Live

Game Erauntsia

Azken Nintendo Direct aurkezpenak dozenaka bideo-joko bildu ditu

Mario Kart 8-ren eduki gehigarriak, Nintendo Switch Sports, Splatoon 3, Portal edota Kirby ikusi ditugu japoniarren ekimenean.

Audio_placeholder

Azken Nintendo Direct aurkezpenak dozenaka bideo-joko bildu ditu

Loading player...
Nintendo direct
Nintendo direct (Game Erauntsia)

Nintendo Direct izenarekin egiten ditu Mario nahiz Zelda frankizien enpresak bere aurkezpen handiak: formatu horretan etorkizunean bere kontsoletan estreinatuko diren joko propioak zein kanpoko estudioek garatutakoak ezagutzera emateari ekiten diote. Azkena orain egun batzuk ikusi genuen: obra ezagunak nahiz iragarpen berriak batu zituzten zuzenekoan.

Zaleak The Legend of Zelda: Breath of the Wild-en jarraipena edo Hollow Knight Silksong desiratuaren zain zeuden; horiek beste baterako gorde zituzten japoniarrek, baina hala ere N Handia urte benetan indartsua prestatzen ari da katalogo aldetik: Mario Kart 8 Deluxe Booster Course Pack eduki gehigarria, Xenoblade Chronicles 3, Nintendo Switch Sports, Portal Companion Collection, Mario Strikers: Battle League Football… Guzti horiek eta gehiago errepasatu ditugu gure irratsaioan.

Nintendorekin jarraituta, azken finantza txostena argitaratu dute Kiotokoek. Bertan irakurritako daturik garrantzitsuenei buruz hausnartu dugu, informazio benetan interesgarria biltzen baitute; esate baterako, Switch kontsolak 100 milioi salmenten langa gainditu du dagoeneko.

Grand Theft Auto saga ezagunarentzako lekua ere eduki dugu Game Erauntsian: bosgarren atal ezagunaren salmentak errepasatu, eta orain gutxi egindako iragarpen handiari buruz mintzatu gara; izan ere, Rockstar Games-eko garatzaileek GTA berria aurkeztu dute.

PlayStation markari buruz hitz egin dugu, gainera. Japoniarrek State of Play ekimena burutu zuten orain egun batzuk; bertan, Polyphony Digital estudioa garatzen ari den Gran Turismo 7 auto lasterketen obrari buruzko xehetasun guztiak eskaini zituzten. Horrez gain, Sony-koen txanda heldu da erosketa handiekin jarraitzeko: Bungie estudioa bereganatu dute 3.600 milioi dolarren truke.

Albisteak alboratuta, azken egunotan pil-pilean dabiltzan bi jokori buruzko kritika eta eztabaidatxoa izan dugu gure saioan. Alde batetik, Sloclap estudio frantsesak orain egun gutxi argitaratutako Sifu interesgarriaren borrokak aurkezteari ekin diogu: arte martzialak, duelu latzak eta akzio mordoa biltzen ditu garatzaile independentearen lan bikainak.

Bestetik, bideo-jokoen industriako markarik handienetako baten azken obra baloratu dugu. Pokémon Legends: Arceus polemikoa gure artean da jada, eta bere mundu irekiari —itxuraz, behintzat— buruz zer esan eduki dute gure hizlariek. Benetan merezi ote du Game Freak estudioaren abentura honek?

Jaurlaritza Logoa