Live
Duela hilabete inguru amaitu zen Lekarozko Aroztegia proiektuaren kontrako kanpaldia. Maiatzaren 15ean manifestazio jendetsua egin eta biharamun gazia izan zuten. Aintzane Ariztegik, makroproiektuaren kontrako ekintzaileak, jakitun zirela kanpaldia ez zitzaiela musutruk aterako esan du. Hala, promotoreak errepresioa baliatu eta hamar lagun salatu zituen. Are, egunak pasa ahala isunak iristen hasi ziren, guztira 35 laguni 20 mila euro orotara.
Errepresioarekin «oso indartsu» dagoen mugimendua apaldu nahi dutela uste du, baina argi dio «irmo» jarraituko dutela proiektua gelditu arte. «Uste badute isunek eta salaketek kikulduko gaituztela oker dabiltza», esan du Ariztegik.
Promotoreek bortxaren diskurtsoa darabilte proiektuari oposizioa egiten dutenen kontra, baina Ariztegiren aburuz, «nekazariei lurrak lapurtu eta bailararen etorkizuna eta herritarren bizitza jokoan jartzea da benetako bortxa».
Halaber, berandu «baino lehen» espero dute berriz itzuliko direla makinariarekin eta uholde errepresibo hau mugimendua «deuseztatzeko» dela diote. «Bigarren guda bat egongo dela ziur gaude», nabarmendu du.
Gauzarik positiboena, kanpaldia hasi zenetik borrokara batu den jendea izan da Aintzane Ariztegiren esanetan. Azkenik, Nafarroako Gobernuari posizio garbia adierazteko eskatu dio, isiltasuna apurtzeko. «Orain arte estrategikotzat jo dute Aroztegia proiektua, baina gaur egungo egoeran zer pentsatzen duten jakin nahi dugu».