Live

Bigarren Kafea

Igor Estankonaren 'Moskito'; emozioaren alde kamutsean

Igor Estankonak poema liburuen analisiak egiten ditu Bigarren Kafea saioan; gaur, bere azkeneko kolaborazioan, guk egin diogu analisia bere azken liburuari, 'Moskito' (Susa, 2020). 

Audio_placeholder

Igor Estankonaren 'Moskito'; emozioaren alde kamutsean

Loading player...
Igor Estankona Bigarren Kafean.
Igor Estankona Bigarren Kafean.

«Nahiago nuke utziko bazenu poeta bakean» dio Igor Estankonak (Artea, 1977) 'Moskito' poema-liburuan. Hamaika bat urte pasa ziren tolosartutako bizkaitarraren laugarren liburutik, bosgarrenera. Isiltasun luzea, luzeegia agian irakurlearentzat, baina beharrezkoa arnasa hartzeko. Harribitxiak presiopean sortzen direla erakusten digu geologiak, eta Estankonaren literaturak aldiz, guztiz kontrakoa. Tantaka, tantaka, tantaka… 

Horrela, ikusten duena, pentsatzen duena, sentitzen duena, eta bereziki, bizi duena kontatzen digu. Poesia bat hain eskuragarria, hain lurtiarra, arrasean, itsas-mailan dagoena. 

Liburuaren 80 orrietan zehar, galdera bat egin diogu geure buruari behin eta berriz. Idazterakoan, ba ote zekien Estankonak ezezagunek -eta hain ezezagun ez garenok- barrenak irakurriko genizkiola? Erantzuna ezezkoa bada, eskerrak inkoszientziari, baina baiezkoa bada, ausardia dario liburuari. 

Bigarren Kafean egiten dituen analisien antzera, hermetismo eta misterio puntu bat du liburuak. Sekretuak, erreferentziak eta ezkutuko mezuak daude. Horrek ez du esan nahi ulertzeko zailtasunak edukiko dituela irakurleak; ez zaizkio hitzak arrotzak egingo, are gehiago, horri esker, irakurle bakoitzak bere egingo du esaldi bakoitza. 

Sotiltasunean egiten da konplexu Estankona. Emozioaren alde kamutsean. Poesia pretenziosoaren negazioan. Badenaren eta eztenaren arteko espazio lausoan, dagoena da ezten, eta egon badagoelako ahoan geratzen dira hitzak bueltaka, kafe onaren gustoaren antzera. 

Moskitoek bezala zizt egiten digute Estankonaren hitzek. Zeharkatu egiten gaituzte. Badoa Igor Estankona guretik, baina hemen geratuko dira bere hitzak eta Italo Calvinok erakutsitakoak. Baina, zer egin behar dugu zauri gabeko odol honekin?

Hamaika bat urte pasa ziren, esan bezela, artearraren laugarren liburutik, bosgarrenera. Espero dugu gurean egingo duen atsedena hain luzea ez izatea. Espero dugulako Igor Estankona bueltan. Ixilean sartu, keinuekin non eseri galdetu, mikrora hurbildu eta gure ostegunei hegalkada geldo eta sendoaren poesia lurtiar horrekin hegan eginarazteko. 

Jaurlaritza Logoa