Live
«Beste ezkerreko botoemaleek ez dute gehiago dudarik abertzaleei botoa emateko»
«Akidura, baina poza» adierazi du Nikolas Blain abertzaleak hauteskunde biharamunean. Bigarren itzuliko emaitzak ezkerreko alternatibaren erreferentzia gisa baieztatu du EH Bai, bere esanetan.
«Beste ezkerreko botoemaleek ez dute gehiago dudarik abertzaleei botoa emateko»
Hendaiako kandonamenduan garaipena lortuta, pozik?
Bai, baieztatzen du urteetako lana. Karrikako lana, elkarteen arloan egin dena baina baita arlo instituzionalean ere. Azpimarratzekoak dira joan den urtean herriko hauteskundeetan lortutako emaitzak, hainbat herriko etxetan gehiengoetan sartu ginen eta orain konfirmatzen dugu urtebeteko kudeaketa, abertzaleen boza orain Departamenturat eramateko gisan.
Boto gorakada izan duzue 2. itzulian, terrenoko lanaren emaitza?
Abstentzio ikaragarria izan da eta bi itzulien artean begiratu ditugu hautesleen zerrendak, deiak eta mezuak pasa ditugu aste osoan zehar jendea berriz mobilizatzeko. Ohartzen gara boz emendaketa horrekin bi itzulien artean egiazko alternatiba bat garela. Beste ezkerreko indar politikoen bozkazaleek ez dutela gehiago dudarik abertzaleei emateko bozka bigarren itzuli batean, ordezkatzen baitu indar instituzional bat kudeaketan egoteko gaitasun osoa duena.
Hautatuei dagokionez Hendaia salbuespena da, gainerakoetan zentro eskuinak lortu du gehiengoa. EH Baik zergatik ez du ezkerretik boto gehiago erakarri?
Sozialki bada gehiengo bat Ipar Euskal Herrian zentro-eskuinaren alde dena eta gure borrokaren parte nagusi bat izanen da ondoko urteetan, egiazko alternatiba ordezkatzen dugun heinean, konkretuki aterabideak proposatzea herriz herri eta kantonamenduz kantonamendu eskuin horri aurre egiteko.
Badira hainbat proiektu karrikatik borrokatu ditugunak, bihar lehen lerroan izanen gira hauen defentsan
Gaur egun ezkerreko ordezkaritza bakarra Ipar Euskal Herritik Departamenturat doana EH Baik izanen du, Alderdi sozialistak galdu baititu beste kantonamenduak. Gaur egun, beraz, ezkerretik eraiki behar den alternatiba gure inguruan eraiki behar dugu eta hori da gure anbizioa ondoko urteei begira.
Zein lehentasunekin joango dira EH Baiko hautetsiak Pauera?
Oroitarazi behar da Departamenduaren lehen eskuduntzak arlo sozialak eta elkartasunari lotuak direla. Krisi sanitarioaren ondorioz krisi ekonomiko bat hasi da eta krisi soziala dakar ezagutu ez dugun modukoa. Beraz, proposamen konkretu batzuk egin ahalko dira asanblea horretan. Uste dugu entzunak izango direla erregularki. Bestalde, badira hainbat proiektu; AHT, Larrun mendiaren antolaketa... borrokatu ditugunak karrikatik eta bihar gure bi ordezkariekin lehen lerroan izanen gara horrelako proiektuei aurre egiteko.
Ezker estatalaren eta ultraeskuinaren emaitzen inguruan zer balorazio egiten duzu?
Nahiko positiboa da ikustea ultraeskuinak ez duela baieztatzen azken urteetako gorakada. Oroitarazi behar da 2015ean 2. itzulira kalifikatu zirela EH Baiko hautagaitzaren parean Hiriburu eskualdean. Hor, aldiz, porrot bat da eta eskualdeko bozetan Frantzian ere ez dute lortu nahi zuten emaitza. Segitu behar dugu borrokatzen, heldu baitira lehendakaritzarako bozak 2022an eta ondotik legegileak. Eskuin muturraren parean beti kokatuko gira.
Orain berriz eraiki behar du frantses ezkerrak frente zabal bat. Gu hor gara eta gurekin kontatu beharko da ezkerreko frente zabal hori eraikitzeko
Alderdi sozialistaren porrotaren inguruan, ez gara pozten baina aurreikustekoa zen. Egin dituzten hautu politikoek eta dituzten zatiketek eragin dute horrelako porrota. Orain berriz eraiki behar du frantses ezkerrak frente zabal bat. Gu hor gara, eta pentsatzen dugu Ipar Euskal Herrian gurekin kontatu beharko dela ezkerreko frente zabal hori eraikitzeko.