Live

Peru ATXA - Iker GURRUTXAGA
Legazpia

«Ez dugu promo askorik egin, guri gustatzen zaiguna lokala eta kontzertuak dira»

Irailean kaleratutako ‘Snake Charmer’ lana aurkezteko izan dituzten arazoak aipatu dizkigu John Dealer & The Coconuts taldeak MusikHaria saioan egindako bisitan. Kontzertu asko bertan behera geratu zaizkien arren, ez da geldirik egon talde legazpiarra.

Audio_placeholder

«Ez dugu promo askorik egin, guri gustatzen zaiguna lokala eta kontzertuak dira»

Loading player...
John Dealer & The Coconuts taldeak EP berria kaleratu du azken urtean, ‘Snake Charmer’.
John Dealer & The Coconuts taldeak EP berria kaleratu du azken urtean, ‘Snake Charmer’.

2021eko Urtarrilean 8 abestiz osatutako ‘Red Light Stories’ lana kaleratu zuen talde legazpiarrak. Kontzertu ezaren ondorioz, lokalean lanean jarraitu du taldeak, eta horren fruitua da ‘Snake Charmer’ disko laburra. Musikarien egoera ezegonkor hau oso gertutik bizi izan dute, kontzertuak lotu barik edota bertan behera geratu zaizkielako: «Kontzertu ezaren ondorioz, ‘Red Light Stories’ diskoa ez dugu zukutu eta sentsazio arraroa izan dugu, disko honen abestiak entzuteaz eta jotzeaz ez garelako nazkatu».

Sare-sozialetan ez dute asko promozionatu beren azken lana eta kontzertu askotan jo izan ez arren, ez dira geldirik egon: «Diskoa Youtube, Spotify eta beste plataforma digitaletara igo dugu baina ez dugu promo askorik egin, guri gustatzen zaiguna lokala eta kontzertuak direlako».

Pelaezengan konfiantza jarrita
Orain aurkezten ari diren ‘Snake Charmer’ proiektuak, estudioko grabaketaz gainera, lan handia eragin diela aipatu digu Iñaki Ormazabal taldeko bateria-jotzaileak: «Denok batera zuzenean grabatu genuen eta horretarako lokalean klaketaren erabilera asko landu genuen, azkenean, estudiora etxekolanak eginda izanda joatea gustatzen zait, bertan ondoren disfrutatzeko, bestela frustatu egiten zara». Taldearen estudioko egonaldia, berriz, oso laburra izan zela azaldu digute, «grabaketa lana azkarra» izan zelako. «Uztaileko bigarren asteburuko bi egunak hartu genituen eta dena egun horietan grabatu genuen», kontatu digu Noel Calvo taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak.

Berriz ere Fredi Pelaezekin grabatu dute Pottoko Estudioan eta bertan grabatzerako orduan, soinuarekin oso eroso sentitzen direla aipatu dute: «Zuzenekoetara eramatea gustatuko litzaiguke baina gaztetxe batetara etortzeko deitzeak ez duela merezi pentsatzen dugu, bera beste maila batean dago-eta. Gu oso gutxirekin konformatzen gara, hortaz, areto batetarako edota kontzertu handi batetarako bai deituko geniokeela». Hori aipatuz, talde legazpiarrak haien azken bi lanak ondo aurkezteko gogoa duela ere esan digu: «Zerbait berezia egiteko gogoa dugu, baina kontzertu asko bertan behera geratzen ari direnez, etortzen ari den moduan gabiltza kudeatzen egoera».

Horretaz gain, haien musika estiloa betikoa dela nabarmendu dute, nahiz eta gauza berriak sartzen saiatu diren arren: «Gure estiloa rock klasikoa dela esan dezakegu baina taberna giroa ere nabaritzen da gure abestietan, azken finean, burua mugitzeko musika egiten dugu». Legazpi inguruan beren estiloa ezohikoa izan arren, herriaren babesa dutela ere adierazi digu taldeak: «Gure lekutxo txikia egin dugu, beti egon gara punk munduan sartuta eta guk estiloz aldatu dugun arren, herriaren babesa sentitzen dugu».

Hizkuntzaren hautua
4 abestiz osatutako ‘Snake Charmer’ lan honetatik, 3 abesti ingelesez dira eta euskaraz bakarra. Beren ibilbidea aztertuz, abesti gehienak ingelesez idazten dituzte eta beste gutxi batzuk euskaraz izaten dira. Honen inguruan taldeak zera azpimarratu digu: «Abesti gehienak ingelesez idazten ditugu, askoz errazagoa egiten zaigu hitzak aurkitzea edota esaldiak lotzea hizkuntza horretan. Euskararekin berriz, hainbat zailtasun izaten ditugu, azken finean, hizkuntza honetan oso ondo bilatu behar dira hitzak». Euskaraz egiten diren testuen maila ikusita, zorrotza da bere buruarekin Noel Calvo.

Horren ondorioz, azken laneko ’Zauriak’ abestiaren letran, laguntza izan dutela ere aipatu digute haien laguna den Alain Arbonaren eskutik. Hala, kantuetan kontatzen dituzten istorioen edota esanahien inguruan hitz egiten egon gara tarte batez. Istorio horiek asmatutakoak direla aipatzen dute, baina beti esanahi kritiko batetatik sortzen dituzte abestien hitzak: «Istorioak asmatu egiten ditugu, azken finean, guri pasatzen zaizkigun gauzetan bakarrik zentratzen bagara, abesti gutxiago egingo genituzke-eta».

‘Snake Charmer’ eta ‘Phantoms’ abestien inguruan hitz egin dute. Diskoari izena eman dion abestiaren izenburua, ‘Snake Charmer’, euskarara itzuli digute, hau da, ‘Suge Liluratzailea’ esan nahi duela. Hala, izenaren zergatia ere azaldu dute: «Iruzur egiten edota gauzak berera eramaten dituen pertsona baten inguruan hitz egin nahi genuen abestian”. ‘Phantoms’ abestiaren izenak berriz, ‘Mamuak’ esan nahi du eta abesti honetan «rescue me» esaldia azpimarratu digute: «Gaizki portatu den pertsona baten istorioa da eta atzetik segika dituen mamuak gainetik kentzeko beharra du, horretarako laguntza behar duela kontatzen da kantuan. Horregatik azpimarratzen dugu «rescue me» esaldia».

Etorkizuneko ametsak
Taldekideen ametsen inguruan ere galdetu genien ‘Cheap Little Dreams’ abestiaren aitzakian eta oso argi utzi digute zer nahi duten epe motz eta luzera: konfinamendurik ez pasatzea epe motzera eta urte on bat izatea kontzertuei begira, egoera honen ondorioz jasan dituzten galerak berriz ere errepika ez daitezen.

Diskoak non eskuratu ditzazkegun ere gogoratu digute: «Sare sozialetatik binilo batzuk saltzen hasi gara gurekin harremanetan jartzen den kanpoko jendeari. Horretaz gain, Legazpin lortu nahi duenarentzat, Karibe Zaharra tabernan edota Hizkuntza liburu dendan lor ditzake».

Beste Bat saioak Noel Calvo eta Iñigo Caballero taldekideak ari dira egiten urtarrileko astelehenetan. «Gogoko ditugun kantuen zerrendak ari gara sartzen eta gure eraginak nahikoa nabarmen entzun daitezkeela iruditzen zait», azaldu digu Calvok. Kontzertuak iritsi aurretik, beraz, badaukagu haien musikaz eta entzuten dutenaz gozatzeko aukera.

Jaurlaritza Logoa