Live
Gartxot Unsain bezainbeste proiektutan dauden musikari gutxi izango dira aurten Durangoko Azokan. Donostiarra kide duen hiru taldek aurkeztu dute diskoa aurten: Madeleine ('Ezin dena'), Bananas ('Garun ta eztarri') eta Bi Zaldi ('Lo Dena'). Hain zuzen ere, Madeleinek Ahotsenean eskaini duen kontzertuaren aurretik igaro da Bigarren Kafeko mikrofonotik, eta hitz egin digu hiru musika talde horiei buruz, eta oro har, solastu da ere musikari izateaz, eta horrek eragiten dituen zorionez eta ajeez.
Urtearen lehen erdian argitaratu zuen Madeleinek 'Ezin dena', eta Unsainek azaldu du betidanik ezagutzen diren lagunen artean osatutako musika taldea direla, eta horrek dinamika asko errazten dituela. Horregatik, akaso, egunerokotasunaren 'gauza txikiei' eskaini izana hitzetako asko.
Bananas proiektuaren inguruan ere mintzatu da abeslaria. 2018an 'Azal bat, urdina' izeneko EPa argitaratu ostean, 'Garuna ta eztarri' publikatu dute orain, haien lehenengo lan luzea. Bananas jaio eta berehala hil zuten, kontzerturik gabe edo lana euskarri fisikoan eskaini gabe. «Touché Amoréren 'Stage Four' lanaren antzeko zerbait euskaraz egitea zen gure asmoa. Modu naturalean gertatu zen guztia», azaldu du. Hiru urte geroago, iraupen luzeko lehen lanarekin iritsi dira 2021 amaierara.
Musikari izatearen jardunari ere heldu dio Gartxot Unsainek elkarrizketan zehar. Luze eta zabal. Hainbat gogoeta egin ditu; besteak beste, haren ustez «anbizioa gazteagotik jaiotzen» dela.
Jada argitaratu duenaz ez ezik, datorrenaz ere hitz egin du Unsainek: Ghau du esku artean orain, bakarkako proiektua, eta datozen egunotan eta asteotan plazaratuko ditu abesti berriak.
Bi Zaldi taldearen inguruko zehaztasun gehiago nahi dituenak, aukera paregabea dauka astelehenean, hilaren 13an, Musikharia saioan elkarrizketatuko baitute Gartxot, 'Lo Dena' lanaren nondik norakoak jorratzeko.