Live

NAIZ irratia

[16] Dantzaren bidez maite duzunari agur esan

Audio_placeholder

[16] Dantzaren bidez maite duzunari agur esan

Loading player...
Eneko Gil, Oier Zuñiga eta Belen Cruz 'Eresia' obran.
Eneko Gil, Oier Zuñiga eta Belen Cruz 'Eresia' obran. (Facebook | Eneko Gil)

Transkripzioa:
Ander:
Kaixo, Ioar.

Ioar:
Egun on, Ander, eguzkitsua baita gaurkoa.

Ander:
Zer moduzko gorputzaldia daukazu?

Ioar:
Bizi-bizi jaiki naiz. Eguraldiak asko laguntzen du. Egunak argitsuak eta luzeak izatea bezalakorik ez dago.

Ander:
Orduan erne zaude buruz eta gogoz.

Ioar:
Ai ene!, beldurtu egiten naiz horrela hizketan hasten zarenean. Zer daukazu niretzat?

Ander:
Galdera bat. Tira, hobeto esanda: asmakizun bat.

Ioar:
Bota.

Ander:
Gorputzik gabeko dantza eta hitzik gabeko ahotsa... zer da?

Ioar:
Ez dakit.

Ander:
Ioar, mesedez, pentsatu egin beharko duzu pixka bat, asmakizun bat da eta. Bestela, ez daukagraziarik.

Ioar:
Ea ba. Astiro... Hitzik gabeko ahotsa... izan liteke... doinua!

Ander:
Ederki, bide onetik zoaz.

Ioar:
Baina... gorputzik gabeko dantza... Hori ezinezkoa da.

Ander:
Hor dago koxka! Asmakizunaren zati zailena da “gorputzik gabeko dantza”.

Ioar:
Dantzari aparta da Eneko Gil.

Ander:
Kukai dantza taldekoa da. Errenteriarra da. Badakit nor den.

Ioar:
Lasai, bai... asmatu duzu, baina ez zen asmakizun bat. Eneko Gil bost urterekin hasi zen Ereintza taldean. 30 urte daramatza dantzan. Bizitza osoa. Dantzaria eta koreografoa da.

AUDIOA-1 | ENEKO GIL

Ander:
Niri ere gertatzen zait. Dantzan hasten naizenean, neure baitan biltzen naiz. Ahaztu egiten naiz gauza guztiez. Ez zait axola nor dagoen tabernan. Berdin dio ongi edo gaizki dantzatzen dudan...

Ioar:
Zuk primeran egiten duzu dantzan. Eta amorru pixka bat ematen diguzu besteoi.

Ander:
Ez esan!

Ioar:
Pasatu egiten zara. Hasten zara txoko batean, birak egiten dituzu ondoren, hartzen duzu leku pila bat, alde batera baztertzen gara gu, eta azkenean zure aldamenera inguratzen dira neskak.

Ander:
Kontxo! Neskak hurbiltzen zaizkigu?

Ioar:
Bai.

Ander:
Eta horrek zer du txarra?

Ioar:
Ezer ez.

Ander:
Hortaz, zerk amorratzen zaitu hainbeste?

Ioar:
Inbidiak! Niri korapilatu egiten zaizkit hankak. Ez dakit zer egin besoekin. Burua mugitzen dut gora eta behera, mozolo bat bezala.

Ander:
Zuk buruan duzulako erritmoaren zentzua. Eta nik, aldiz, gorputzean.

Ioar:
Belarri ona daukat nik.

Ander:
Dudarik gabe. Kantari ibiltzen zara ia beti.

Ioar:
Baina ez daukat gerririk.

Ander:
Zurrun samarra zarelako batzuetan. Egia da hori.

AUDIOA-2 | ENEKO GIL

Ander:
Entzumena gogotik lantzen duzu zuk, Ioar. Diskoak erosten dituzu, kontzertuetara joaten zara, gitarra jotzen duzu ezkutuan, bertsotan egiten zenuen gaztetxoa zinenean...

Ioar:
Baina ez daukat gerririk. Ez daukat ez swing, ez twist, ez flow, ez zer!

Ander:
Ez zenuen txikitan fandangorik edo arin-arinik dantzatu festetan?

Ioar:
Ni, beti bertsotan edo kantari. Ikasten nituen antzinako kantak, edo imitatzen nituen Mikel Laboaren eta Benito Lertxundiren abestiak. Izatekotan, Oskorri taldearekin ibiltzen nintzen saltoka.

Ander:
Ruper Ordorikarenak zenbat dakizkizu?

Ioar:
Gutxi-asko... ia denak.

Ander:
Ioar, errepikatu egingo dizut asmakizuna: Gorputzik gabeko dantza eta hitzik gabeko ahotsa... zer da?

Ioar:
Hitzik gabeko ahotsa... doinua baldin bada...

Ander:
Segi, segi.

Ioar:
Gorputzik gabeko dantza... neu naiz!

Ander:
Hain zuzen ere.

Ioar:
Beraz... gorputzik gabeko dantza eta hitzik gabeko ahotsa... musika da!

Ander:
Bingo!

Ioar:
Zeinen ederra! Nondik atera duzu? Gustatu zait asmakizun hau.

Ander:
Datorren larunbatean dantzaleku batera joango gara. Lagunen arteko whatsapp taldean ipini: «Larunbatean, bokata bat jan eta denok dantzara».

Ioar:
Oraintxe jarriko dut. Ea ba: «La-run-ba-tean, bokata bat jan eta denok karaokera».

Ander:
Et, et, et... nik oso gaizki kantatzen dut! Desafinatu egiten dut, ez dakit ingelesez ahoskatzen, lotsa ematen dit...

Ioar:
Izorrai!


Epilogoa - Beti ikasten

Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Kausazko perpausa.
Solasaldiaren lehenbiziko zatian kausazko perpaus hau esan dugu:

—«Pentsatu egin beharko duzu pixka bat, asmakizun bat da eta».

Ioar:
Kausazko perpausak osatzeko modu gehiago ere badaude:

—«Pentsatu egin beharko dut pixka bat, asmakizun bat baita».
—«Asmakizun bat denez gero, pentsatu egin beharko duzu pixka bat».
—«Asmakizun bat dela medio, nahastu egin nintzen pentsaketan».
—«Asko pentsatu duzulako asmatu duzu erantzuna».
—«Asko pentsatzeagatik asmatu duzu erantzuna».

Hemen entzun dezakezu Eneko Gili egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa