Live

Naiz Irratia

Zergatik egin diote uko mendi korrikalariek euskal selekzioari?

Zalaparta handia eragin du mendi korrikalariek, euskal selekzioari uko egin izana, Euskal Mendizale Federazioarekin izandako desadostasunen ondorioz. Euskal Herria Kirola ekimena bera ere, kezkatuta agertu da aferak izan dezakeen bilakaerarekin. Naiz Irratiak alde guztien ikuspegia bildu du.

Audio_placeholder

Zergatik egin diote uko mendi korrikalariek euskal selekzioari?

Loading player...
Goi mailako kirolariak diren euskal mendi korrikalariek muturreko erabakia hartu dute. (NAIZ)
Goi mailako kirolariak diren euskal mendi korrikalariek muturreko erabakia hartu dute. (NAIZ)

Abenduaren 10ean jakinarazi zuten hainbat mendi korrikalarik euskal selekzioa utziko zutela, Euskal Mendizale Federazioaren zuzendaritzarekin izandako talkaren ondorioz. Selekzioko hautatzaileak kargugabetu izana da lasterkariek aipatutako arrazoia, euskal selekzioan parte hartzeari uko egiteko. Kargugabetu dutenetako bat, Asier Arregi da. Naiz Irratian adierazi du Arregik, kargugabetzea afera luze baten azken desadostasuna baino ez dela izan; «kargugabetzeak urte osoan zehar bizitako egoeraren azken fasea».

Duela gutxira arte hautatzaile izandakoaren arabera, ez diete «argudio argirik» eman erabakia justifikatzeko. «Esan diguten gauza bakarra da, bi parteen aldetik 'feeling' falta zegoela, beraien hitzetan» azaldu du Arregik

Muturreko erabaki bat

Ander Iñarra da euskal selekzioa uztea erabaki duen korrikalarietako bat. Hark ere dio, muturreko erabaki hau prozesu baten amaiera izan dela, «aurretik ere» desadostasunak bazituztelako. Zuzendaritzarekin egindako bilera batera konponbide bat topatu asmoz joan ziren, korrikalariak ziurtatu duenez. Bertan jaso zuten ezustekoa, «gutxien espero genuena zen, geratzen ziren bi hautatzaileak kaleratuak izatea. Ordurako haserrea erabatekoa zen, eta honi amaiera eman genion», adierazi du Iñarrak.

Federazioaren ikuspegia

Kargugabetzeek eragin duten zalapartaren aurrean, eta euren iritziz korrikalariek esandakoa egi osoa ez delakoan, Euskal Mendizale Federazioaren ikuspegiaren berri eman du Zigor Egiak, federazioko presidenteak Euskal Herria Kirola-ri emandako elkarrizketa batean.

Hautatzaileez aldatzeko erabakiaren harira, Egiak azaltzen zuen federazioari dagokiola entrenatzaileak hautatzeko eskuduntza, eta aldaketa hori egitea beharrezko ikusten zutela, aire freskoa beharrezkoa delakoan. Egiak dena den, hautatzaile hauek egindako lana aitortu du, lan boluntarioa gainera.

Eragileak, kezkatuta

Euskal Herria Kirola ekimeneko Kike Zurutuzak ere nolabait hitza hartu nahi izan du afera honetan, hain zuzen, «albiste mingarria» deritzotenaren aurrean alde guztiek plazaratutako iritziari bide emanez. «Formula magikorik» ez dutenez, elkarrizketarako deia egin du Zurutuzak, «hitz egin, zauriak sendatzen saiatu eta aurrera egin».

Jaurlaritza Logoa