera egitea eta guk zortea dugu.

Aurreko diskoetan euskaraz egin duzue abestiren bat edo beste, baina oraingoan ez.

Egiari zor, ez dugu euskararen gaia mahai gainean jarri. Zentratuta egon gara gure lanean eta ez zaigu euskarazko kanturik sortu oraingoan. Egia da beti abestiren bat euskaraz sartzea gustatuko litzaigukeela, baina putakeria bat den arren, ez da atera. Baina egia da da azken bi diskoetan ez dela euskarazko kanturik egon eta pena bat da.

Taldearen esentzia mantendu duzue abestietan eta horrek harrapatzen zaitu akaso doinuetan. Baina abesti guztietan badira xehetasun txiki ugari, mimo handia jarrita dagoela horietan iruditu zait.

Disko hau nahikoa berezia da beste batzuekin alderatuz, aurrekoetan ekoizle lanetan aritu delako norbait eta oraingoan ez. Abestiei buelta asko emateko denbora genuen eta aspaldiko garaietan bezala egin dugu lan, kanpoko ikuspuntua bagenuen baina ez ekoizle batena. Askoz ere lasaiago ibili gara dena xehetasunez begiratu ahal izateko eta soinua ere aldatu dugu. Paxkal Etxepare izan da grabaketaz eta nahasketaz arduratu den, gurekin zuzenekoetan bazebilen eta bazekien zer zen bilatzen genuena. Soinu krudelagoa, zuzenagoa eta finagoa nahi genuen lan honetan, baina musika guztia aurpegiaren parean edukiz. Oso txukun geratu dela uste dugu.

Soinua potolo-potolo dator lan honetan, beste diskoekin alderatuz beste loditasun bat edota beteagoak diren kantuak direla iruditu zait.

Beste dinamika bat dauka. Aurreko diskoak ere bortitzak dira, baina hau beste estilo batean dago egina, orduan, aldaketa hori bilatu genuen eta gure burua egoera horretan ikusi nahi genuen eta uste dut lortu dugula gauzak ongi egitea.

Etxera itzultzen denari buruz hitz egiten duzue ‘Tu hogar’ kantuan, baina lagunartea eta taberna eta halakoak ere aipatzen dira. Zalantza dut ea kanpotik etorri den norbaiti buruz ari zareten edota pandemian etxe barruan egoteari buruz eta faltan bota diren lagunarte eta tabernei abestuz.

Lehenengoari buruz da. Kanpoan ibili den pertsona batek etxera itzuli eta sentitzen duen harrera horri buruz ari gara. Itzultzen denean pozik jartzen den pertsonaren zoriontasun hori nabarmendu dugu nostalgiatik idatzitako kantu honetan. Baina beste ikuspegitik ere hartu zitekeen.

Zuena bezalako talde bat tabernarik gabe akaso ulertzeko zaila baita.

Oso zaila. Gu kontzertuak tabernetan eta gaztetxeetan hasi ginen ematen eta haietara bueltatuko gara beti, hori argi dago.

Soinuz antzeko bidetik doaz ‘Descontrol’ eta ‘Mi inspiración’ abestiak. ‘Descontrol’ kantuan zer esan nahi izan duzue, jendea nazkatuta dagoela eta egoera kontrolez kanpo geratuko dela edota dagoeneko galdu dela kontrola?

Bizitzaren kontrola galdu beharko dugula batzuetan esan nahi dugu kantuarekin. Egoera kontrolez kanpo dago baina guri ere gustatzen zaigu batzuetan horrela ibiltzea, egunerokotasunetik atera eta ihes egitea ondo dago, noizbehinka behintzat. Garai batean askoz ere gehiago zen, orain ordea… kar-kar.

Hor adinaren kontuak ere nabarituko ziren, noski.

Batzuetan uste dut baietz, baina beste batzuetan ez. Batzuetan arduratsuagoak gara, baina beste batzuetan erabat galduta ibiltzen gara.

Bira berri hau alde horretatik oso berezia izango da, jakina.

Espero dut hain topera ez hastea, baina bi urte goaz kasik jo gabe eta gogotsu gaude energia hori guztia kanporatzeko. Formal ibiltzeko intentzioz gaude, kontzertu asko ditugulako aurretik, baina makurtuko gara pixka bat ere, rocka horrela delako.

Taldea egiteko modu bat hori izaten da.

Taldea parranda batean edo lagunekin sortzen da, beste kontzerturen batera joanda edo dena delakoa. Euskal Herrian taberna zaleak gara eta hortik sortzen dira gauza pila bat.

‘Mi inspiración’ ere aipatu dugu, nori dago idatzita?

Letra sakona da, Carlitos Non Serviumek idatzita. Lehengusua galdu nuen duela bi urte eta Carlitosek nire tokian jarrita idatzi zuen abestia. Esan zidan letra irakurtzean konturatuko nintzela norentzat idatzi zuen eta berezia izan da. Oso gogorra izan zen galera hura guretzako, eta, abestia kasu horretan oinarritu bada ere, norbait galdu edota faltan sumatzen duen edonorentzat balio dezake.

Sare sozialei kritika zuzena egiten diozue ‘Red’ kantuan. Sekulan ere pentsatu duzue haietatik ihes egitea?

Ihes egitea ez, baina sareetatik kanpora egon gara duela bizpahiru urtera arte. Garai batean ez genion garrantzirik ematen eta bost axola zer gertatzen zen bertan, baina, gaur egun, tristeki esan behar bada ere hortik lan asko egin behar da. Promo lanen %90 sare sozialetan egin behar da eta niretzako erokeria bat da. Eta hori gu nahikoa arin ibiltzen garela, baina izatez sekulako pisua du, onerako eta txarrerako baina bertan egin behar da lan. Eta hori gero nire sare pertsonalean egun guztia tontokeriak elkarbanatzen ibiltzen naizela, nahikoa penagarria da. Hortaz, kantuan autokritika ere badago.

Musikalki akorde bereziren bat edo beste entzuten da abesti honetan, elektronika ukitu bat ere sartu duzue… Konposatzerakoan aldaketarik sumatu duzue?

Kaotiko ‘old school’ abestiak daudela esan dezakegu eta berritu ditugun beste gauza batzuk ere bai. Betiko akordeez gainera bestelakoak ere bilatu ditugu, xehetasun txikiak eta kantu pare batean elektronika ukitu txiki batzuk. Esperimentatu egin nahi izan dugu, ustetan ondo geratu da eta gustura geratu ginelako, uste dugulako gure esentzia ez dugulako galdu.

Hor Paxkalek animatuko zintuzten.

Oso teknikari ona da eta estilo asko kontrolatzen ditu, jende askorekin ere grabazio lanetan aritua baita. Proposatu genion eta ideia bikaina iruditu zitzaion, berak lotu zigun norekin egin genitzakeen samplerrak eta aurrera egin genuen.

Aberatsenen eta txiroenen arteko arrakala geroz eta handiagoa dela agerian utzi duzue ‘Seguridad Antisocial’ abestiarekin.

Politikariei eginiko kritika zuzena da. Gure burua zaindu behar dugula esanaz ahoa betetzen zaie azkenaldian, pandemian ardura gure gain jarri dute eta bitartean osasun publikoan murrizketa basatiak egin dituzte, kasik pribatura joatera behartuz. Hori bilatzen ari direla nabaritzen zaie. Guretzako gai garrantzitsua zen, jendearen osasunarekin jolasean ari dira eta haserretu egiten gaitu horrek. Kapitalismoa dago guztiaren atzetik, diruan zerarekin egiten dugu tupust bizitzako egoera gehienetan eta hori da tristeena.

Nabaria da abesti gehienetan kritika soziala dagoela, kontzientziatan eragin nahi izan duen disko bat dela esan dezakegu?

Kaotikok disko guztietan sartu ditu kontzientzia politikoa edota soziala lantzen dituzten hitzak, nahiz eta abesti pertsonalak ere badauden. Guk astindu bat eman nahi diogu jendearen kontzientziari, erdi lotan gaudela nabaritzen dut, akaso errealitatearen pertzepzio oker bat dudan arren. Kaotiko entzuten duen edonori begiak irekitzea da gure nahia, ikusteko gauza asko oso gaizki daudela munduan.

Lehendabiziko bederatzi kantuetan esan dezakegu modu batetara egin duzuela kritika eta azken biak 80etako punkaren bidetik, zuzenean dinbi-danba eman dituzue mezuak hor.

Lehen esan dudan moduan, musika talde baten helburua eta betebeharra dela uste dut kontzientziatan eragitea. Guk horrela ulertzen dugu musika, eta badakit asko ez direla ados egongo, baina guk egurra eman nahi dugu jendea behingoz ohartu dadin zer gertatzen ari den, puntu ironikoa sartuz.

Bi kantu desberdinenak ‘Gatillazo’ eta ‘Evolution’ dira musikalki erreparatuz gero. Lehendabizikoan gizonezko, zuri, heterosexual, normatibo horren figurari egindako kritika dago ezta?

Abesti horrek estereotipo garbi bat duen arren, ez da zehazki horri zuzendutako kritika. Edozein pertsonak jokatu dezake abestian aipatzen den modu kutrean. Bide horretatik enfokatu genuen, nabarmenago geratu zedin, baina edozein izan daiteke jarrera eskas horiek dituena.

The Killers taldea gogorarazi didazue kantu horretan.

Bai noski, haiei omenaldi txiki bat egin genion. Hasieran eta estrofan The Killersen ‘Somebody told me’ abesti dotorearen kutsua du, elektronika pixka bat sartuko genuela erabaki genuenean erabaki genuen kantu horren ukitua sartzea. Horrela atera zen eta txukun eta dotore geratu zela uste genuenez, aurrera.

Gero beste bitxikeria bat izan da ‘Gatillazo’ eta ‘Descontrol’ izatea bi kanturen izenak, propio egin duzue keinu moduan?

Ni ere ohartu nintzen horretaz! Ez dut letra bat bera ere idazten, horretan oso txarra naizelako, baina bai pentsatu nuela diozun horretan. Baina kasualitate hutsa izan da, bi taldeak aspalditik ezagutzen ditugu eta harreman oso ona dugu, baina ez da izan propio egin dugun zerbait. Letrak irakurri besterik ez dago.

Kontzertu bira indartsua duzue aurretik. Martxoaren 4an Euskal Herrian hasi eta atzetik kanpora zoazte. A zer nolako hilabete eta erdi daukazuen hor aurretik!

Jo eta sua ibiltzeko hilabete eta erdi daukagu hor eta, gero, bigarren zatia etorriko da uda ostean, azkenean, estatuko jarraitzaile asko dugunez, ahalik eta probintzia gehienetara joan nahi dugu jotzera. Gero udaran jaialdietan ere ibiliko gara, duela bi urte itxi genituen datak tarteko, atzeratzen joan dira eta aurten berreskuratuko ditugu data horiek. Hortaz, agenda estu-estu izango dugu baina gogotsu gaude bi urteren ondoren.

Zuek errepidearen maitaleak zarete?

Oso. Kontzertuetan asko gozatzen dugu, baina furgonetan ia ia oholtzan bezain beste. Giro aparta sortzen da furgonetan eta barre asko, farra asko… kar, kar. Oso sanoa da dugun giroa eta kilometroak egin eta elkarrekin egotea sekulako oparia da guretzat.

‘Evolution’ kantuan plastikoa, asfaltoa, hegazkinak… Larrialdi klimatikoaren inguruko gogoeta piztu nahi duzue, ezta?

Bai, jakina. Dena suntsitzen ari gara eta badirudi mundu hau lehertzea maite dugula eta gutxinaka bada ere lortzen ari garela nabaritzen da. Egunerokotasunean zaborrekin dugun joera, itsasoa eta mendia nola tratatzen ditugun… betikoa da, beranduegi denean hasiko gara aurretik ezer egin ez izanaz damutzen.

Kantu hau da guztietan desberdinena eta elektronikak beste publiko batengana ere gerturatzera eraman dezake zuen musika.

Abesti dantzagarria da eta lokalean prestatzen eta inprobisatzen ari ginela animatu ginen aurrera jarraitzeko. Aguayok ekarri zuen ideia landuta eta hortik hasi eta zerbait desberdin eta berezia geratu da, baina ez dugu uste diskoan tokiz kanpo geratzen denik.

Hori ere bada gauzak filtrorik gabe egitea.

Hala da! Ea orain jendeak zer dion.

Jaurlaritza Logoa