Live
«50 kilometroko azkeneko lasterketa hau da gehien gustatzen zaidana eta eskiatloiko emaitzak hobetzea espero dut», adierazi du NAIZ Irratiari eginiko elkarrizketan Imanol Rojo iraupen eskiatzaile gipuzkoarrak.
Tolosarrak 21. postuan amaitu zuen 15x15 eskiatloian eta 39. helmugaratu zen 15 kilometro estilo klasikoko proban. Proba hauetan bietan duela lau urte Pyeongchangen lortutako emaitzak hobetu zituen, eta helburu hori bera betetzen jarraitzea da gipuzkoarraren azken helburua bere proba kuttunean ere.
«Beti esan dut nire helburua Olinpiar Jokoetan lortu ditudan emaitzak hobetzea dela. Eskiatloiko emaitza hori hobetuko banu gauza ona izango litzateke, baina egia esanda ongi sentitzen naiz, eta ea aurreneko hamabost horietan sartzea lortzen dudan», aipatu du.
Ibilbidea gogorra izango omen da elurra eta eguraldiaren baldintzak dela-eta. «Zeropetik 15 gradu inguru espero dira eta haize handia gainera, eta elurra bera ere oso motela egongo da. Baldintzak oso gogorrak izango dira, baina oso motibatuta nago lasterketa oso ongi prestatu dudalako. Talde barruan ahal den denbora guztian egon beharko da eta azken aldera, berriz, ahal bezain beste postu aurreratzen joan, aurreko finaletan egin nuen bezala, atzetik aurrerako lasterketa eginez.
Azkeneko proba honi begira, «presiorik gabe» ikusten du bere burua Imanol Rojok. «Skiathloiko proba egin arte sekulako presioa nabaritzen nuen, baina hura amaitu nuenean, kendu nuen gainetik eta harrezkero Olinpiar Jokoetaz disfrutatzen ari naiz, eta presiorik gabe, 50 kilometroko finalean dena ematen saiatuko naiz», laburbildu du iraupen eskiatzaile tolosarrak.
Proba berean lehiatu da baita ere Manex Salsamendi nafarra, Brasilgo selekzioarekin. 19 urteko eskiatzailea bere aurreneko Olinpiar Jokoetan ari da parte-hartzen. Orain arte hiru modalitatetan lehiatu da: 1,2 kilometroko esprintean 71. postuan bukatu zuen, 15x15 eskiatloian 67. eta 15 kilometro estilo klasikoan, 90. postuan.