Live
Argindarra: espekulazio ekonomikoaren menpe utzi den eskubidea
Urriaren 7an, 319 euroko prezioarekin argindarrak goia jo zuen; berriz ere. Neurrigabeko igoera honen arrazoiak, eta irtenbideak ezagutzeko asmoz bi aditurengana jo du Naiz Irratiak, Goiener kooperatibako Leire Astigarraga eta Ekologistak Martxan taldeko Txapu Martinengana.
Argindarra: espekulazio ekonomikoaren menpe utzi den eskubidea
Argindarraren prezioak kontsumitzaileen poltsikoetan gero eta zulo sakonagoa egiten ari den honetan, galdera argia izan da; zein kontratu mota da egokiena argindar fakturaren igoera mugatzeko? «Miraririk ez dagoela» erantzun du Leire Astigarraga Goiener kooperatibako merkatu teknikariak, baina irtenbide nagusia, «autokontsumoa bultzatzea» litzatekeela dio.
Sektorean, argindarraren prezioa aurreikusten zuten arren, neurrigabekoa izaten ari da. «Egoera ez da normala» dio Astigarrak, gaineratuz «merkatuaren egoera ez dela jasangarria». Prezioen bilakaera ulertzeko, «merkatu marjinalista» ulertu behar da Goienerreko langilearen esanetan. Laburbilduz, gakoa da, gehienen faktura kontsumitutako energiarik garestienaren parekoa dela, nahiz eta gutxiago kontsumitu iturri horretatik. Gaur egun, gasaren prezio altuak markatzen du tarifa. «Hori da egun gertatzen dena gasarekin. Gora egiten dabilen heinean merkatuko prezioak ere gora egiten du», azaldu du Astigarragak.
Merkantzia bihurtutako eskubidea
Argindarraren prezioak gero eta eragin handiagoa du herritarren egunerokoan eta gero eta gehiago dira kalera protestan ateratzen ari direnak. Horien artean dago Txapu Martin Ekologistak Martxan taldeko kidea. Energia, gutxi batzuentzako aberastasun iturri delakoan, gehiengoaren interesak bermatzea ezinbesteko deritzote talde ekologistan. Txapu Martinen aburuz, «energia eskubidea da eta denentzako modu duin batean bermatu beharko litzateke» eta eskubide hori bermatzeko bidea argia: «energia publifikatzea».
Dena den, gertukoan behintzat ez du publiko bihurtzeko aukerarik ikusten, eta gainera ez du uste Martinek, konponbide bakarra denik, energia ekoizpenerako eredua birpentsatzea baizik. «Kontsumoa agian beste modu batean planteatu behar da» Ekologistak Martxan taldeko kidearen arabera «modu demokratikoan eta eztabaidatuz». Behin-behinean berriz, egoera zaurgarrian daudenei diru laguntzak bermatu, eta enpresak ikuskatzea ere aholkatu du Txapu Martinek.
Itzalaldirako deia
Zentzugabeko prezioaren aurrean gero eta gehiago dira protestara jotzen ari direnak. Hilaren 7an Bilbon egin zuten. Eta hilaren 8an Euskal Herri osora, Herrialde Katalanetara eta Galizara hedatuko da, Llotja de Mar-eko adierazpenaren indar politiko subiranistek itzalaldia deitu baitute, gaueko 22:00etatik 22:30etara.