Live

Ion T. Barrena
Interview
Julen Bollain
Garapenari buruzko Ikasketetan doktorea

«RGIa bezalako errenta minimoek ez diote etorkizunari erantzuten, oinarrizko errentak bai»

Liburu eta tesi banatan oinarrizko errenta unibertsalak ekarriko lukeen paradigma aldaketa eta honen bideragarritasuna aztertu ditu Julen Bollainek. «Gizartearen %20 galtzen aterako litzateke, baina %80ren egoera asko hobetuko litzateke». Jaiotze hutsagatik urtean 12.577 euro jasotzeaz ari gara.

Audio_placeholder

«RGIa bezalako errenta minimoek ez diote etorkizunari erantzuten, oinarrizko errentak bai»

Loading player...
Julen Bollain, NAIZ Irratiaren estudioan.
Julen Bollain, NAIZ Irratiaren estudioan.

Oinarrizko errentaz ari garenean zertaz ari gara?

Oinarrizko errenta izango litzateke diru esleipen bat pertsona guztioi egiten zaiguna. Honek kontrajarri egiten gaitu gaur egun ezagutzen ditugun errenta minimoen programekin. Esaterako, EAEn daukagun Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DSBE; RGI, gazteleraz). DSBE jasotzeko baldintza zehatz batzuk bete behar dituzu; orduan joan ahal zara administrazioarena esanez «ezin ditut nire oinarrizko beharrak ase, laguntza behar dut». Oinarrizko errentaren kontzeptua kontrakoa da, zuk pertsona izateagatik eskubide batzuk dituzula ziurtatzen dugu eta horietako bat existenzia materiala bermatua izatea litzateke. Jaiotze hutsagatik diru kopuru bat jasoko zenuke bizitza duin bat izateko aukera bermatuko lizukeena.

DSBE bezalako gutxieneko errentak ez dira eraginkorrak ala?

Hainbat ondorio ezkor dituzte horrelako programek, ez soilik EAEn DSBEarekin, mundu mailan gauza bera ikus genezake. Nagusia litzateke euren helburuak ez dituztela bete, ez dira probreziarekin amaitzeko gai.

«Gutxieneko errentak ez dira pobreziarekin amaitzkeo gai. EAEn jaso beharko lukeen %30 ez da DSBEren baldintzetan sartzen»

Hiru arazo nagusi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, estaldura erroreak dituzte; gutxieneko errentak ez dira iristen beharra duen populazioaren zati guztira. Europan pobreak diren %20 eta %60 artean ez dira programa hauetan sartzen, EAEn beharra lukeen %30 ez da diru sarrera bermatzeko errentaren baldintzetan sartzen, beharra duten asko sistematik kanpo uzten dituzu.

Bestetik, estigmatizazioa. Zuk errenta minimo bat kobratzen baduzu administrazioei erakutsi behar diezu kontrol askoren bidez hori jasotzeko beharra daukazula edo eskubide horretarako beharra duzula eta baldintzak betetzen dituzula. Horrek estigmatizazioa sortzen du, administraziora joan behar duzulako esanez «pobrea naiz, laguntza behar dut». Hori mentalki ez da batere atsegina.

Azkenik, ekonomian pobreziaren tranpa deitzen duguna legoke, errenta minimo hauek ez dira bateragarriak lanaren errenta bat jasotzearekin, batzutan pertsonok balantza batean jarri behar izaten dugu lan bat eskaintzen digutenean lan hori hartu edo ez, lana hartzen badugu administrazioak oinarrizko errenta guztiz edo zati batean kenduko digulako. Batzutan interesgarriagoa egingo zaigu beltzean lan egitea. Zergatik? Unean ditugun beharrizanek (jatea, berogailua.. ) pisu askoz handiagoa dutelako etorkizunean izan ditzakegun kalteek baino; lan horrek ez duela langabeziarako kotizatzeko balioko edo pentsiorako balioko.

Oinarrizko errentarekin arazo hauek ez lirateke izango?

Ez luke estaldura arazorik izango, denok jasoko genukeelako. Ez lituzke pertsonak estigmatizatuko; osasun publikoa edo hezkuntza bezala litzateke, oinarrizko errenta gizakiaren eskubidea litzateke. Pobreziaren tranpan ere ez ginateke jausiko; oinarri bat, lurzoru bat litzateke, bestelako errentak jaso ahalko genituzke eta inork ez liguke kenduko oinarrizkoa. Enpleguaren ikuspegitik jendea aktibatzeko pizgarria izango litzateke, normalean pentsatuko genukeenaren aurka.

Ados, baina bideragarria da planteamendu hori?

Tradizio filosofiko batetik hau ez da berria, honek 2.200 urte baino gehiago dauzka, filosofia errepublikanotik dator, Atenasetik. Historian zehar moldaketak izan ditu momentu bakoitzeko gizarte egoeraren eta grinaren arabera. Gaur egun nola bermatzen dugu pertsona guztion existentzia materiala? Pertsona guztion duintasuna edo askatasuna? Libre izatea ere nahi duguna egiteko? Gaur egun diruaz egiten da hori. Baina XVII mendean, adibidez, nola egiten zen? Lurrekin. Kasu horretan izango zen bakoitzari bere lur zatia ematea eta lur zati hori lantzeko aukera izatea. Zer lortzen duzu? Pertsona hori ez izatea beste inoren menpe bizi ahal izateko. Oinarrizko errentak zer eragingo luke? Inoren menpe ez zinen izango adibidez lan bat eskatzeko orduan...

Bideragarria den edo ez? Aurkeztu berri dut tesi doktorala, EAEn oinarrizko errentaren bideragarritasuna aztertzea izan da tesiaren oinarria eta emaitza garbia da. EAEn oinarrizko errenta bat finantzatzea guztiz posiblea da, azterlanean jaso dut finantzatzeko modua: aberatsena den %20k zerga gehiago ordaindu beharko lituzke eta gizartearen %80k bere egoeran hobekuntza nabarmena ikusiko luke aurreko egoerarekin alderatuta. Errentaren birbanaketa bat litzateke.

Zenbakitan jarri dezakegu hori?

Kostu guztia Barne Produktu Gordinaren %4,8 inguru litzateke eta horretarako birbanaketa bat egingo genuke, aberatsena den %20k diru gehiago ordainduko luke, BPG %4 pasatxo. Oinarrizko errentaren neurria EAEn pobreziaren atalasean ipini dugu, 12.577 euro/urtean (2018ko datuak eskuan).

«Zenbakiei begiratuta bideragarria da. Kostua BPGaren %4,8 inguru litzateke eta errenta 12.577 euro urteko.  Aberatsena den %20k diru gehiago ordainduko luke eta %80k hobekuntza nabarmena izango luke»

Bideragarria da zenbakiei begiratzen badiogu, baina egia da, eta kontuan hartu behar dugu, errekurtsoen birbanaketa oso handia dela eta gaur egun ezagutzen dugunarekin alderatuta aldaketa handia dela. Ondorioz, eman beharko litzateke aldaketa bai mentala, bai kulturala, eta baita soziala eta ekonomikoa ere.

Guk lan honekin zer nahi genuen? Erakutsi hau bideragarria badela, askotan esan baita ez dela bideragarria eta ez dagoela dirurik. Dirua badagoela demostratu dugu gure erkidegoan (EAE), hala erakutsi da Espainian ere, Katalunian eta Europako beste herri gehienetan. Gainera, eta garrantzitsua da nere ustez, emaitzak nahiko antzekoak dira. Normalean gizartearen %20 inguru galtzen ateratzen da eta %80k bere egoera hobetzen du.

Zer behar da? Borondate politikoa. Gizakion aldaketa mental bat ere, agian, beharko litzateke. Gaur egun gure eskubide asko enplegu bat izatetik datoz, enplegua eta biziraupena lotzen dituen ekuazio hori goitik behera apurtu beharko genuke.

Bada nora begiratu eredu gisa?

Egia da oraindik ez daukagula herri bat erreforma fiskal batekin oinarrizko errenta jarri duenik praktikan. Iranek jarri zuen 2011tik 2016ra baina datuak ez dira oso fidagarriak. AEBetako estatu bat bada, Alaska, 1981etik oinarrizko errentaren antzeko zerbait baduena, ez da erreforma fiskal baten bidez finantzatzen baina egia da Alaska AEBetako ezberdintasun handienetakoa zuen estatua izatetik berdintasun handiena duen estatua izatera pasa dela.

«Enplegua eta biziraupena lotzen dituen ekuazio hori goitik behera apurtu beharko genuke»

Adibide eta ariketa asko izan dira. 1969an, adibidez, AEBetako Kongresuan aurrera egin zuen oinarrizko errentaren legeak. Nixonen administrazio garaian Kongresuak oinarrizko errentaren alde egin zuen. Zer pasa zen? Senatuak atzera bota zuela. Baina, adierazgarria da, ez estatu komunistetan edo hirugarren munduko estatuetan, AEBtan ere aurrera egin zuela kontu honek Kongresuan. Gaur egun zer dugu? Proiektu piloto eta esperimentu asko.

Orain dela bost urte erreferenduma egin zuten Suitzan, hortik aurrera Finlandia aipa genezake baina baita Herbehereak ere, Eskozia, Frantzia, AEBak, India, Kenya, Namibia edo Bartzelona, non proiektu pilotua egin baizen eta Gerneralitatak oinarrizko errentaren plan pilotu bat jarri nahi duen abian. Bulegoa sortu dute eta badirudi abian jarriko dutela. Esperientzia hauek ebidentzia oso egokiak ematen dizkigute eztabaidan aurrera egiteko.

Liburuan diozu 500 urte goazela honetaz hizketan baina inoiz ez dela azken bost urteetan bezain beste hitz egin, zergatik?

Hiru arrazoi nagusi daude nere ustez. Lehena, errenta minimoen programek porrot egin dutela, eta ez diot nik, Europako Batzordeak dio, ez dituzte euren helburuak bete. Bigarrenik, proiektu pilotu asko egiten ari dira munduan zehar, 30 baino gehiago daude une honetan eta emaitza oso interesgarriak ematen ari dira. Adierazten dute errenta jaso arren jendeak ez duela enpleguaren bilaketa lagatzen, pertsonen ongizate ekonomikoa hobetu egiten dela, pertsonen osasun mentala asko hobetzen dela, logikoa denez, eta ospitaleratzeak ere jaitsi egiten direla.. eta bereziki pertsonen gaitasun koginitiboak hobetu egiten direla.

«Giza kapitalaren eraketa litzateke gutxieneko errentaren helburuetako bat eta horrek ez du zentzurik gero eta enplegu gutxiago egongo den etorkizun batean»

Azkenik, errenta minimoek ez diote etorkizunari erantzunik ematen, oinarrizko errenta askoz hobeto kokatzen da etorkizuneko erronkei erantzuteko. Adibidez, zer gertatzen da lan merkatuaren eboluzioarekin? Zer digitalizazioarekin? Robotizazioarekin? Epe ertain edo txiki batera enpleguen suntsiketa neto bat ematean? Errealitate honi ez dio erantzuten gutxieneko errentak, zuk gutxieneko errenta jasotzen baduzu prozesu bat jarraitzen duzu administrazioarekin eta helburua da lan merkatura sartzea. Giza kapitalaren eraketa litzateke gutxieneko errentaren helburuetako bat eta horrek ez du zentzurik gero eta enplegu gutxiago egongo den etorkizun batean.

Oinarrizko errenta, aldiz, oso erreminta potentea litzateke enplegua eta biziraupena lotzen dituen ekuazio hori suntsitzeko, baina baita enplegua gero eta gutxiago izango denez honekin ez dadin gertatu aberastasunarekin gertatzen dena, esku gutxitan geratzea. Enplegua banatzeko modua litzateke. Gainera, gure bizi baldintzak bermatzea ez bada %100 enpleguarekin lotzen, horrek beste aukera batzuk irekitzen dizkigu. Errenta minimoek ez dute hori bermatzen eta oinarrizko errentak pertsonok nahi edo behar ditugun beste hainbat gauza egiteko bidea eskaintzen digu.

Lanaren edo kasu honetan enpleguaren krisiak paradigma berri baten aurrean jartzen gaitu...
Bai eta uste dut belaunaldi berriek oso garbi dutela. Gaur egun enpleguak ez digu bermatzen bizi kalitate on bat. Espainiako Estatuan langileen %13 pobreak dira. Kapitalismoaren bermea zen gero eta gehiago eskaintzen zuela: enplegu gehiago, soldata hobeak... Baina hori ia ez da gertatzen, paradigma hori pasatu dugu eta beste errealitate batean gaude, errealitate horri ezin diogu horrela erantzun.

«Oinarrizko errentak ahalbidetuko liguke azaltzea lana enplegua baino askoz ere gehiago dela; etxeko lanak, zaintza lanak, lan boluntarioa ... »

Kapitalismoarentzat lana eta enplegua gauza bera dira, kapitalismoak ez ditu BPGan eragiten ez duten lanak kontuan hartzen. Oinarrizko errentak ahalbidetuko liguke azaltzea lana enplegua baino askoz ere gehiago dela; etxeko lanak, zaintza lanak, lan boluntarioa ... Lan horiek gaur egun emakumeen sorbaldetan jausten dira gehien bat, hor daukagu lanaren bereizketa sexual bat kapitalismoak mantentzen duena. Emakumea lan merkatura sartu zenean jardunaldi bikoitza egiten hasi zen, bat merkatuan eta bestea etxean. Oinarrizko errentak bermatzen du, gutxienez, enplegua ez den lan horri ere balore bat ematea. Guar egungo kapitalismoak hori ez du kontuan hartzen. Baina lana enplegua baino gehiago da eta gaur egungo sistema sozioekonomikoak ere bere biziraupenerako beharrezkoa du ordaindua ez den lan hori hor egotea.

Jaurlaritza Logoa