Live

Eli Pagola

Ba al zenekien bizikletak eta hegazkinak oso zailak direla birziklatzen?

Gelditu Makinak saioko 27. atalean gurera gonbidatu dugu Alaitz Rekondo Cidetec taldeko ikerlaria, karbono zuntza birziklatzeko zailtasunez aritu gara. Lur arraroak ere aipagai izan ditugu Ainhoa Alonso geologoarekin. Bukatzeko, zine pilula ekarri digu Ainhoa Gutierrez del Pozok.

Audio_placeholder

Ba al zenekien bizikletak eta hegazkinak oso zailak direla birziklatzen?

Loading player...
Air France-ko hegazkin bat. (Rene RUPRECHT | EUROPA PRESS)
Air France-ko hegazkin bat. (Rene RUPRECHT | EUROPA PRESS) ( (Rene RUPRECHT | EUROPA PRESS))

Alaitz Rekondo Cidetec erakundeko polimeroen eta konpositeen arduraduna da. Birziklatzeko zailak diren eta hondakin bolumen handia sortzen duten balio handiko material aurreratuen inguruan egiten ari da ikerketa. Horrela azalduta ulertzeko nahiko lan, ezta? Adibide batekin errazago: zer egin bizikleta koadro, hegazkin eta errota eolikoen hegalekin?

Hamarkada batzuk dira karbono zuntza gurean erabiltzen dela, ekarri ditu noski onura ugari: metala bezain erresistentea da, baina baita askoz arinagoa ere. Badu bere alde iluna, ordea, birziklatzen oso zaila den materiala baita. Eta hori arazo bat da gaur egun.  «Oso material erresistentea da, eta hain zuzen, horrek zailtzen du materialaren birziklapena», azaldu digu Alaitz Rekondok. 

Karbono zuntza hari bat da hasieran eta hori saretu egiten da erretxinarekin ehun bat lortu arte. Behin bi materialen arteko erreakzioa eginda, oso zaila da atzera egitea. Gaur egun badago teknologia nahikoa karbono zuntzari bigarren bizitza bat emateko. Prozesu pirolitikoak erabiltzen dira horretarako. «Materiala suntsitu behar da, erre, eta tenperatura oso altuak behar dira horretarako, 700 gradukoak». Lortutako zuntzaren kalitatea asko jaisten da, «ezin da hegazkinetan erabili, baina autoetan bai», argitu digu Rekondok.

Hastapenetik birziklagarriak izateko ikertzen

Beste material batzuekin gertatu bezala, behin arazo bihurtuta hasi dira ikertzen zer egin birziklatzeko hain zaila den material honekin. Urrats bat aurrerago doa Cidetec, material aurreratu hauek hastapenetik birziklagarriak izan daitezen ari baita ikertzen.

Hala azaldu du Rekondok egiten dutena. Plastikoak bi modutara sailkatzen dira: termoplastikoak eta termoegonkorrak. Eta material aurreratu hauek termoegonkorren familiakoak dira, behin osatu direnean sare oso bat direlako. «Guk egiten dugun ikerketa ildoa, Europan eta munduan zabaldua dagoena, kimika dinamikoan oinarritzen da. Lotura gehienak egonkorrak dira, behin lotura kimikoa sortu denean hortxe finkatzen dira, baina badaude lotura batzuk dinamikoak non beroa edo estimulu bat aplikatuz mugitu edo ireki daitezkeen. Polimero sare osoa irudikatzen badugu, sarearen puntu bakoitzean halako lotura dinamiko bat sartzen dugu eta horrek baimentzen du, nahiz eta sare bat izan (hori da helburua, horregatik mantentzen ditu erresistentzia eta propietate on guztiak), behin materiala erabili eta gero beroa edo prozesu errazagoak aplikatuz sare hori irekitzea eta polimeroa berreskuratzea».

Gaineratu duenez, polimeroa berreskuratzeko baldintzak ez direnez hain gogorrak birziklatzen den karbono zuntzaren balioa ere handiagoa da.

 

 

Jaurlaritza Logoa