Live

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

Urte «gogorra» espero du Irungo Harrera Sareak

2018an sortu zen Irungo Harrera Sarea, Santiago zubian inork espero gabeko itzulketak hasi zirenean. Josune Mendigutxiak lehen unetik laguntza eskaini zuen, nahiz eta «arraro» sentitu. Eskualdean inork ez zuen espero hamarnaka migratzaile bilduko zirenik muga igaro nahian.

Audio_placeholder

Urte «gogorra» espero du Irungo Harrera Sareak

Loading player...
Josune Mendigutxia, Irungo Harrera Sareko kidea
Josune Mendigutxia, Irungo Harrera Sareko kidea (Peli Lekuona)

Ia lau urte igarota, Bidasoa igarotzeko zailtasunek ez dute aldaketarik izan. Irungo Harrera Sareak hogei migratzaile inguru laguntzen ditu egunero. Gainontzeko urteekin alderatuz, «jende asko etortzen ari da», zehaztu du Josune Mendigutxiak.

Bidean diren migratzaileen fenomenoak 2018ko udan du abiapuntu. Mugan buruturiko itzulketen ondorioz, Irungo Lakaxita gaztetxea migratzaileentzako babesleku inprobisatu bihurtu zen. Jose Antonio Santano alkateak baikortasunez hartu zuen Irungo Harrera Sarearen sorrera, kolektiboaren eskaerei entzungorrarena egiten zien bitartean. «Herritarren elkartasuna badago, hori beti baloratu behar da. Horri buruz ez dut askoz gehiago esateko», adierazi zuen sarearen sorreraz galdetuta.

Gaztetxea laster gelditu zen txiki. Irungo Harrera Sareak migratzaileentzako elkartasunezko harrera gune izatetik, larrialdizko errefuxiatu gune bilakatzeko arriskuan zegoela, salatu zuten. Josune Mendigutxiak gogoan ditu une horiek. «arraro» sentitu zen, ezagutu gabeko fenomenoa topatu zuelako. «Bat-batean jende pila batu ginen Lakaxitan, bai Irungo jendea, bai migratzaileak».

Sorreratik hainbat eskakizun izan ditu harrera sareak. Egun, 100 oheko espazioa sortu da Hilanderas kalean. Hala ere, «harrera ez da guztiz duina eta integrala», dio Mendigutxiak. Pertsonak kalean gelditzen direla salatu du, gunean egoteko gehienezko epea gainditu ostean.  

2021 inflexio urtea izan da. Ehunka lagunek Bidasoa ibaia zeharkatu ostean, lau migratzailek bizia galdu dute ibai alboan; lehena buruaz beste egin ostean, eta gainontzekoak uretan itota. Josune Mendigutxiaren esanetan, gaur egun, «muga askoz itxiago dago». Hilanderasen egoteko epemuga eta polizia frantsesaren presioak migratzaileen egoera zailtzen dute. «Orain datorren jendea Kanarietatik dator. Bertan, 2 - 7 hilabete igarotzen dituzte, nik esaten dudan moduan, bahituak. Nerbio gehiagorekin datoz, antsietate gehiagorekin».

Identifikatu gabeko Sohaïbo Billa
Irungo Harrera Sareak, An-Nur komunitate musulmanarekin, salatu du epaileek uko egin diotela Bidasoako uretan hildako azken gaztearen identifikazioari. Josune Mendigutxiak argi du. «Badaude nahiko datu ikusteko mutila bera dela. Epaileak ez du baimenik ematen Burgoseko hilerri musulmanera eramateko. Epaileak erraten du udaletxeak bere kargu egin behar duela. Guk ezetz diogu. Ez da pertsona bat ez dena existitzen, ez duena izenik, ez duena abizenik edo familiarik». Sareko kideak ez dauka argi zer gertatuko den.

Jaurlaritza Logoa