Live
Urtero-urtero milaka haur eta gazte elkartzen dira Euskal Herriko mota eta leku guztietako udalekuetan, baina covid-19ak honetan ere sartu du muturra eta eragotzi du udalekuen funtzionamendua normala izatea, bai eta kasu askotan udalekuak egitea ere.
Aurreko udaran udaleku asko ez zituzten antolatu, neurriak eta segurtasuna zirela eta; hauen artean, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundiek antolatzen dituztenak. Udaleku hauek 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat antolatutako udaleku itxiak izaten dira. Barria, Orio, Zuhatza, Abaraxka edo Irrisarrilanden egiten dira eta aurten berriro itzuliko dira, nahiz eta neurri gehiagorekin. 7 eguneko 3 txanda izango dira uztailean zehar, 2321 haurrek hartuko dute parte, 2147k euskaraz eta 174k modu elebidunean.
Abaigarren, Bernedon eta Goñin egiten dituzten Euskal Udalekuak ere aurten bueltan dira, baina hauek ere neurriekin; txanda bakoitzeko aforoa %50era jaitsi behar izan dute.
Uda Leku elkarteak Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin 6-15 urte bitarteko haurrei euskarazko aisialdi eskaintza egiten du urtero. Pasa den urtean ezin izan zioten programaketari eutsi neurrien ezegonkortasun eta garbitasun faltagatik; aurten ordea, berriro itzuli dira udaldiak antolatzera.
Udaleku guztietan izan dira murrizketak, aldaketak… baina beste urte batez Euskal Herri guztiko aisialdi taldeek lan gogorra egin dute udalekuak antolatu eta udan egin ahal izateko. Neurrien etengabeko gorabeherak eta ezegonkortasunak asko zaildu dituzte antolaketa lanak, izan ere, udalekuetan, edozein motatakoak direla ere, lan handiena urtean zehar egiten dena da.
Lekuen kudeaketa, diru edo baimen kontu burokratikoak, izen-emateak eta programazioa, lanketa emozional eta hezitzailea, materiala eta baliabideak… hauek dira udalekuak antolatzeko aurretik egiten diren lanketa, kudeaketa eta ardura batzuk. Lehengo urtetik hauei covid-19aren eraginez hartu behar diren neurri guztiak, segurtasun eta garbiketarako beharrezkoak diren lanketa gehigarriak eta protokolo guztiak gehitu zaizkie.
Urtxintxa taldeko Aitzol Saizar, Kirikiño taldeko Ivan Asenjo, Bertso-udalekutako Eider Perez eta Euskarabenturako Ane de la Presa hezitzaileek egoeraren analisia egin dute Bigarren Kafean.