Live

Transkripzioa:
Ioar:
Egun on, Ander... Non sartu zara?
Ander:
Aurrera, Ioar; hemen nago. Etor zaitez zuzenean nire gelara.
Ioar:
Baina, baina..., zertan ari zara horrela jantzita... eta ispiluaren aurrean keinuak egiten?
Ander:
Barkatu, orain ezin dut zurekin hitz egin. Entseguaren erdian harrapatu nauzu.
Ioar:
Pailazoarena egin behar duzu festaren batean?
Ander:
Ez adarrik jo, Ioar. Kontu serioa da hau. Film batean bigarren mailako paper bat egiteko eskatu didate. Nire pertsonaiarentzat nortasun baten bila nabil. Ikusten? Kopeta zimurtuz gero, maltzurra dirudit. Ezpainak estutuz gero...
Ioar:
...ergela dirudizu.
Ander:
Ohartzen naiz ez zarela laguntzera etorri. Beraz, ospa!
Ioar:
Ez zaitez erretxindu. Entzun, Asier Hernandez aktorearekin irratian egindako elkarrizketa zati bat ipiniko dizut; eta hark esaten duena aditu ondoren, dena errazagoa egingo zaizu.
Ander:
Badakit nor den Asier Hernandez. Forentse papera egiten du Koldo Almandozen Hondar ahoak filmean. Donostiarra da, 50 urte inguru ditu, eta ahots sakona du.
AUDIOA-1 | ASIER HERNANDEZ
Ioar:
Konturatu al zara? Edo ez duzu arretarik jarri?
Ander:
Erne-erne egon naiz, aizu.
Ioar:
Asko irakurtzen duela esan du, behin eta berriz errepikatzen duela testua. Halatan, irakurtzen duen bitartean, irudiak etortzen zaizkio antzeztu behar duen pertsonaiaren inguruan.
Ander:
Testua, testua, testua! Zuk zer uste duzu, ni tonto mortala naizela?, eta zu azeria baino bizkorragoa?
Ioar:
Ispilu aurrean zure irudiarekin topo egiten ari zara etengabe. Zeure burua ikusten ari zara, ez ordea pertsonaia baten irudia.
Ander:
Oso argia zara. Ados. Baina begira, Ioar, begiratu egiozu ispiluari. Begiratu egiozu zeure buruari... lasai, tentuz, astiro, sakon, goitik behera, behetik gora.
Ioar:
Ari naiz... lasai, tentuz, astiro... Listo!
Ander:
Eta zer ikusi duzu? Pertsona arrunt bat, dohakabe bat, zoritxarreko bat, arrakastarik ez duen morroi bat, frakasatu bat...
Ioar:
Et, et, et. Ez pasatu!
Ander:
Pelikula batean agertzeko inork proposamenik egin al dizu sekula? Ez. Aktorea izango al zinateke akziozko film batean? Bai. Hor dago koxka.
Ioar:
Asier Hernandezek esan bezala: “Parean daukazun aktoreak lanaren erdia egiten du”. Eta, oraintxe bertan, zure parean dagoena... neu naiz.
Ander:
Argi erakusten du ispiluak: zu pertsona arrunt bat zara, eta ni izar bat naiz.
Ioar:
Zuregana etorri arte, pailazo bat ematen zenuen. Baina zure aldamenean nagoenetik, distira egiten hasi zara. Miragarria da zure gelako ispilu hau.
AUDIOA-2 | ASIER HERNANDEZ
Ioar:
Ander, uste dut... zure pertsonaia pegatuta geratu zaizula zuri ere.
Ander:
Zer iradoki nahi didazu?
Ioar:
Asko kostatuko zaizula gainetik kentzea.
Ander:
Bai zera! Ez dut uste.
Ioar:
Aktore asko daude bere pertsonaia baten antzera portatzen hasten direnak: seduktorea, gupidagabea, dotoreegia, pirata zikin bat, alproja, komikoa, dramatikoa, ...tragikoa!
Ander:
Ez da nire kasua.
Ioar:
Denok imitatzen dugu pixka bat. Denok simulatzen dugu. Denok disimulatzen dugu. Badakizu zein imitatzen dugun gehien-gehien?
Ander:
Zuk... zure ama, akaso?
Ioar:
Geure burua imitatzen dugu etengabe. Esperientzietatik ikasitako guztia errepikatzen eta imitatzen dugu: posturak, keinuak, hizkerak, portaerak.
Ander:
Ioar...
Ioar:
Zer...?
Ander:
Tabernari bat izango naiz... Film labur bateko tabernaria.
Ioar:
Eta zer esan beharko duzu?
Ander:
Ezer ez. Ez dut esaldirik, ez dut testurik.
Ioar:
Zerbait egin beharko duzu!
Ander:
Ez.
Ioar:
Ez duzu ezer egin behar?
Ander:
Ez.
Ioar:
Garagardo bat atera ere ez?
Ander:
Ez.
Ioar:
Eta orduan?
Ander:
Egon. Geldirik egon. Barraren gaineko egunkaria irakurtzen egon, irratian abesti erromantiko bat entzuten den bitartean.
Ioar:
Sentitzen dut, Ander.
Ander:
Eskerrik asko.
Epilogoa - Beti ikasten
Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Baldintzazko perpausa.
Anderrek esan du:
—«Kopeta zimurtuz gero, maltzurra dirudit».
Ander:
«Kopeta zimurtuz gero, maltzurra dirudit». Halaxe esan dut, bai.
Baina beste era batera ere esan nezakeen:
—«Kopeta zimurtzen badut, maltzurra dirudit».
Batzuetan, baldintzazko perpausetan baldin partikula ere eransten dugu.
Hemen bi adibide:
—«Kopeta zimurtzen baldin badut, maltzurra dirudit».
—«Baldin eta ispiluaren aurrean kopeta zimurtzen badut, maltzurra dirudit».
Hemen entzun dezakezue Asier Hernandezi egindako elkarrizketa osoa.


