Live

Naiz Irratia

Eguraldiari fobia, sozializatzeko arazo eta ondorio psikologikoen iturburu

Fenomeno meteorologiko ezberdinak beldur eta fobien abiapuntu izan daitezke. Nerabetasunean hasi ohi da fobien garapena, eta ez badago hauei aurre egiterik, gorputzaren erreakzio naturala ihes egitea da. Iker Ibarluzea meteorologoak eguraldian oinarrituriko fobia ezberdinen berri eman digu.

Audio_placeholder

Eguraldiari fobia, sozializatzeko arazo eta ondorio psikologikoen iturburu

Loading player...
Ekaitz izugarria Gasteizen (Jaizki FONTANEDA | FOKU).
Ekaitz izugarria Gasteizen (Jaizki FONTANEDA | FOKU).

Iker Ibarluzea meteorologoak eguraldian oinarrituriko fobia ezberdinen berri eman digu NAIZ Irratian ostiral honetan. Fobia eta beldurra gauza bera ez dela nabarmendu du ezer baino lehenago. Beldurra gure burua arriskuan ikusten dugunean sortzen den erreakzio naturala izango genuke. Fobia, berriz, ezin da aurreikusi norberaren barneko izuetan oinarritzen delako. «Beldurretik haratago doazen sentsazioak dira», nabarmendu du Ibarluzeak.

Nerabetasunean garatzen hasten dira fobiak. Ehundaka fobia daude. Bakoitzak fobia bat edo bi garatzen ditu, normalean 15-16 urte sasoi horretan. Izerdi jarioa, dardarak, urduritasuna eta antzeko sintomak direla eta antzematen ohi dira fobia hauek. «Zerbaiti fobia badiogu automatikoki gure buruak defentsa moduan edo ihes egiteko joera hartzen du», dio Ibarluzeak.

Ekaitzak nagusi izan ditugu azkenaldian Euskal Herrian. Eta badira ekaitzarekin lotura dutenak. Horiei queraunofobia esaten zaie. «Fobia hau dutenak ekaitza datorrela ikusten dutenean etxe barruan sartzen dira, dena ixten dute, pertsianak eta guzti. Saiatzen dira ekaitz hori ahalik eta gutxien apreziatzen», azaldu du. Belarrietan musika jartzearena, adibidez, aukera bat izan ohi da. Ekaitza indartsua denean sortzen dira komeriak, nahiz eta musika jarrita izan, trumoitzar batek etxea dardarka jartzen duenean, ia ezinezkoa baita ekaitzetik isolatzea. Dena den, fobia duenak horri aurre egiteko mekanismo propioak sortzen ditu.

Mota ugari

Meteorologiarekin lotura duten fobien zerrenda luzea da. Izen bereziak dituzte eta ez da erraz izaten zertaz ari diren asmatzea. Lehen botean behintzat. Fotofobia da horietako bat, argiari fobia. «Ez da argi soilari, eguzkiak ematen duen argiari baizik», nabarmendu du Ibarluzeak. Heliofobiaren antzekoa da, hots, eguzkiari fobia. Euriari eta hodeiei diete fobia beste batzuek. Fobia desberdinak badira ere, defentsa mekanismoa antzekoa da: etxean sartzea babes bila.

Anemofobia haizeari fobia izatea da. Eosofobia, berriz, egunsentiari fobia. Eguna argitzen denean izugarrizko beldurra sentitzen dute pertsona hauek.

Hidrofobia urari fobia izatea da. Euri moduan izan daiteke. Belarrean edo kotxeetan ikusten den ihintza moduan ere izan daiteke. Errekan ura ikusten dutenean ere fobia sartzen zaie hori jasaten dutenei. Ura edonon egonda, gogorra izan ohi da fobia horri aurre egitea.

Nefofobiak hodeiak ditu ardatz. Hodei bakar batzuk ikusten dituztenean hasten da fobia. Hodeietatik «salbu» egon behar dute. Hauek ere etxean sartzea hartzen dute konponbide bezala. Erabat oskarbi dauden egunak oso gutxi izaten dira eta arazo larria bilakatu ahal da.

Onbrofobia euriari fobia da. Euskal Herrian toki euritsu ugari dago eta ez da leku aproposa hau pairatzen dutenentzat. Ibarluzeak azaldu duenez, badira fobiaren arabera bizitokiz aldatzen direnak eguraldiaren ikuspegitik toki erosoago baten bila. «Bi aukera dituzte. Edo egoera psikologo batekin tratatu edo mekanismo moduan ihes egin eta euri gutxiago egiten duen toki batera joan».

Sikrofobia hotzari fobia da. Logikoa denez, urte sasoi latzena negua da fobia hau pairatzen dutenentzat. Hemen ere aukerak bi dira: fobia tratatu edo eremu epelagoetara ihes egin.

Kionofobia elurrari fobia da. Gure artean errazagoa da honi aurre egitea, neguan ez baita elur askorik egoten.

Fobia eragiten duten fenomeno meteorologikoetatik ihes egiteko joerak ere ondorio larriak izan ditzake sozializatzeko garaian edo lanpostu baten ardurei aurre egiteko garaian.

Jaurlaritza Logoa