Live
Alberto Garzon ministro espainiarraren adierazpenek sortu duten eztabaidaren erdian, nekazal sindikatuak ustiategi familiarrak eta lurrari loturikoak aldarrikatu ditu.
EHNE Nafarroa sindikatuko idazkari Patxi Irisarrik ustiategien tamaina legez mugatzea defendatu du, bestela ustiategi txikiak desagertzeko arriskuan egongo direlako. Etxalde bat makroetxalde bat dela esateko eremua funtsezkoa da Irisarriren esanetan. Nafarroa hegoaldean, Caparroson dagoen azpiegitura makrogranja bat da argi eta garbi, 7000 behi baititu, baina 500 behi dituen ustiategi bat makrogranja bat izango da, edo ez, lekuaren arabera, ustiategiak duen lur eremuaren arabera.
Tamainarekin lotuta dago, halaber, animalien elikadura. Makroetxalde batean kanpotik ekarri behar baitituzte jakiak eta eredu estentsibo batean bertako lurraren bidez elikatzen dira animaliak.
Makrogranjen arazo handienetariko bat, EHNE sindikatuko ordezkariaren esanetan, sortzen duten kutsadura da. Animaliek sortzen duten purinaren kudeaketak, nahikoa lur izan ezean, lurrak eta urak kutsatzen baititu.