Live

Bigarren Kafea

«Instrumentua objetu hutsetik harago sentitzen dut, hitz egiten diot eta hitz egiten dit»

Durangoko Azoka abiatu baino ordu batzuk lehenago jaso zituen Julen Alonsok 'Eskuetan Bihotza' izeneko bere bigarren diskoaren aleak. Esku artean hartu du bihotza bera, trikitixatik asko duen eta aldi berean honen ohiko koloreetatik ere asko aldentzen den diskoa osatzeko. 

Diskoa ireki orduko topa dezake entzuleak «beti sentitu izan dut zirrara berezi bat zugan» dion aipua. Eta jarraitzen du, hitzez, eta musikaz zirrara horri eta sormenari ateak zabalduz. Instrumentua bakarrik ez, trikitixa lehiaketetan ondoan izan duen Eneritz Aulestiaren hitzak eta ahotsa agertzen doaz diskoa osatzen duten zortzi kantuetan. 

Felix Zubia eta Jon Maia ere izan ditu bidelagun hitzak osatzerakoan, eta baita Iker Telleria, Joanes Ederra, Ander Ederra, Xabier Zeberio eta Markel Zeberio musikariak ere. 

Fandangotik keltiar doinuetara, pop gozoena lagundu duten piano soinutik pasa eta «trikitixa baino leunagoa den akordeoiaren» tinbrearekin ere jantzi du Julen Alonsok labetik atera berri, Durangon aurkeztu duen 'Eskuetan Bihotza' diskoa. 

Jaurlaritza Logoa